Bi urte bete ditu Gasteizko Artgia sorkuntza guneak, eta urtemuga «berezia» ospatzeko egitarau zabala osatu dute aretoko kideek. Zehazki, hiru emakume sortzaile, hiru sorkuntza adierazpide eta hiru ikuskizun izango dira egitarauaren ardatzak, antzerki laburrak, zuzeneko musika eta pintura erakusketa bat izango baitira hil honetan, Belen Nevado, MICE eta Alba Tojoren eskutik, hurrenez hurren. Ekainaren 17an hasita, bi astez egingo dituzte ekitaldiak kulturgunean.
Tojoren Beste begirada bat izeneko erakusketak zabalduko duospakizunen programazioa, datorren astelehenean. Ikusgai jarriko dituen pieza gehienak pinturaren, grabatuaren eta collagearen arteko teknikak uztartuta egindako erretratuak dira, «figuratiboaren eta ez-figuratiboaren arteko mugan» dauden irudiak, hain zuzen. Ohiko teknikak zein berritzaileak nahasten ditu artistak, eta esperimentazioa du ardatz bere lanetan. Bere bakarkako aurreneko erakusketa izango da, eta ekainaren 27ra arte egongo da ikusgai kulturgunean.
Belen Nevadok hartuko du haren lekukoa jarraian: Altxa eta zutik egin txiza obra eskainiko du antzerkigileak. Emakumeei zuzendutako umorezko pieza laburra da, eta, artistak azaldu duenez, behar fisiologikoa zutik egiteak «duintasuna» ematen diela konbentzitu nahi ditu obraren bitartez. «Etxean egindako gailu bat erabiliz komun bertikalak okupatzera animatu nahi ditut, orain arte jarrera maskulinoekin lotu izan ditugun ideiekin apurtzeko». Ekainaren 18tik 23ra bitarte, bi emanaldi eskainiko ditu egunero: 20:30ean eta 21:30ean.
Zuzeneko musika, bestalde, MICEk jarriko du, Miren Narbaizak —Napoka Iria, Perlak, Joseba B. Lenoir, Dual Split— bakarkako saioa emango baitu ekainaren 18an, 20:00etan. Bi urte izango dira aurki bakarkako bidearen aldeko apustua egin, eta izen bereko diskoa argitaratu zuela. Musikari talde baten laguntza izan du zuzenekoetan orain artean, baina «bide berriei» ekin nahi die aurrerantzean. Gitarra eta ahotsa lagun, soinu berriak bilatu nahi ditu Narbaizak. Horretarako baliatuko du, hain zuzen, Artgian emango duen kontzertua: «Beste sormen momentu batean nago orain, eta ederra izango da horrelako sormen espazio bizi batean esku artean dauzkadan ideiak garatzen joatea. Gune aproposa da». Hala, lehen diskoko kantuak emateko ez ezik, «gauza berriak inprobisatzeko eta probatzeko» ere baliatuko du kontzertua.
«Etengabeko eraikuntzan»
Judimendi auzoko aretoa, sorkuntza artistikorako espazio berri bat izateaz gain, askotariko adin, diziplina eta ibilbideak dituzten artisten lanak jendaurrean erakusteko gune ere bilakatu da, baita hainbat kultur eragileren arteko «sinergiak sortzeko» topagune ere. Irantzu Lekue artista eta proiektuaren zuzendariak azaldu du, halere, «etengabeko eraikuntzan» dagoen espazioa dela.
Arabako eta Gasteizko kulturgintzan eragiten jarraitu nahi du aurrerantzean ere. «Katalizatzaile bat izatea nahi dugu; sortzeko baldintzak eta esperimentazioa sustatzea ditugu helburu». Hain zuzen, lanak aurkezteko bigarren deialdi irekia egin berri dute. Aurki aukeratuko dituzte aurkeztutako 30 proiektuetatik zeintzuk erakutsiko dituzten aretoan.
Antzerkia, musika eta erakusketa bat, Artgiaren bigarren urteurrenerako
Alba Tojo, MICE eta Belen Nevado izango dira ospakizun egitarauaren ardatzak. Ekainaren 17an hasita, bi astez izango dira ekitaldiak aretoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu