Zinema

'Anora' filmak irabazi du Cannesko sari nagusia

Sean Bakerrek zuzendutako lanak lortu du 77. jaialdiaren Urrezko Palma. Epaimahaiaren Sari Nagusia Payal Kapadia zuzendari indiarraren 'All We Imagine as Light-entzat izan da, eta zuzendaririk onenaren saria, berriz, Miguel Gomes portugaldarrarentzat.

Sean Baker zinemagilea, Urrezko Palma eskuetan, Cannesen. SEBASTIEN NOGIER / EFE
Sean Baker zinemagilea, Urrezko Palma eskuetan, Cannesen. SEBASTIEN NOGIER / EFE
Ainhoa Sarasola.
2024ko maiatzaren 25a
21:11
Entzun

Sean Baker zinemagile estatubatuarrak zuzendutako Anora filmak irabazi du Urrezko Palma Cannesko 77. zinema jaialdian, Greta Gerwig buru izan duen epaimahaiak hala erabakita. Sexu langileak ardatz dituen film horretan umorea eta kritika soziala uztartu ditu zuzendariak, eta Mikey Madison aktorearen lana nabarmendu du kritikak. Aniren rola jokatu du Madisonek, zeina oligarka errusiar baten semearekin ezkontzen den dantzari erotiko bat den. «Urrezko Palma hau duela 40 urtetik amesten nuena zen; ez dakit zer egingo dudan nire bizitzan aurrerantzean», adierazi du zuzendariak, hunkituta. «Zinemak bizirik iraun dezan borrokan» segituko duela gaineratu, eta munduko sexu langile guztiei eskaini die saria. George Lucas zinemagilearen eskutik jaso du garaikurra zuzendariak, aurtengo festibalari amaiera emateko ekitaldian. Eta, harekin batera, gainerako saridunak ere banan-banan igo dira oholtzara.

Epaimahaiaren Sari Nagusia, bigarren aitortza nagusitzat jotzen dena, All We Imagine as Light-entzat izan da; ahizpatasun istorio bat da Payal Kapadia zuzendari indiarraren lan hori, eta hiru hamarkadatan Cannesen lehiatu den lehen film indiarra izan da.

Faboritoen artean zegoen Mohammad Rasulof zinemagile irandarraren The Seed of the Sacred Fig lana, eta ez da esku hutsik joan: Epaimahaiaren Sari Berezia lortu du. Zuzendariak orain bi aste egin zuen alde Irandik, kartzela zigorra saihesteko, eta bere herrialdean dagoen askatasun falta kritikatu du filmean. Hunkituta jaso du aitortza hark ere, eta filmeko lantalde osoari eskaini dio, zeinak Iranen «zerbitzu sekretuek atxikita eta presiopean» dauden. 

Zuzendari onenaren aitortza, berriz, Miguel Gomes portugaldarrak irabazi du, Grand Tour filmagatik; fikzioa eta dokumentala, zuri-beltza eta kolorea nahastu ditu zinemagileak Asiaren iraganaz eta orainaz hitz egiten duen lan horretan. Bestalde, gidoirik onenaren saria Coralie Fargeatek eskuratu du, jaialdian harrera oso ona izan duen The Substance film gore-ari esker.

Bi sari Audiarden filmarentzat

Jacques Audiardek zuzendutako Emilia Pérez filma izan da beste garaile nagusietako bat, bi sari irabazi baititu: Epaimahaiaren Saria ez ezik, emakumezko aktorerik onenaren aitortza Karla Sofia Gascon, Zoe Saldaña, Selena Gomez eta Adriana Pazek osatutako antzezle taldeak eraman du. Gizonezko aktorerik onenaren saria, berriz, Jesse Plemonsentzat izan da, Giorgos Lanthimosen Kind of Kindness filmean egindako interpretazioagatik.

Cannesen proiektatutako opera prima-rik onena ere saritzen du jaialdiak, Urrezko Kamerarekin, eta Un certain regard sailean erakutsitako Armand lanak eraman du aurten, Halfdan Ullmann Tondelek zuzendutako lanak.

Film laburrei dagokienez, berriz, Nebojsa Slijepcevicen The Man Who Could Not Remain Silent lanarentzat izan da Urrezko Palma. Wei Liang Chiangek eta You Qiao Yinek zuzendutako Mongrel filmari, berriz, aipamen berezia eman dio epaimahaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.