Antzerkiak hartuko du Azpeitia lau astez

Azaroaren lehenarekin hasiko dira 35. Antzerki Topaketak udalerrian, eta euskarazko hamaika antzezlan izango dira. Metrokoadroka eta EHAZEren eskutik, tailer bat izango da Antzerki Eskolen V. Egunean

Topaketen antolatzaileak eta parte hartzaileak, atzo, Azpeitian. AINITZE AGIRREZABALA / UZTARRIA.
Ainhoa Sarasola.
2017ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Askotariko antzezlanak ikusteko aukera izango da heldu den astetik aurrera Azpeitian (Gipuzkoa).Azaroaren lehenean hasi eta hilaren 26ra bitarte, 35. Antzerki Topaketak egingo dituzte udalerrian. Lau astez, euskarazko hamaika antzezlan ikusteko aukera izango da. Soreasu antzokian taularatuko dituzte gehienak, baina izango da zer ikusia kalean eta gaztetxean ere.

Antzerki Eskolen V. Egunarekin ekingo diete topaketei. EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkarteak antolatuta, antzerki-ikerkuntza tailerra egingo du Metrokoadroka Sormen Laborategiak goizean, plazan. Antzokitik At taldeak, berriz, Pertsonaien iraultza antzezlana erakutsiko du leku berean. Bi egun geroago, hilaren 3an, taula gainera igoko dira Metrokoadrokako eta Pez Limboko kideak, Miss Karaoke antzezlanarekin. Hilaren 4an, berriz, Ez dok hiru taularatuko du Tartean Teatroak, eta, hilaren 5ean, Mendi Tontorrean Txalo konpainiak.

Hurrengo astean, Anodino Teatroak hartuko du lekukoa, Erbeste edo saihets baten aldarrikapenak obrarekin; hilaren 9an izango da emanaldia, udaletxeko ganbaran. Beste lau antzezlan ere ikusi ahal izango dira aste berean: hilaren 10ean, Rouge Elea taldearen Hau da nire ametsen kolorea; hilaren 11n, Txalo konpainiaren Etxeko saltsak; eta hilaren 12an, Theatre des Chimeresen Azken itzulia nahiz Pantzart Teatroaren Plisti plasta haurrentzako lana.

Eskoletarako eta gaztetxoentzako emanaldiak izango dira topaketen hirugarren astean; hilaren 13, 14, 15 eta 16an, egunero izango dira saioak, goizez eta bazkalostean. Horiez gain, aste berean, beste hiru antzezlan erakutsiko dituzte: Heriotza bikoitza (Doble Malta), Jon Ander Alonsoren eskutik, hilaren 17an; Hysteria, Eromen Produkzioak-en eskutik, hilaren 18an; eta Lunaticus Circus, Teatro Paraisoren eskutik, hilaren 18an.

Topaketen azken asterako, ziklo berezia antolatu dute gaztetxean. Hozkailua erakutsiko du han Huts Teatroak, hilaren 23an, eta Bihotz salataria Atx Teatroak, hurrengo egunean.

Lau asteko egitarauari amaiera emateko azken ekitaldia hilaren 26an egingo dute. Aukeran dantza konpainiaren Maurizia ikuskizuna ikusteko aukera izango da arratsaldean, Soreasu antzokian.

Topaketen lehen egunetik eta hilaren 17ra bitarte, gainera, Corrado Massaciren Txotxongiloen ametsak erakusketa egongo da ikusgai, eta txotxongilo tailerrak ere izango dira.

Sarrerak aurrez erosteko aukera dago, azpeitia.eus atarian. Bestela, Soreasu antzokian erosteko, saioa hasi baino ordubete lehenago irekiko dute leihatila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.