Antzerki garaikidea, formatu txikian eta kalean

Poltsiko Antzerki Jaialdia egingo dute Donostian, maiatzaren 4an hasi eta 21era bitarte. Emanaldiak ostegunetik igandera izango dira; urtero bezala, obrak ikusteko ohikoak ez diren agertokietan

Poltsiko antzerkiko jaialdiaren antolatzaileak, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Naroa Torralba Rodriguez.
2023ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Formatu txikiko ikuskizunak eskainiko dituzte maiatzaren 4tik 21era bitartean Donostian, Poltsiko Antzerki Jaialdian. Hiriko antzerki programazioa herritar guztiei eta, bereziki, publiko gazteenari hurbiltzeko helburua du jaialdiak, eta 32. aldia izango du aurtengoa.

Antzerkiaren inguruan herritarrek duten ikuspegia zabaltzea dute xede antolatzaileek, izan ohiko antzerkizaleek, izan espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duten herritarrek. Izan ere, antzezpenak ikusteko ohikoenak ez diren agertokietan programatzen dituzte saioak —gehienak publikoarengandik hurbil dauden espazioak eta lekuak dira,tartean, tabernak—, eta esperimentazioa dute ardatz bai obrek bai horien formatuek ere.

Aurreko aldietan bezala, aurtengo jaialdian Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntza sarien XIII. deialdiko lan irabazleak estreinatuko dituzte. Nomofobikak konpainiaren Kris eta Krash ile-apaindegia antzezlana izan da saritua. Txiki komikoaren obra, berriz, finalista izan da, eta hura ere estreinakoz ikusi ahal izango da: Euskaldunen jatorria, historia ta irria.

Lehiaketa hori formatu txikian egiten den euskarazko ikuskizunen sorkuntza eta ikusgarritasuna bultzatzeko sortu zuten, euskarazko eskaintza urria ikusita. Donostia Kulturak antolatzen du, Euskara Zerbitzuarekin eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin lankidetzan.

Bi estreinaldi horiez gain, Pepin Treren Verdades como puños, Diego Peñaren Veintiuno bakarrizketa, Amelie La Magaren Más magia ikuskizuna, Tartean Teatroaren Ez dok Ero (desentxufatua) eta Jon Zabalen mentalismo saioa ikusi ahal izango dira, besteak beste.

Antzerkia, umorea, magia, mentalismoa, bakarrizketak eta musika nahastea da jaialdiaren osagai nagusietako bat. Antzezlanen gaiak ere gaurkotasunezkoak izango dira. «Kritika eta transgresioa nahasiz, bizi dugun munduari buruzko ikuspegi desberdina eskaintzeko asmoa dugu», azaldu dute antolatzaileek.

Ez dok Ero (desentxufatua) lanak, kasurako, Mikelote eta Pantxo bikote artistikoaren banaketa kontatzen du. Pantxok amore eman du; Mikelotek, aldiz, ez, antzerkia zainetaraino errotua baitu. Egun batez, Mikelote Pantxoren bila joango da, trasteak prestatu eta Euskal Herrian barrena, herriz herri antzeztera joateko proposamena egingo dio.

Kris eta Krash ile-apaindegia antzezlaneko protagonistek, berriz, prekaritateak jo duen dendaren etorkizuna erabaki behar dute. Txakur ile-apaindegia jarri nahi du Krashek, baina Krisi ez zaio ideia ona iruditzen. Dena den, haien izaerari esker, bezeroak zoriontsu egiten segitzen dute.

Maiatzaren 19an, jaialdiko azken ostiralean, Convent Gardeneko kriptan festa egingo dute. Demode Quarteten EPA umorezko musika ikuskizuna eta Albina Stardust zein Divina Comediaren Drag Showa ikusi ahalko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.