Antzerkiaren alde ikusezina

Idoia Garzesek eta Teresa Calok irabazi dute Cafe Bar Bilbao antzerki laburreko gidoi lehiaketa

Teresa Calo gidoigilea, Mikel Martinez Cafe Bar Bilbao tabernaren jabea eta Idoia Garzes gidoigilea. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Oihalak jaitsi baino lehen, argiak piztu gabe daudenean, aktoreak makilatzen hasi aitzin, oraindik atrezzoa pentsatu ere egin gabe dagoenean, kartelen diseinua amets ere ez denean, elkarrizketa bat imajinatu du gidoilariak bere etxeko bakardadean, eta bakardade hori da, hain zuzen ere, Cafe Bar Bilbao teatro laburreko gidoien sariak saritu nahi duena. «Gidoiak dira antzezlanetan, telebistan eta zineman gutxien ikusten den alderdia, baina baita garrantzitsuena dena ere». Mikel Martinez sariketaren antolatzaile eta aktoreak eman du azalpena, sariketaren XII. aldian. «Gidoiak argitaratzea zaila da, eszenaratzea ere zaila da, eta saritxo bat baldin badago, bultzada txiki bat da». Idoia Garzes kazetari eta idazlearen Buruaz norbere egin eta Teresa Calo antzerkigilearen La plancha o la vida testuak saritu ditu epaimahaiak. 1.200 euro jasoko ditu bakoitzak, eta Cafe Bar Bilbao tabernaren webgunean jarriko dituzte gidoiak.

«Drama puntu handia du antzezlanak». Lanean ari diren bi emakumeren arteko elkarrizketa da Garzesen lanaren oinarria, eta etengabea da suizidioaren itzala hasiera-hasieratik, idazlearen hitzetan. «Beste emakume bati buruz ari dira bi emakumeak. Batek koldarra deitzen du, hartu duen erabakia ezin dela hala hartu, eta halakoak. Badirudi suizidatu egin dela, eta hasten dira hausnartzen. Besteei emanda bizi direla ondorioztatzen dute, eta beraiek ere nazka-nazka eginda daudela». Azkenean, baietz erabakitzen dute,beraiek ere egin egingo dutela. Baina hor dator ikuslearen sorpresa. Hartzen duten erabakia ez da hasiera batean pentsa litekeena.

Kazetaria da ofizioz Garzes, baina idaztea beti izan du gustuko. «Niretzat idatzi nuen pieza hau, irabazi nahiz ez». Baina, pozik dago, noski, irabazi ostean. Dioenez, saiatuko da, gainera, antzezlana taularatzen.

Urrituz doazen sariak

Bikote perfektuaren arrakalak erakusten ditu Caloren piezak. Arropa lisatzen ari zela otu zitzaion gidoia, azaldu duenez, eta horri ere egiten dio erreferentzia lanaren izenburuak: La plancha o la vida. Familia perfektua hautatzeko telebista programa bateko hautaketa prozesuan dagoen bikote bat da antzezlaneko protagonista, eta, probak aurrera egin ahala, gero eta ageriago ikusiko da perfektutik gutxi dutela.

«Gidoigileentzako sari gutxi dago, eta desagertuz doaz, gainera». Pena azaldu du Martinezek horregatik, baina, zehaztu duenez, euskarazko 11 lan eta gaztelerazko 23 jaso dituzte 2014an, eta pozik dago datu horrekin. Izan ere, formatu txikiko lanak soilik saritzen dituzte, erraz muntatzekoak eta 30 minututik beherakoak. Gidoigileen bakardadea ekarri du berriz gogora Martinezek. «Zaila da. Kolektibo baten barruan ez bazaude, eta denen artean zerbaiti buruzko pieza bat egitea erabakitzen ez baduzue, oso zaila da antzerki gidoiak idaztea. Ezin da argitaratu. Jendeari irakurtzea kostatu egiten zaio. Antzerki taldeak ere, daudenak daude, eta kontu handiz aukeratzen dituzte urtean taularatuko duten obra parea. Aukera gutxi daude, eta errazagoa da idatzi gabe uztea. Hori da sariaren helburua: jendea animatzea».

6 Pabiloia aretoak martxan duen antzezlan laburren lehiaketa ere ekarri du gogora Martinezek. Hogei minutu baino gutxiagoko zenbait pieza eskainiko dituzte saioko, eta lanik onena sarituko dute. Baina ez da hori dena. Aktoreak azaldu duenez, hamabi urteotan Cafe Bar Bilbao saria jaso duen gidoiren bat ekoizteko proposamenik onenarentzako sari bat ere egongo da. Otsailaren 13a baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak. 6 Pabiloiaren webgunean daude zehaztapenak: pabellon6.org.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.