Abiaburu bat edo «zizka-mizka historikoa». Hala definitu du Amaia Alvarez-Uriak Ehaze Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak argitaratutako Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz liburua. Historia liburua bainoago ahalegin historiko bat dela dio, eta zergatia ere azaldu du jarraian: «Azken ehun urteetako antzerkigintzaren historia jasotzen du lanak, baina ezin dugu egitasmoa historia liburu gisa aurkeztu, hutsune asko baititu». Antzerkiari buruzko sei ikerlan kronologikoki kokatu, eta sektorearen erradiografia egiten duten hitzaurrea eta bukaerako atala gehituz ondu dute saiakera. Alvarez-Uriak koordinatu du lana. «Oro har, oso gutxi aztertu da euskarazko antzerkia. Are, egin diren ikerlanetatik oso gutxi argitaratu dira, eta are gutxiago irakurleengana iritsi. Euskal antzerkia ikertu dugunon lanen bilketa bat da osatu duguna, eta horregatik diot gauza asko falta direla».
Kafe baten bueltan hartu zuen forma proiektuak, duela bi urte eta erdi, euskal antzerkiari buruzko ikerketa egin duten hainbat lagun bildu zirenean. «Gutxi garenean, elkartzeko joera naturala izan ohi dugu, lan horretan bakarrik ez gaudela sentitzeko». Zortzi lagun bildu ziren, orotara: Patri Urkizu, Idoia Geren?u, Ixabel Etxeberria, Karlos del Olmo, Arantzazu Fernandez, Agus Perez, Jaime Valverde eta Alvarez-Uria bera. «Elkar ezagutzea izan zen lehen urratsa, eta elkarrekin zerbait egitea pentsatu genuen gerora». Eginda zeuzkaten ikerlan eta azterketa horiek guztiak egitasmo bakarrean bildu, egokitu, eta saiakera osatzen hasi ziren orduan. «Ehaze elkartea oso gertu izan dugu prozesu osoan».
Egile adina atal ditu bildumak. Urkizuk idatzi ditu sarrerako hitzak, eta, besteak beste, euskal antzerkigintzaren ikerketak dituen hutsuneei buruzko hausnarketa egin duela azaldu du Alvarez-Uriak. Uste baino urriagoa da gaiari buruzko ikerketa uzta. «Antzerkiaz ari gara, periferikoa den arte batez, eta euskaraz egindakoaz, gainera». Galdera jaurti du ondoren. «Zeinek ikertzen du antzerkia? Eta, areago, zeinek egiten du euskaraz? Bazterrekoak izateko aukera handia dugu». Bazterrekoak biltzea erabaki zuten horregatik. «Hasiera bat da saiakera». Jarraipena izan dezan espero dutela aitortu du koordinatzaileak. «Horregatik bildu gara, elkar ezagutu eta ikerkuntzan jarraitu nahi dugulako. Euskal antzerkigintza ikertzeko interesa duen oro animatu nahi dugu, bide hau har dezan».
Ikerkuntzarako aro egokia da oraingoa, Alvarez-Uriaren hitzetan. «Loraldi bat dago, mende aldaketarekin batera etorri dena, eta ildo horretan badago zer ikertu». Hain zuzen, ertz horiek guztiak ere landu ditu Urkizuk hitzaurrean.
Alvarez-Uriak xehe-xehe aletu ditu saiakeraren atalak. «XX. mendearen hasierarekin abiatu dugu lana». Bi antzerkigileri buruzko ikerlanekin murgildu dira XX. mendean: koordinatzaileak Katalina Eleizegiren argazkiak idatzi du, eta Etxebarriak, berriz, Piarres Larzabalen obra (1951-1982) euskal identitatearen paradigmak.
Euskal antzerkigintzaren ikurrak dira biak ala biak: 120 antzezlan idatzi zituen Larzabalek, eta euskal antzerki modernoaren «amatzat» hartu izan da Eleizegi. Hainbat antzezlan idatzi zituen; eta, guztien artean, 1917an sortutako Garbiñe obra da sonatuena.
1936ko gerraren ingurumaria aztertu du Gereñuk ondoren, XX. mendeko hiru aro esanguratsu atalean. «Gerra aurrean, gerra bitarteko aldian eta gerraostean ondutako testuak aztertu ditu Idoiak [Gereñuk] bere atalean, eta Jarrai antzerki taldeari buruzkoak ere azaldu ditu». 1959an sortu zen Jarrai antzerki taldea, Donostian, eta 1936ko gerraosteko pizkundearen protagonistetako bat izan zen, Bizkaiko hiriburuko Kriseilu taldearekin batera.
Karlos Del Olmok Gabriel Aresti izan du hizpide Aresti, euskal antzerki garaikidearen harroina kapituluan. Ezezaguna den Aresti bat aurkeztu du, Alvarez-Uriaren esanetan. «Poeta ezaguna dugu, baina antzerkia ere idatzi zuen, eta ekarpena egin zuen, gainera».
Arantzazu Fernandezek mende bukaeran jarri du begirada 70. hamarkadako belaunaldia: Errautsak (2010). Antzerkigintzaren norabide aldaketa artikuluan. «1980ko hamarkadan su txikian egosten hasi ziren hainbat egitasmo eta antzerki talde izan ditu ardatz, Euskal Herri osoan esperimentazioan eta berrikuntzan euskaraz jardun zirenak». Talde horiek ekarritako aldaketak aztertu ditu Fernandezek. Mugarri izan zirela dio Alvarez-Uriak. «XXI. mendearekin batera, mugaz gaindiko elkarlanean hasi ziren antzerki taldeak».
Aro berria antzerkigintzan
Le Petit Theatre de Pain, Artedrama eta Dejabu antzerki konpainiek sortu zuten, zehazki, Errautsak antzezlana, eta, Bernardo Atxagak 1974an Anaitasuna aldizkarian publikatu zuen Euskal Theatro Berriaren bila artikuluan «Euskal Teatro Nazionalak» izan beharko lituzkeen ezaugarriak bete zituela dio Fernandezek bere kapituluan, hiru konpainiak bildu eta Euskal Herri osorako pieza bat ondu baitzuten. Formula bera erabili zuten, 2016an, Frankoren bilobari gutuna-rekin. 14.000 lagunek baino gehiagok ikusi zuten.
Agus Perez BERRIAko antzerki kritikariak gaur egungo egoera aztertu du Hamaika puntu kardinalak izenburua duen atalean. «Gaur egungo panorama deskribatzeko saio interesgarria egin du. Iparraldeaz, hegoaldeaz, mendebaldeaz eta ekialdeaz gain bestelako puntu kardinal batzuk badaudela azaldu du atalean, 11ra iristeraino. Argazki panoramiko polita eta osatua egin du». Jaime Valverde arte kritikariak egin du saiakeraren azken gogoeta: Memoriaren elkarlana.
Unibertsitate eremuko azterlanak zabaltzea zuen helburu lanak, eta emaitzarekin pozik daudela aitortu du Alvarez-Uriak. «Lan honen helburuetako bat bada zubi lana egitea eta akademian egiten den lanaren berri ematea. Ehazek argitaratu izana oso garrantzitsua izan da horregatik».
Antzerkia kontatzeko saioa
Euskal antzerkigintzari buruzko zenbait ikerketa bildu, eta ehun urteko bilakaera jasotzen duen saiakera bat argitaratu du Ehaze elkarteak: 'Ekin eta joka. Azken ikerketak euskal teatroaz'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu