Literatura

Antzaldatuta itzuli da

Bizirik zela argitaratu zituen lanek ez zuten arreta handirik piztu. Obra askoz zabalagoa utzi zuen, ordea, Franz Kafkak, eta, hil zenetik mendea betetzear den honetan, inor gutxik jartzen du zalantzan XX. mendeko idazle nabarmenetako bat izan zela.

Idazlea irudikatzen duen marrazkia, Piotr Dumala zinemagilearen 'Franz Kafka' (1992) dokumental animatuko fotograma batean.
Idazlea irudikatzen duen marrazkia, Piotr Dumala zinemagilearen 'Franz Kafka' (1992) dokumental animatuko fotograma batean.
Ainhoa Sarasola.
2024ko maiatzaren 19a
05:15
Entzun

«Goiz batean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, zomorro beldurgarri bat bihurturik aurkitu zuen ohean bere burua». Metamorfosia nobela laburraren lehen lerroek aski ongi esplikatzen dute kafkar hitzari eman ohi zaion esanahia. Bere literatur lanetan, giro zentzugabe eta itogarriak eraiki zituen Franz Kafkak, gaur egungo egoera ez gutxi deskribatzeko balio dezaketenak. Eta haren abizena adjektibo itxura hartuta ageri da gaur egun jendearen ahotan eta hizkuntza askotako hiztegietan, idazlea hil zenetik ehun urte betetzear diren honetan. Horrek eman dezake arrastorik utzi zuen aztarnaren neurriaz, baina xehetasun horretatik askoz harago iristen da haren itzala. Bizirik zela ezagutu ez zuen ospeak antzaldatuta ari dira goratzen egunotan, haren heriotzaren mendeurrenean.

Pragan sortu zen Franz Kafka, 1883ko uztailaren 3an, artean Bohemiako hiriburu zen hirian eta merkataritzari lotutako familia alemaniar-judu batean. Sei anai-arrebatan zaharrena izan zen —haurra zela bi anaia hil zitzaizkion—, eta aitarekin harreman gorabeheratsua izan zuen beti; haren izaera autoritarioa eta zorrotza zenbait idazlanetan islatuta utzi zuen gerora. Horren harira ziurrenik, eta gogoko ez bazituen ere, Zuzenbide ikasketak egitea erabaki zuen, eta, haiek amaituta, aseguru etxe batean egin zuen lan aurrerantzean. Hainbat maitale izan zituen, baina ez zen inoiz ezkondu. Eta tuberkulosiak jota hil zen, 40 urte zituela, orain dela ehun urteko ekainaren 3 batez.

Irakurle amorratua ere bazen, eta idaztea zuen benetako grina. Hala, literaturari erabat emana bizi zen ogibideak uzten zizkion tarteetan; gauez idazten zuen maiz horregatik. Txekiera ere menderatzen bazuen ere, alemana zuen ama hizkuntza, eta alemanez garatu zuen bere obra osoa. Ehunka gutun, ipuinak eta eleberriak idatzi zituen, eta haietan, errealitatea eta fantasia nahasian eman zizkion irakurleari; egoera surrealistetan jarri izan zituen pertsonaiak, giro itxietan bakartuta ere bai, eta ez gutxitan, egoera burokratiko zentzugabeei aurre egin beharrean.

Bizirik zela, literatur aldizkarietan idazlan apur batzuk baino ez zituen plazaratu. Hainbat ipuin publikatu zituen, baita bere lan guztien artetik gerora ezagunena egin den Metamorfosia ere, baina ez irakurleek ez zieten arreta handirik jarri. Eta, idazten segitu bazuen ere, ez zuen besterik argitara eman. Ez zituen nahikotzat joko, bera hil ondotik haiek guztiak erre zitzala eskatu baitzion Max Brodi, unibertsitatean ezagutu eta geroztik lagun min izan zuenari. Hark ez zuen adiskidearen nahia bete, ordea, eta horri esker heldu dira gaurdaino Kafkaren gainerako idazlanak. Eta horren ondorioz gogoratzen da gaur egun idazlea antzaldatuta ere, inor gutxik jartzen baitu zalantzan XX. mendeko idazle nabarmenetako bat izan zela.

Ipuin bat, hamaika begirada

Zortzi ipuin izan ziren Kafkak publikatutako lehen lanak; Hyperion aldizkarian atera ziren, 1908an, Kontenplazioa izenburupean. Epaia eman zuen ondotik, 1912an, gau bakar batean idatzitakoa; eta urte berean ondu zuen Metamorfosia, 1915ean argitaratzeko. Zigor kolonian eta Sugilea narrazioak —bukatu gabe utzitako Amerika eta Desagertua deitu izan den nobelaren lehen atala dena—, eta Landa medikua eta Gosearen artista ipuin bildumak ere argitara eman zituen. Beste hainbat lan, baina, hil ondotik publikatu zituen Brodek, hala nola Prozesua eta Gaztelua eleberriak.

Metamorfosia egin da denetan ezagunena, eta euskaraz ere hirutan aldatu da itxuraz liburua, hiru itzultzaileri esker: Xabier Kintanak euskaratu zuen aurrena (Kriseilu, 1970, Itxura-aldaketa titulatu zuen); Rufino Iraolak ondoren (Hiria, 2000); eta Anton Garikanok azkenik (Erein, 2016). Zomorro bihurtuta esnatu den gizonaren istorioak hamaika interpretazio eragin ditu: esan liteke bakardadeaz, inkomunikazioaz, berekoikeriaz eta erruaz mintzo dela, baina bada gizarte autoritario bati egindako kritika ikusi duenik, baita idazlea bere buruaz ari zela uste duenik ere.

Bestalde, Kafkaren irudiari «kakalardoaren zama gainetik kentzen» lagunduko ziolakoan, Naroa Zubillagak, idazlan hura izan ezik, egileak bizirik zela publikatutako beste lan guztiak euskaratu zituen Literatura Unibertsala bildumarako. Epaia, Sugilea eta Zigor kolonian narrazioak, eta Kontenplazioa, Landa medikua eta Gosearen artista ipuin bildumak jaso zituen Bizian argitaratuak (Alberdania-Elkar, 2008) liburuan. Kontakizunetan deskribapenek duten pisua, idazlearen umore beltza, xehetasunei ematen zien garrantzia eta ipuin guztien kutsu onirikoa nabarmentzen ditu besteak beste Zubillagak liburuaren hitzaurrean. «Horregatik, ez duelako ez espazio ez denborarik ezagutzen, Kafkaren lana betierekoa da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.