Pio Ortiz de Pinedo. Eskenako lehendakaria

«Antzerki taldeek galdu egin dugu gizartearen aldetik genuen babesa»

Sektoreko enpresak biltzen ditu Eskenak, eta ekitaldi bat egingo du asteazkenean, 15. urtemuga ospatzeko. Udaberrian, Produkzio Eszeniko Profesionalen Zentroa inauguratuko du Bilbon.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Arte eszenikoen sektoreko 24 konpainia biltzen ditu Eskena elkarteak. Hasierako urratsak Zornotzan (Bizkaia) egin ditu, antzokian aurrena eta Zelaietan ondoren. Hamabost urte bete ditu aurten. Eta ekitaldi bat egingo du heldu den asteazkenean Zelaieta kulturgunean, bidea egiten lagundu dietenei eskerrak emateko besteak beste. Bilbora aldatuko da elkartea aurki. Produkzio Eszeniko Profesionalen Berrikuntza Zentroa abian jarriko du Otxarkoagan, udalarekin hartarako itun bat izenpetu ostean.

Pio Ortiz de Pinedok (Bilbo, 1967) azaldu du arte eszenikoetako profesionalek sorkuntza prozesuaren hasieratik estreinaldira arteko bidean beharrezkoa den laguntza jaso ahal izango dutela zentro hartan. Aholkularitza zerbitzua emango dute, obren kalitatea eta artisten lan baldintza egokiak bermatze aldera. Halaber, enpresa gisa finkatu nahi duten taldeei laguntza eskainiko diete, Bilbo inguruan harrobi sendoa sortzeko asmoz.

Eskena elkartearen egoera hamabost urteren ondoren «nabarmen hobetu» dela dio Ortiz de Pinedok. Haatik, berau osatzen duten konpainiak krisiak harrapatu ditu bete-betean.

Inor gutxi libro da krisiaren eraginez.

Ezin gaitezke beti kexaka ibili. Edozein familiari bezala eragin digu. Sektore batzuetan, beharbada, duela urte bi igarri zuten gehiago. Kolperik latzena orain eman digu guri. Instituzio publikoen mende dagoen sektore bat da gurea, eta aurrekontuak orain beheratu dituzte inoizko gehien. Gure bezeroak, hau da, gure antzerkia erosten dutenak instituzio publikoak dira, udalak eta abar. Eta ziurrenik ondorengo urteak ez dira hobeak izango. Beste finantzabide batzuk lortzeko lanean gabiltza, sektore publikoaren horren mende ez egoteko.

Arrastorik ba al duzue finantzabide horiek zeintzuk izan daitezkeen?

Enpresen arteko elkarlana bideetako bat izan daiteke, bitartekoak partekatu eta kostuak txikitze aldera. Elkartean ere noranzko horretan ari gara lanean, zerbitzu batzuk denen artean erabiliz kostuak merkatzeko. Horretaz gain, kulturaren sektorean eragina izango duten neurri fiskalak ezartzeko aukera aztertzeko proposatu dugu. Zerbitzu publikoa den heinean, zerga sistema hobetzea proposatzen dugu, kontratatzen gaituztenek hartarako baldintza hobeak izan ditzaten. Aspaldiko eskakizuna da, eta horri erantzuten dio Mezenasgo eta Babesari Buruzko Lege proposamenak. Sektore pribatuan eragina izango luke. Enpresek zerga abantailak izango lituzkete, mozkinak kulturan inbertituz gero. Eta, horrela, sektore publikotik aparteko beste finantzabide batzuk lortzeko erraztasunak izango lituzkete antzerki taldeek. Beste sektore batzuetan, hala nola arte plastikoetan eta kirolean, tankerako neurriak daude indarrean.

Mezenasgo eta Babesari Buruzko Lege proposamena Jaurlaritzaren Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren (KAHK) zirriborroan jasota dago, ezta?

Bazegoen zirriborroaren ataletako batean, eta gure sektoreak eginiko ekarpenetako batean ere jasota zegoen.

KAHKen arte eszenikoen atalean jasotako neurriak egokiak eta nahiko dira sektorea suspertzeko?

Batzuk interesgarriak dira, baina ez dira berriak; lehengo planean ere jasota zeuden. Beste batzuk eztabaida daitezke. Hutsuneak ikusi, eta proposamenak egin ditugu. Esaterako, publikoen auziak berebiziko garrantzia du guretzat. Ez dugu nahi jendea antzokira joatea bakarrik, baizik eta prozesu eszeniko osoan parte hartzea, hezkuntzatik bertatik hasita, antzerkia naturalki bizi eta goza dezan. Antzerkiarekin bat egingo duen publikoa lortuko dugu horrela, eta horrekin batera etorriko da antzerkiaren normalizazioa.

Umeentzako antzerkiak helduentzat egiten denak baino emaitza hobeak ditu. Zergatik?

Ume eta gaztetxoen antzerkian, lan bat egiten ari da, baina ez da nahiko. Antzerki taldeek ez dugu jakin inguruarekin harreman eraginkor bat izaten, eta ziurrenik galdu egin dugu garai batean gizartearen partetik eduki genezakeen nolabaiteko atxikimendu edo babesa. Lan handia egin behar dugu hor. Udaletako kultura teknikarien ardura ere bada: artista eta publikoa harremanetan jartzeko eginkizuna dute. Egun jakin batean antzokira obra jakin bat ikustera joatetik haratagoko harremana sortzeko lan egin behar dute. Horretarako, konpainien eta instituzioen arteko harremana zaindu behar dugu; elkarren beharra dugu. Produkzioaren gehiena —dena ez esateagatik— sektore pribatuaren esku dago; ordea, produkzio hori zabaltzeko eta erakusteko banaketa katea sektore publikoaren esku dago. Guk ez dugu kontrolatzen banaketa kate hori. Hortaz, obrak ekoizten ditugu, baina gero ez daukagu obra horiek erakusteko toki bat ziurtaturik, ez bada sare publikoan. Gure sektorea modu horretara egituratuta egoteak izugarri baldintzatzen du gure jarduna. Eskuak lotzen dizkigu.

Sektore publikoarekiko morrontza are handiagoa da euskaraz lan egiten duten taldeen kasuan. Oso zenbaki txarrak laga omen dizkie joan den urteak…

Oso konpainia gutxik lan egiten dute euskaraz bakarrik. Batzuei ez zaie horren txarto joan aurreko urtean, ondo erantzuten duten ikuskizunak izan baitituzte. Eta beste batzuek arazoak izan dituzte. Euskarazko antzerkiaren eta publikoaren arteko harremana are ahulagoa da. Jaurlaritzari horren berri eman diogu, jabetu dadin arreta eta esfortzu handiagoa behar dituela euskarazko antzerkiak. Herriaren arabera, egoera zaila da. Hirietan helduentzako euskarazko antzerkiak ez du publiko handirik. Haurren antzerkiarekin bestela gertatzen da. Egoera onean da, eta ekoizten den ia dena euskarazkoa da. Helduen antzerkiak traba ugari ditu, eta konpainiek gaztelaniazko bertsioak egin behar dituzte, bestelako gune eta publikoetara iritsi nahi badute.

KAHKen Jaurlaritzak ez du jaso euskarazko sorkuntza bereziki sustatzeko xedea. Kulturaren Euskal Kontseiluko kide zaren aldetik, zein iritzi duzu?

Ez nator bat planteamendu horrekin. Euskara herri honetako kulturaren transmisiorako tresna ezinbestekotzat aintzat hartuko duten politikak sustatzeko eskatu diogu Jaurlaritzari. Horretaz gain, euskarazko antzerkia erakusteko politika zehatzak abian jartzeko ere proposatu dugu. Gaur egun ez du zentzurik antzerkia ekoizteko laguntzez hitz egitea soilik. Kate osoa bere baitan hartuko duen ikuspegi integral batetik abiatu behar dugu, ziurtatzeko euskarazko lanek gutxieneko zabalpen bat izango dutela. Bestela, alferrik ari gara lanean.

Espainierazkoaren aldean euskarazko sorkuntza lehenesteko eskaera eragile batek baino gehiagok egin diozue Jaurlaritzari. Uste duzu kontuan izango duela?

Hilaren 14an dugu Kulturaren Euskal Kontseiluaren hurrengo bilera, eta orduan ikusiko dugu zer gertatzen den, nola jasotzen dituzten guk eta beste askok eginiko ekarpenak eta zein segida ematen dioten hasitako prozesu horri. Kontseiluaren lehen bileran Jaurlaritzak esan zuen lan honek balioko zuela denen artean Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren azken dokumentua idazteko, eta horrela izatea espero dut. Eztabaida egongo dela badakit, eta ekarpen guztiak ez direla beharbada bere hartan jasoko, baina gehientsuenak kontuan hartuko dituztela pentsatzen dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.