Antzerkiarekin konprometitua

Harold Pinter idazlea hil da, 2005eko Literaturako Nobel sariaren irabazlea

2008ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
«Gezurrez inguratuta bizi gara, eta guk gustura jaten ditugu gezur horiek». Horrela eskertu zuen Harold Pinter idazleak Literaturako Nobel saria 2005ean. Pinterren ahots kritikoa isilpean geratu da, Gabon gauean, minbiziaren kontra urteak eman ostean. Gibeleko gaitzak jota zendu da egile ezkertiarra, 78 urte zituela. Antonia Fraser emazteak eman du heriotzaren berri: «Antzerkigile handia izan da, eta ohore izugarria izan da elkarrekin 33 urte ematea. Inoiz ez dugu ahaztuko».

Antzerkigile, poeta, gidoilari, zuzendari eta aktorea zen Pinter, baina azkenaldian agerraldi publikoak baztertu behar izan zituen, osasun egoerak txarrera egin ahala. Sari ugari jaso zituen artistak bere ibilbidean. Azkena, Londresko Unibertsitateko Central School of Speech and Drama eskolako ohorezko doktore izendatu zutenean; ez zuen ekitaldian egoteko aukerarik izan. Hala ere, duela hiru urte Suediako Akademiak emandako Nobel saria izan zen Harold Pinter publiko zabalaren artean ezagutzera eman zuena.

Pinter Londresko Hackney auzunean jaio zen, 1930ean, klase ertaineko langileen artean, hain zuzen. Gaztetan bi urte eman zituen Royal Academy of Drama eskolan eta aktore gisa aritu zen, David Baron ezizenarekin, berak idatzitako The Room obran.

Geroago, poesiarako jauzia eman zuen, baina azkenean buru-belarri murgildu zen antzerkiaren munduan. Pinterrek absurdorako joera erakutsi zuen 50eko hamarkadaren bigarren erdialdean idazten hasi zenetik eta horren erakusle dira The Birthday Party, The Caretaker, The Homecoming eta Betrayal, bere obra ezagunenak. Era berean, zinemarako eta telebistarako gidoiak egin zituen, hala nola The Servant, Accident, The Go-Between eta The French Liutenant's Woman.

Beckett erreferentzien artean

Samuel Becketten lana erreferentziatzat hartu zuen Pinterrek. Honela azaldu zuen Alfonso Sastre idazleak, Pinterri buruzko lan batean: «Bigarren Mundu Gerraren ondorengo hamarkadetan, hiru joera berri nagusi agertu ziren antzerkiaren munduan: gerra, aurretik zegoen antzerkiaren berrikuntza dramatikoa proposatzen zuena (Ionesco, Beckett) eta antzerki epikoa (Brecht). Pinterren antzerkia aurreneko bi joeren arteko konpromisoa da. Nihilismoa eta ezkortasuna antzerki burgesaren esparrura eraman zituen. Ondorengo urteetan idatzitako lanetan, gai sozialak eta politikoak jorratu zituen, nazioarteko gaiak ere bai, ikuspegi kritikoarekin beti».

Konpromiso politikoak berebiziko garrantzia zeukan Pinterrentzat. Egileak gogor kritikatu zituen, besteak beste, Irakeko eta Afganistango gerrak. AEBetako presidente George W. Bushi eta Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairri «gerrako kriminal» izatea leporatu zien behin. Pinterrek agerian utzi zuen munduko herrialde boteretsueneko agintari politikoek sortarazten zioten mesfidantza: «AEBak gaizkile talde baten zuzendaritzapean daude».

Pinterrek giza eskubideen aldeko defentsari ekin zion. Hala, 2005ean antzerkia utzi eta ibilbide politikoari hasiera ematea erabaki zuen. Orduz geroztik, Respect alderdi ezkertiarraren aldeko kanpaina egin zuen. The Guardian eta The Independent egunkarietako ohiko zutabegilea zen, errepresioaren eta torturaren aurkako testuen egilea maiz askotan.

Antzerkigilearen izaera kritikoaren isla da 2002an, Elizabeth II.ak, Ingalaterrako erreginak, emandako sir tituluari uko egin izana. Haren ordez, Companion of Hour izendapena onartu zuen urte berean.



Pinterren bost antzerki lan daude euskaratuta, liburu bakarrean

Duela hiru urte, Harold Pinterrek Literaturako Nobel saria irabazi zuenean, ez zegoen artean haren libururik euskaraz. Gerora, AEDk eta Elkar argitaletxeak lagundu dute hutsune hori betetzen, Jokin Zaitegi itzulpen bekaren bidez Literaturako Nobel saridunaren obra bat argitaratzen baita beti, euskaratuta. Harold Pinterren kasuan, Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk bilduma kaleratu zen, 2006an, Iñigo Errastik euskaratua. The Lover, Old Times, A Kind of Alaska, Mountain Language eta Party Time obren itzulpenak jasotzen ditu liburuak.

Pinterren The Loveroholtzan euskaraz emana zegoen , hala ere, lehenagotik. Maiken Beitiaeta Joxean Bengoetxea aktoreek estreinatu zuten Maitalea antzerki lana, 2002ko abenduan, Iruñean, Trentaitantos konpainiaren eskutik, Emilia Ekaik zuzendua. Patxo Telleria aktoreak egin zuen antzezpen hartarako itzulpen lana, baina itzulpen hura obra antzezteko baino ez zuten baliatu.





Liburu nagusiak

ANTZERKI LANAK

'The Room' (1953)

'The Birthday Party' (1958)

'The Dumb Waiter' (1959)

'The Caretaker' (1960)

'The Lover' (1963)

'The Homecoming' (1965)

'No man's land' (1975)

'Old Times' (1971)

'Betrayal' (1978)

'A Kind of Alaska' (1982)

'One for the Road' (1984)

'Mountain Language' (1988)

'Party Time' (1991)

'Moonlight' (1993)

'Ashes to ashes' (1996)

'Celebration' (2000)

ZINEMA GIDOIAK

'The Servant' (1963, Joseph Loseyk zuzendua)

'Accident' (1967, Joseph Loseykzuzendua)

'The Go-Between' (1970, Joseph Loseyk zuzendua)

'The French Lieutenant's Woman' (1981, Karel Reiszek zuzendua)

BESTELAKOAK

'Collected Poems and Prose' (1986)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.