Talde berria izan arren, EraBaterako kideek ezer gutxi dute hasiberritik. Proiektua Gaizka Salazar Gatibu taldeko bateria jotzaileak abiatu zuen. Etxean bazituen«mimo handiz» landutako zenbait abesti; bizitzako garai zail bati aurre egiteko sortuak, eta horiek plazaratzeko beharra sentitzen zuen. Egitasmoa aurrera ateratzeko, eskarmentu handiko musikariak biltzea lortu du: Gatibun ere taldekide duen Mikel Caballero baxu jotzailea, Ken Zazpiko Beñat Serna gitarrista eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza ahotsa. Antipodetan izena jarri diote bederatzi kantuz osatutako lehen diskoari.
«Diskora joz, agian aurreko talde horien oihartzunen bat senti dezakegu, baina nahiko urruna. Oro har, berritasun asko dakartza; freskotasun handiko diskoa da, kantuek garapen eta konponketa oso bereziak dituzte, eta atzetik istorio pertsonal bat dagoela nabari da», azaldu du Jon Basaguren musikariak, taldearen komunikazio lanean murgildu denak. Diskoa «interesgarria» izateaz gain, kolaborazioek «puntu bat» gehitzen diotela nabarmendu du; besteak beste, Eñaut Gaztañagaren programazioak, Juan Alberto Batizen gitarrak, Akatz taldeko haize atala eta Ander Erzillaren saxoa aditu daitezke diskoan. Horietaz gain, Josu Aginagaren gitarrak lagunduta ibiliko dira hurrengo hilabeteetan eskainiko dituzten zuzenekoetan.
«Egia esanda, hasiera batean ez neukan pentsatuta disko bat kaleratzea, ezta talde bat sortzea ere, eta are gutxiago nik sortutako abesti horiek zuzenean jotzea», aitortu du Salazarrek. Kantugintza min pertsonal batetik abiatutako bidea izan zen harentzat: «Hortik hasi nintzen etxean kantu txiki batzuk egiten, hitzen bidez ideia batzuk azaleratzen, eta, pixkanaka, handituz joan da dena». Bai familiak eta bai lagunek asko animatu dutela adierazi du, eta horri esker hartu zuela taldea eratzeko erabakia. «Ez zen salto erraza izan; etxean abestiak prestatzen dituzunean ez dakizu zer-nolako tamaina izango duten, jendeari gustatuko ote zaizkion. Lagunei kantu bat ipini nien; neska lagunak ere asko animatu ninduen; eta, tira, egunero animatuago, egunero animatuago, azkenean telefonoa hartu, eta proposamena egin nien kideei».
Taldekideak aukeratzeko orduan ez zuen dudarik izan Salazarrek: Caballero aspalditik ezagutzen zuen, eta «anaia» bezalakoa da harentzat; Sernarekin eta Ekizarekin, ordea, ez zuen hainbesteko harremanik, eta «dudaz beterik» jarri zen harremanetan haiekin. «Egun, oso pozik nago musika haiei azaldu izanaz; hasieran, beldurtuta hots egin nien, baina, gero, denak batu ziren proiektura». Sernak ez zuen dudarik izan; kantuak entzun gabe batu zen proiektura. Ekizari maketako abestiak «onak» iruditu zitzaizkion, atzean istorio pertsonal bat ezkutatzen zutelako. «Banekien oso ondo urrats hori egitea ez zela erraza. Nik gauza bera egin nuen duela bizpahiru urte, eta sentitu nuen zerbait intimoa plazaratu nahi izan eta norengana jo ez jakite hori», azaldu du Ekizak. Diskoa grabatzean «plazer handia» sentitu zuela gogoratu, eta erabaki zuen bere txanda zela beste norbaiti laguntzeko. Pozik geratu da emaitzarekin, eta ez da batere damutzen hartutako erabakiaz: «Plazer hutsa izan da».
Salazar ere harrituta dago emaitzarekin, eta, etxean abestiak konposatzean jada grabatuta imajinatzen zituen arren, emaitza espero baino hobea izan dela sentitzen du. Adierazi duenez, berezia izan da grabaketa prozesua bera. Haren ustez, normalean, talde bateko kideek aurretik ezagutzen dute elkar, batera entseatzen dute, parrandak egiten dituzte, eta musika konpartitzen dute. «Oraingoan, ordea, bestelakoa izan da: bakarka konpartitu ditut haiekin nik etxean konposatutako abestiak eta grabatutako maketa. Beraz, nolabait esanda, estudioan ezagutu dugu elkar». Hala ere, hasieratik konexio ikaragarria izan dutela dio, «kanta batzuk lehenengo entsegutik primeran ateratzen zitzaizkigun; prozesu polita izan da, benetan, eta irudikatzen nuena nabarmen gainditu du».
Antipodetan
Diskoaren izenburuak proiektuaren atzean dagoen istorio pertsonalari egiten dio erreferentzia. Salazarrek aita galdu zuen orain dela bost urte, eta horren ondorioz pare bat urte «noraezean ibili zela» azaldu du. «Antipodetan sentitzen nintzen, amatatuta eta burua beste toki batean nuela; hala hasi nintzen kantuak idazten eta konposatzen». Intimitatetik sortutako egitasmoa da, beraz, EraBatera taldea, pixkanaka handituz joan dena. «Ez dakigu noraino helduko garen; guk ez diogu helbururik ezarri proiektuari. Denboran ahalik eta gehiena luzatzea gustatuko litzaiguke, baina ez gara horrekin tematuko», nabarmendu du Salazarrek.
Diskoak harrera ona izan duela uste dute. Hala ere, Salazarren aburuz, patxadaz entzun beharreko lana da, berezia, kantu komertzialik ez duena eta denborarekin proiekzioa izan dezakeena: «Nik ibilbidea ikusten diot, eta ilusioa behintzat badago». Jada kontzertu batzuk lotuta dituzte, gehienak azaroan; hain zuzen ere, lehenengoa, bihar izango da, Bilboko Kafe Antzokian.
Taldeari EraBatera izena jartzeaz galdetuta, hitz joko bat dela aitortu du; euskaraz, gauzak «batera» egitearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Salazarrek; gaztelaniaz, berriz, bere instrumentuari egin dio erreferentzia: bateriari. «Beti esaten da bateria jotzaileok ez dakigula ezer musikari buruz, tu-pa, tu-pa eta ezer gutxi. Nik aldarrikatu nahi dut bateriaren ordua dela».
Antipodetan jaiotako doinuak
Gaizka Salazar Gatibuko bateria jotzaileak EraBatera taldea sortu du, proiektu pertsonal batetik abiatuta. Musikari eskarmentudunak bildu ditu 'Antipodetan' disko berrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu