Edgar Allan Poerekin batera, ipuingintza modernoaren aitzindaritzat jo ohi dute adituek Anton Txekhov errusiarra (Tanganrog, 1860 - Badenweiler, 1904). Egungo narraziogintzaren iturburuan bertan kokatzen dute haren izena. Guztira, 500 ipuindik gorako katedral erraldoia osatu zuen idazleak bere bizialdi osoan, eta zabaltasun horren lagin adierazgarri bat euskaratzea izan da Iker Sancho itzultzailearen erronka. Horretarako berdin arakatu ditu egilearen hasierako ipuin labur eta umoretsuak zein amaiera aldera argitaratutako narrazio luze eta serioagoak, eta haien arteko 31 pieza hautatu ditu gero, itzuli, apailatu eta hitzaurre batekin aurkezteko. Elkar argitaletxeak kaleratu du orain lan horren emaitza: Anton Txekhoven 31 ipuin. Katedral baterako 31 harriko sarbide moduko bat.
Literaturazaleentzat «familiakoa bezalakoa» da Txekhov, Sanchok azaldu duenez, baina, dioenez, zirkulu horietatik kanpo, haren ezagutza «ez da hain orokortua», eta horregatik jo du harengana. Urtebete eman du ipuinak hautatzen eta itzultzen, eta, esan duenez, «Txekhov euskaraz irakurri nahi bat» izan du motibazio nagusia. Besteak beste, Andrei Platonov, Svetlana Aleksievitx eta Sergei Dovlatov euskaratu ditu aurrez, eta hogei urte inguru daramatza Euskal Herriko Unibertsitateko Itzulpengintza graduan errusiera irakasten. «Nik bizitzan oso integratuta daukat errusiar literatura euskaraz ikusi nahi bat».
Errusiarren muin-muina
Itzulpen lanak hasiak zituenean eraso zion Errusiak Ukrainari, ordea, eta, aitortu duenez, zalantza une bat izan zuen Sanchok. Garai ona ote zen horretarako. Zeren eta, itzultzaileak gogoratu duenez, «neurri batean ulergarria den histeria kolektibo horretan», han-hemenka, bertan behera geratu baitziren errusiar jatorriko idazleei buruzko kongresuak zein itzulpen lanak. Baina, azaldu duenez, hain zuzen, giro horregatik erabaki zuen aurrera egitea. «Momentu egoki bat baldin badago Txekhov irakurtzeko, hain zuzen, hau da. Oraindik daukan eraginagatik. Duela ia 120 urte hil zen, noski, ez zituen ezagutu ez iraultza, ez zuen ezagutu Gerra Zibila, gosetea, Bigarren Mundu Gerra..., baina 120 urte geroago errusiar gizakien muin-muinean dagoena ez da aldatu. Txekhovek horren erradiografia bat ematen digu».
Errusiari buruz jakiteko, horregatik, iturri ontzat jo du Txekhoven ipuingintza. «Aldarrikatu nahi nuke literaturak daukan eta izan behar lukeen ahalmen hori pertsonengan enpatia bultzatzeko eta indartzeko».
Umore tristea, tristura umoretsua
Idazlearen umore berezia ere nabarmendu du Sanchok liburuko hitzaurrean. «Umoretsua eta irakurterraza da, baina kosta egiten zaigu irribarretik barrera igarotzea, umorez deskribatzen dituen egoerak sarritan ez direlako barregarriak, ezpada tristeak, itxaropenerako zirrikiturik uzten ez dutenak». Dioenez, horregatik esan ohi dute adituek Txekhov dela errusiar idazlerik «alaiena» eta, aldi berean, «depresiboena». Itzultzailearen hitzetan, «umore tristea» edo «tristura umoretsua» baita harena.
Libururako hautatutako ipuinetan orotariko gaiak lantzen direla dio itzultzaileak. «Gizarte baten erradiografia den neurrian, gizarte guztia dago islatuta». Eta puntuz puntu hasi du gero kontaketa: ustelkeria dago, funtzionarioak daude, noble txikiak, baserritarrak, neskameak, poliziak —«beren gainetik daudenekin oso apal jokatzen dutenak eta guztiz gorrotagarriak direnak azpitik dituztenekin»—, familia harremanak... «Zerrenda amaigabea da», borobildu du Sanchok.
Askatasun erosia
Aurrez ere, hainbatetan itzuli da Txekhov euskarara, baina, Elkar argitaletxeko ordezkarien hitzetan, sekula ez orain bezain modu «osatuan». Xabier Mendiguren Bereziartuk, esaterako, 1990ean, Txekhoven sei ipuin bildu zituen Literatura Unibertsala sailak argitaratutako hirugarren libururako, baina lehenago ere baziren ale solte batzuk itzuliak. Elizalde ezizenez sinatu zuen norbaitek Guraso zintzoa ipuina eman zuen argitara 1956an, esaterako, Egan aldizkarian, eta sasoi hartan aldizkaria zuzentzen aritzen zen Koldo Mitxelenaren eskua ikusten dute testu hartan adituek. Eta, hain zuzen ere, aurrez euskaratutakoen artean, ipuin hori da Sanchok berriz itzuli duen bakarra, Familia burua izenburupean. Azaldu duenez, batetik, itzulpen hura «oso librea» zelako, eta, bestetik, Txekhoven literaturan aitaren figurak duen pisua ere bildu nahi zuelako liburuan, eta, hain zuzen, horri buruzkoa delako narrazio hori.
Sancho: «Txekhoven aita jaio zenean ez zen eskubide osoak zituen herritar bat; jopu bat zen, eta bere askatasuna erosi zuen. Txekhov libre jaio ez zen gizon baten semea zen. Hori ikusten da komentario askotan, eta zalantzan jartzen du bere aitak erositako askatasun hori benetan askatasuna ote den».
Poe eta Txekhov aipatu ditu Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak ere ipuingintza modernoaren iturburuan, eta zehaztapena ere gehitu du gero. Haren hitzetan, «ipuingintza errealistaren aitatzat» jotzen baita errusiarra. «Esango nuke haren eraginik nabarmenena AEBetan egon dela. Raymond Carver, esaterako, haren miresle handia zen. Baina, horretaz gainera, etengabeak dira haren lanen zinemaratzeak eta haren antzezlanen eguneratzeak ere. Asko irakurtzen da oraindik ere, eta eragin handia du». Eta esker ona adierazi dio Sanchori, haren lana euskaratzeagatik. «Euskal kulturari mesede handia egin dio».