Zinema

Anouk Aimee aktorea hil da

Parisen zendu da antzezle frantsesa, 92 urte zituela. 'La dolce vita' eta 'Un homme et une femme' filmengatik egin zen ezagun. Azken horrengatik Urrezko Globo bat eta Oscarretarako izendapen bat jaso zituen.

Anouk Aimee aktorea, 2006ko Cannesko Zinemaldian. DANIEL DEME / EFE
Anouk Aimee aktorea, 2006ko Cannesko Zinemaldian. DANIEL DEME / EFE
Amaia Jimenez Larrea.
2024ko ekainaren 18a
15:40
Entzun

Haren alaba Manuella Papatakisek jakinarazi du berria, sare sozialen bidez: Anouk Aimee hil da, Parisen zuen etxean, 92 urte zituela. Aktore ezaguna izan zen Aimee, besteak beste Federico Fellinik zuzendutako La dolce vita filmean egindako lanarengatik. Garaiz hasi zen aktore munduan, 14 urte besterik ez zuela. Ama ere aktorea zuen —Genevieve Sorya—, eta betidanik gertu izan zuen ofizioa. La maison sous la mer izan zen haren lehenengo proiektua. Lan horretatik sortu zen haren izen artistikoa —Françoise Sorya Dreyfus zen bere benetako izena—; izan ere, Anouk zen filmeko protagonistaren izena. Abizena, berriz, lagun zuen idazle batek proposatu zion.

1950eko hamarkadan, Frantzian eta Espainian ekoitzitako hainbat proiektutan aritu zen. Besteak betse, Georges Franju, Jacques Becker, Jaime de Mayora, Lawrence Huntington eta Julio Salvador zuzendariekin egin zuen lan. La dolce vita-n Fellinirekin aritu zen lehen aldiz, eta, handik hiru urtera, zuzendari berak Otto e mezzo filmeko protagonista izateko aukeratu zuen, Marcello Mastroiannirekin batera. Bi film horiek egin zuten nazioartean ezagun. Honako hau esan zuen Aimeek Felliniren inguruan: «Fellini ezagutu aurretik ez nekien zer zen antzeztea. Berak erakutsi zidan garrantzitsuena: neure burua serio ez hartzea».

1966a izan zen haren ibilbideko punturik garrantzitsuenetako bat. Claude Lelouchen Un homme et une femme filmari esker, Urrezko Globo bat, Bafta sari bat eta Oscar Sarietarako izendapen bat —bere ibilbidean sari horietarako lortu zuen izendapen bakarra— erdietsi zituen Aimeek. Lan horrek Cannesko zinema jaialdiko Urrezko Palma eraman zuen.

Pantailetatik urrun

Urteek aurrera egin ahala, pixkanaka, aktore lanetik aldenduz joan zen Aimee. Salatu zuen zuzendari gazteak ez zirela ausartzen modernoak izatera, eta proposamen erakargarri gutxi jasotzen zituela. 2003an Berlinaleko Ohorezko Urrezko Hartza eman zioten, hari eskainitako atzera begirakoa egin baitzuten.

2019an agertu zen azken aldiz pantailetan, hain ezaguna egin zuen Un homme et une femme filmaren hirugarren zatian —Les plus belles annees d'une vie zen lan horren izenburua—. Filmak eta telebistarako lanak kontuan hartuta, guztira 92 proiektutan hartu zuen parte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.