Antton Valverde Hondarribiko Itsas Etxean ariko da gaur

'Gaua. Ausentziaren itzala' bakarkako azken lana aurkeztuko du. Harkaitz Cano idazlea eta Joxan Goikoetxea musikaria izango ditu lagun

Ane Delgado Aldabaldetreku.
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Hamarkada bat baino gehiago bakarkako lanik kaleratu gabe egon ondoren, iaz atera zuen Antton Valverdek (Donostia, 1943) bere azken lana. Diskoaren grabazioan Francisco Herrero biolinistak eta Ivan Carmona biolontxelo joleak ere parte hartu zuten. Gaur kontzertua emango dute Hondarribiko (Gipuzkoa) Itsas Etxeko auditoriumean, Musika Hamabostaldiko ziklo ibiltariaren barruan, 19:30ean. Haiekin batera, Joxan Goikoetxea soinu jolea eta Harkaitz Cano idazlea izango dira. Kontzerturako sarrerek hamar euro balio dute, eta Musika Hamabostaldiko webgunean daude salgai.

Diskoa hamahiru abestik osatzen dute - 11 abesti badira ere, horietako baten beste bi bertsio jasotzen ditu diskoak-. Lehenengo hiru abestiak konfinamendu garaietan landutakoak dira; besteak, berriz, lehenagotik eginak zituen. Grabazioa 2020ko uztailean egin zuten, Elkar estudioan.

Estiloari dagokionez, klasikotasunera jo badu ere, diskoak alde berritzaileak ere baditu. Horietako bat da kantu baten hiru bertsio egin izana; euskarazko Sei silabako gauak abestia gaztelaniaz eta ingelesez interpretatu du. Lehen hiru abestiak Harkaitz Cano eta Arkaitz Mendozaren Malgu da gaua disko-liburuak (Etxepare institutua, 2014) inspiratu ditu. Gainontzeko abestietan, bere lanetan ohikoak diren abesti tradizionalak eta Xabier Leteren, Lauaxetaren eta Bitoriano Gandiagaren poemak ez ezik, Harkaitz Cano, Salbatore Mitxelena, Imanol Irigoien eta Juan Kruz Igerabideren testuak ere egokitu ditu Valverdek.

Gaiari dagokionez, denbora eta heriotza gainditzen dituzten poemak oso presente daude abesti gehienetan.

Mende erdiko ibilbidea

Valverdek musika klasikoko ikasketak egin zituen gaztetan, eta, 60ko hamarkadan, abeslari eta konpositore ibilbidea hasi zuen. Hastapenetan hainbat disko labur argitaratu zituen, eta Oskarbi taldeko partaideetako bat ere izan zen; Eskutari diskoan parte hartu zuen. Geroztik, hainbat disko grabatu ditu gitarraz eta pianoaz lagunduta. Haren bakarkako lehen disko luzea Antton Valverde (Herri Gogoa, 1975) izan zen. Hartan daude Maitasunez hil eta Asaba zarren baratza kantuak, besteak beste. Hurrena, bere poeta «kutunetako» bati eskainitako diskoa eman zuen argitara: Lauaxeta (Herri Gogoa, 1978).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.