Antzerkia

Antzerkia aurrera, indar eraldatzailez

Muntaketa konbentzionalek indarrez jarraitu arren, aurten ugaritu egin dira indar eraldatzailez hornitutako sorkuntzak. Estreinaldien kopurua iazko mailan geratu da, baina lantalde txikiak izan dituzte maiz. Patri Urkizuren heriotzak ilundu du urtea.

Axut! kolektiboaren 'Lurrez Estali' antzerkiaren errepikako irudi bat, Latsaga Gazteluan, Izuran. GUILLAUME FAUVEAU
Axut kolektiboaren 'Lurrez estali' antzerkiaren errepika bat, Latsaga Gazteluan, Izuran. GUILLAUME FAUVEAU
Agus Perez.
2025eko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Joan den urtearen errepasoa egiten hasita, datu nabarmen bat agertzen zaigu euskarazko estreinaldien kopuruan. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) kudeatzen duen datu-basearen arabera —ganbila.eus atarian kontsultagai—, 77 estreinaldi izan ziren denera, antzerki mota guztiak kontuan izanda. Horrek esan nahi du aurreko urtearen kopuru berean geratu dela iazkoa, beharbada sektorearen nolabaiteko egonkortzearen erakusgarri. Hala ere, oso kontuan hartzekoa da gutxienez lan horietako berrogeitan antzezle bakarrak, bik edo, gehien jota, hiruk jardun zutela, hori izan daitekeelako egoera ekonomiko pobretuaren adierazle nagusia.

Mendebaldetik ekialderaino

Arteari, oro har, gaitasun eraldatzailea aitortzen zaio era batean edo bestean, eta antzerkiak luzaroan eduki du fama hori, dela hitzen balioagatik, dela irudien indarragatik, dela bere inguruko gizartean eragiten duenagatik.

Alde horretatik, Euskal Herriko bi muturretaraino doaz gure oroitzapenak iazko arte eszenikoen alorrean. Mendebaldean hasiko gara, Laudion (Araba) dagoelako Aiaraldea Ekintzen Faktoria —gune aurreratua elkarreragin sozialean eta bilaketa artistikoan— eta han sortu zuelako Detroiteko (AEB) Shua Groupek Erritualak espazioan izeneko performancea, inguruko lau artista eszenikorekin eta Mikel Laboaren Lekeitio-en sonoritatean ikertuz. Orain ekialderaino joanda, Axut! kolektiboaren Lurrez estali izan da iazko gertakizun nagusia: Izurako Latsaga jauregian bost asteburutan jokatu ziren emanaldietan herri-antzerkia molde garaikidean gauzatu zen Ximun Fuchs eta enparauen gidaritzapean, eta inguruko laborariak, elementu ez artifizialak eta Euskal Herriko antzezleak emaitzaren parte izan ziren.

Detroiteko Shua Group taldeko kideak, Aiaraldean. AGUS PEREZ
Detroiteko Shua Group taldeko kideak, Aiaraldean. AGUS PEREZ

Baina, horren ostean, Axut!-eko kideak ez ziren geldirik egon, eta Bidasoa mintzatuko balitz performance eredugarria gauzatu zuten irailean, ibaiaren inguruan denboran zehar izandako migrazioak gogoratuz, parte-hartzaileak autobusetan eta begiak estalita garraiatuz eta Hendaian, Urruñan eta Biriatun (Lapurdi) geldialdiak eginez.

Eta migrazioen auziarekin jarraituz, iazko eta aurtengo beste gertakizun nagusia izan da Miñan antzezlana. Amets Arzallusen testuarekin Artedrama plataformak ekoiztu duen obrak ginear batek Europara ailegatzeko odisea azaltzen du Ibrahima Baldek, eta sorkuntzan aipatzekoak dira Timberlake Wertenbaker ingeles euskaldundua moldaketan, Ander Lipus zuzendari eta antzezle, Philippe Ducou koreografian eta zuzendari laguntzaile legez, Manex Fuchs aktore-zuzendaritzan eta Aitor Agiriano musikan. Antzezlana ez da mendebaldean edo ekialdean bakarrik geratu(ko), Euskal Herri osoko ikusle eta ikasleak hurbiltzen ari direlako emanaldietara, migrazioaren errealitate gordina bere horretan ezagutu nahian.

Hala ere, ezin dugu utzi ibilbide erdi geografiko hau Autokarabanie aipatu gabe: Ander Lipusek zuzentzen duen Abarka taldeak antzeztu zuen Markina-Xemeingo ibairik gabeko zubi baten azpian —metafora ona, zinez—, herriko gertakizunak aipatuz, gure portaera sozialak parodiatuz eta herri-antzerkia maila eredugarrira igoaraziz.

Bertoko harribitxiak eta kanpotar batzuk

Luzea da antzerkiarekin berradiskidetu gintuzten harribitxien zerrenda, eta desordena kronologikoan hauek aipatuko ditugu: Zarauzko Literaturia jardunaldietan izandako (B)egira! (Kamikaz kolektiboa eta Ttak! teatroa), Arrigorriagako Lonbo aretoan estreinatu zen Marmarra (Atx teatroa), Bilboko Lautan hiru festibalean jokatu zen Putaren bakarrizketa eroetxean (Laura Penagos), Iparraldean sortutako Ihesi (Iduzkilore) eta Gure Xaharrak (Bonbon beltz), eta Araban sortutako Dada ü lala (Les Bobe-bobe), Arma, tiro, pum (Aitor Vinagret) —biak ala biak Loraldia jaialdian—, Hau gerra bat da (Piszifaktoria) eta La descarada (Ane Gebara) —euskara hutsez, izenburua gorabehera—. Eta, zelan ez, Jon Ander Urresti bermeotarraren Eukalyptus, Zestoan izandako Sorginen baratza (Amancay Gaztañaga zuzendari), Metrokoadrokaren Artxibo biluzia, amaHiru konpainiaren Duzhe gaizki (Joserra Fachadok zuzendua) eta Gilkitxarok Lemoan estreinatu zuen Identitarteak, Lutxo Egiaren testuarekin.

Sambou Diaby antzerkilaria, Ibrahima Balderen rolan, ´Miñan´antzezlanean. BERRIA
Sambou Diaby antzerkilaria, Ibrahima Balderen rolean, Miñan antzezlanean. BERRIA

Dena den, antzerkia ez da amaitzen euskarazko lanekin, eta iaz Euskal Herritik kanpoko ekoizpen hauek izan ziren nabarmenak: Barrio caleidoscopio (Carlos Gallegos ekuadortarra), Vania x Vania (Madrilgo Teatro Kamikaze), Villa (Txileko Teatro a mil), Carmina Burana (Kataluniako La Fura dels Baus), Helen Keller, a muller marabilla? (Galiziako Chevere), Los días afuera (Argentinako Lola Arias) eta Tan solo el fin del mundo (Madrilgo Teatro Kamikaze eta Teatro Español, Eneko Sagardoi protagonista).

Azkenik, ezin bazterrean utzi 2024ko bukaeran izan dela Beskoitzen Inexa de Gaxen pastoral garaikidearen amaiera-emanaldia Itxaro Bordaren testuarekin eta Saretako bizilagunek jokatua. Saturraran opera ere estreinatu zen Bilboko Arriagan Juan Carlos Perezen musikarekin eta Kirmen Uriberen libretoarekin. Eta antzoki berean egon zen Henry Purcellen King Arthur kontzertu eszenifikatua Vox Luminis belgikar abesbatza umoretsuarekin eta Miren Gaztañagarekin narratzaile izan zela.

Dantzaren alorrean Ertza konpainiaren hogei urteak ospatu dira abenduan, Viktoria Eugenia antzokian izandako gala batean. Betiere Donostian, DFerian ikusi genuen Igor Calongeren Née solo harrigarria, bere ibilbidearen puntu gorena adierazi ziguna, eta Elirale konpainiak Fuga! lan poetikoa aurkeztu zuen Bilbon, Oihan Indarten presentzia finarekin besteak beste. Kanpotik etorritako dantza lanen artean hiru gogoratuko ditugu: Donostiako Musika Hamabostaldian izandako Folia (Frantziako Käfig konpainia), La mégère apprivoisée Miarritzeko Dantza Maitaldian (Monte-Carloko Balletak) eta Carolyn Carlsonen The Tree Iruñeko Baluarten.

Argitalpenei begira, Ganbila bildumak (EHAZE eta Susa) lau antzerki liburu plazaratu zituen iaz: udaberriko labealdian Mikel Ayllonen (Piszifaktoria Ideien Laborategia) Hau ez da gerra bat eta Pablo Barrioren 2074, eta Durangoko egunetan Lutxo Egiaren Guardasol gorria eta Ximun Fuchsen (Axut! kolektiboa) Lurrez estali.

Izen pare bat gogoan

Oso motibo desberdinengatik, baina ezin dugu errepaso hau itxi izen pare bat aipatu gabe. Alde batetik, abenduan hartu du erretiroa Joserra Fachado Donostiako Zurriola ikastolako irakasle eta antzerkilari nekaezinak. Zurriola Antzerki Eskolak duela gutxi plazaratu du Bernarda clownaren etxea Gazteszena aretoan, eta leku berean izango da haien beste estreinaldi bat urtarrilean. Beraz, irakaskuntzatik bai, baina espero dugu antzerkiaren pozoiak luzaro irautea umore erostezineko militante honen zainetan.

Eta Patri Urkizuren heriotzarekin zarratu beharko dugu kronika. Bagenekien gaixo zebilela aspalditik, baina denok espero genuen zertxobait gehiago irautea, behintzat berak bukatuta ikus zezan bere Antzerkiaren Historia Unibertsala, azken hilabeteotan bere lagun eta kolaboratzaileok editore lanetan ibili ostean. Horren harira, Arantzazu Fernandezek idatzitakoa parafraseatuko dugu orain: «Zenbat testu geratuko dira artxiboetan Urkizu bezalako bilatzaile baten esperoan? Norekin bilduko gara Erriberriko jaialdian eta Uxueko jatetxe hartan?». Haren erudizio entziklopedikoa jasota geratu da bere web-orrian eta liburuetan, haren irribarre lagunkoia gure bihotzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.