Kritika. Literatura

Antropozenoaren hondakinak

Patxi Iturregi idazlearen 'Antropozenoaren nostalgia' liburuaren azala. BERRIA
Patxi Iturregi idazlearen 'Antropozenoaren nostalgia' liburuaren azala. BERRIA
2025eko martxoaren 23a
04:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'ANTROPOZENOAREN NOSTALGIA'

Ibilbide luzeko idazlea da Patxi Iturregi, narrazio laburraren generoari huts-hutsean emanikoa. Seigarren ipuin liburua du honakoa eta argitaratzen berandu samar hasi bazen ere —1996koa du lehenengoa—, orduz geroztik erregulartasun handiz kaleratu izan ditu lanak. Denbora edo espazio komun bat partekatu ohi dute haren ipuin bildumetako narrazioek: XX. mendearen hasiera Ur biren artean-en eta Bilboko itsasadarraren bilakaera Estuarioa-n. Era berean, alderdi tekniko-zientifikoa nabarmentzen da haren kontakizunetan. Antropozenoaren nostalgia honetan etorkizunari begira —hurbila edo urrunagoa berau— jarri da.

Esan bezala, ipuin guztiak kokatzen dira etorkizunean, edo behintzat guztiak zeharkatzen ditu etorkizun aire batek, distopiaz jantzita sarritan. Garaikideagoak dira batzuk eta etorkizun urrun samar batez mintzo dira bestetzuk. Are, baten batek iragan hurbilari ere egiten dio erreferentzia, pandemia dela medio. Edozein kasutan, oso bestelakoak dira narrazioak pertsonaia eta giroei dagokienez. Narratzailea hirugarren pertsona orojakilearen eta lehenengo pertsonaren artean tartekatzen da. Kontzeptu eta hitz berri ugari sarrarazten ditu autoreak ipuinotan; hala, irakurleak lekualdatzeko terminalez jakingo du, umeen buruetan instalatutako software berriez, bizi arrastorik gabeko Lur planeta bisitatzen duten kosmonautez, jatetxe robotizatuez… Garapen teknologikoak garrantzi handia du idazlearen etorkizunaren irudikapenetan.

Gertaera ustez sinestezinek eta eldarnio teknologiko itxuraz zoroenek egungo gizarteaz azalera dezaketena da ipuinetako alderdi interesgarrietako bat. Zenbait joera muturrera eramanez eta osagai txundigarriekin irakurlea estrainatuz, gizarte garaikidearen kontraesan batzuk gorpuztea lortzen du idazleak. Tamalez, eta Iturregiren aurreko ipuin liburuan ez bezala, ez du berau baliabide literario egokiekin lortzen. Tonu behartuegian egiten dute pertsonaia zenbaitek, ipuinen inguruan dabiltzan gizartearen gaineko ideia horiek esaldi sendoetan adierazi nahiko balituzte bezala. Orobat halakoa da zeharkako estiloaren erabilera. Era berean, tentsio narratibo handirik gabekoa iruditu zait hainbat ipuinetako elkarrizketak emateko modua, baita narrazioaren tonua kudeatzeko era ere. Esango nuke, oro har, ez duela asmatu idazleak ipuingintzan ohikoak diren bi planoen arteko loturak ezartzen —kontatzen dena eta kontatzen ez dena, alegia—. Amaierak ere bereziki zapalak iruditu zaizkit, oihartzun handirik ateratzen ez dutenak.

Aitzitik, gaitasunik badu idazleak deskribapenerako eta horri dagozkio liburuko pasarte ederrenetako batzuk. Iradokitzaileak ere badira autoreak sortutako hainbat giro eta gorago aipatutako gabezietatik salbu daude, neurri batean, ipuinetako batzuk. Belardi zabalak, Think global, act local eta Makina desiratzaileak eta denboraren azelerazioa ipuinak balekoak iruditu zaizkit, kasurako. Horietan eta beste batzuetan dira Iturregiren kapsula distopikoak ukigarrien, errealen, hurbilen. Antropozenoaren hondakinak etorkizunetik begiratuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.