Xan Idiart. Idazlea

«Anpulutsuki idaztea erraza da, baina sinple idaztea biziki zaila da»

Maiatz argitaletxearen udaberriko uztan agertu da Xan Idiarten bigarren liburua: 'Nostalgia ez da salgai'. Ipuin bilduma bat da, 'Teresaren mendekua' lehen liburua bezala. Sarako Biltzarrean aurkeztu du.

NAHIA GARAT.
Iñaki Etxeleku.
Sara
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Xan Idiart idazle eta euskara irakasleak (Donazaharre, Nafarroa Beherea, 1994) Teresaren mendekua lehen liburua argitaratu zuen duela bi urte, Elkar argitaletxearekin. Nostalgia ez da salgai, bigarren lana, Maiatz argitaletxearekin plazaratu berri du, eta Sarako Idazleen Biltzarrean aurkeztu zuen, joan den astelehenean.

Teresaren mendekua lehen liburua eta bigarren hau bata bestetik franko hurbil argitaratu dituzu. Testu andana baitzenuen gorderik?

Nostalgia ez da salgai liburuan diren testuak lehen liburua argitaratu eta gero idatzi ditut. Lehen liburuko testua idatzi nuen, jadanik, duela bost urte. Argitalpen datak hurbilak dira, baina idazketa prozesuaren aldetik, halere, bada alde bat.

Argitaletxez aldatzeak badu arrazoi bat?

[Maiatz argitaletxeko] Luzienek [Etxezaharreta] eskatu zidan Maiatz aldizkarirako zenbait ipuin idazteko. Orotarat, hiru idatzi nituen. Gero, elkarren ezagutza egin, eta Maiatzekin argitaratzeko proposamena egin zidan, eta onartu nuen.

Formatu gisa, ipuina bereziki gustatzen zaizu?

Biziki, ez baitut beti idazteko denborarik; beraz, ipuina ontsa da horretarako. Hasten ahal zara idazten, aste bat pasatzen duzu horretan, eta, gero, uzten ahal dituzu sei hilabete ondokoa idatzi arte. Beraz, bai, maite dut ipuina horretarako: denbora uzten dit.

Ipuinetan, edukiarekin jakin behar da motz izaten; ez da baitezpada ariketa hain erraza?

Ez, eta, gainera, eneak ez dira baitezpada motz-motzak. Beharbada, erran nahi du goiz ala berant testu luzeago bat idatzi beharko dudala. Baina genero hori maite dut, zeren eta ipuinetan, preseski, maite dut bukaeran badelarik ezusteko bat. Entseatzen naiz aldi oro ezusteko bat izatea; ez dakit lortzen dudan.

Egunerokoan idazten duzu, edo ideia bat bururatzen zaizularik paperean ezartzen duzu?

Ohiturarik ez dut. Ideia bat izan orduko entseatzen naiz idazten. Ez da baitezpada berehala jiten; batzuetan, hilabeteak utzi behar dira pasatzen. Ideia badudalarik, badakit zer den testuingurua, eta badakit nola bukatzen den. Ez baldin badakit nola bukatzen den, ezin dut idatzi. Ez naiz bertsolaria, baina bukaeratik hasten naiz kasik.

Ideiak nondik heldu zaizkizu: irakurketetarik, zinematik ala biziko harat-honatetarik?

Irakurketetarik bai, anitz irakurtzen baitut; filmak ere anitz begiratzen ditut. Baina jendearekin eskuin eta ezker hitz egiten dudalarik ere bai; solasetatik ere pizten dira ideiak. Preseski, joan den aldiko Sarako Idazleen Biltzarretik ukan nuen ideia bat, eta liburuko lehen ipuina da. Beharbada gaur aterako naiz ideia batekin, ez dakit.

Zer izan zen ideia hori?

Duela bi urteko Sarako Biltzarrean, Colette Larrabururen ondoan nintzen; Francoren mende kantatzen genuenean liburua saltzen zuen. Saltzen eta saltzen zituen, hola! Eta editoreak erran zidan: «Nostalgiak saltzen du». Ideia bikaina iruditu zitzaidan; egin behar zela zerbait horrekin. Beraz, lehen ipuinean badut alter ego bat: Xuban Idiart. Biltzarraren eguna da, eta ulertzen du ipuin nostalgikoak idatzi behar direla. Gelatik atera orduko, gaua da, 1980ko hamarkadan gara, borroka armatua da, Filipe Bidart sasitik ateratzen da, gero ber pertsonaia Joseba Sarrionandia bilakatzen da... Maite ditut ipuin absurdoak.

Nola deskribatuko zenuke Nostalgia ez da salgai ipuin bilduma?

Ipuinek ez dute loturarik elkarren artean. Aski absurdoak dira. Ihes egiteko parada izan daiteke liburu hau. Irakurleak lortzen badu barnean sartzen, ene ustez, ahanzten ahal ditu bere bizitzako arazoak une labur batez. Hori bakoitzaren araberakoa da. Irakurle eta sortzaile gisa, hori maite dut: ahanzten dudalarik inguruan dena eta testuan naizelarik, literaturan.

Ohiz kanpoko bide berrietan ibiltzeko moldea zaizu idaztea?

Literaturak balio du, hain zuzen, bide berri batzuk jorratzeko. Entseatu naiz sortzaile gisa gauza bera egiten. Irakurleek erranen didate lortua den. Batzuetan, entseatzen naiz izpiritu kritikoa izaten, baina, absurdoak direnez istorioak, beharbada izpiritu kritiko hori ez da baitezpada ikusten; edo gorde nahi dut istorio absurdoak sortuz.

Euskara batu landuan idaztea bilatzen duzu?

Batua erabiltzen dut. Euskal literatura irakurtzen dudalarik, batuaz irakurtzen dut, eta naturalki batua erabiliz idazten dut. Aski berant berreskuratu nuen euskara, eta prozesu horretan batua ikasi nuen.

Idazkera bat bilatzen duzu?

Ene ustez, ez dut oraindik atzeman. Entseatzen naiz ahal bezain sinple idazten. Biziki erraza da anpulutsuki idaztea; deus erran nahi ez duten esaldi luzeak idaztea erraza da, baina biziki zaila da erraz eta sinple idaztea. Ez dut oraindik atzeman, baina espero dut egun batez ene idazkera sinplea atzematea; arazorik gabe irakurriko dena. Bigarren liburuarekin lehenarekin baino gehiago atzeman dut.

Segituko duzu, beraz, idazten?

Bai. Maite dut idaztea. Barnean ditudan korapiloak askatzeko balio du beharbada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.