«Idazketaren botere askatzailean sinisten du». Literaturako Nobel sariko batzordeko kideek hitz horiekin deskribatu dute gaur Stokholmen Annie Ernaux idazle normandiarra. Berak jasoko du 2022ko Literaturako Nobel saria. «Memoria pertsonalak dituen muga kolektiboak, urruntasunak eta sustraiak azaleratzeko duen ausardiagatik eta zorroztasun klinikoagatik». Batzordeak azaldu duenez, telefonoz saiatu dira autorearekin hitz egiten, baina ezinezko suertatu zaie, oraingoz. Idazlearen lau obra, behintzat, badira euskaraz irakurtzeko moduan. Begira zenbat argi, maitea (Igela), Emakume bat (Txalaparta), Gertakizuna (Igela), Lekua (Igela) eta Pasio hutsa (Igela).
Idazle izateko egindako bide «luze eta zaila» nabarmendu dio akademiak Ernauxi, eta haren literatura zeharkatzen duen joera analitikoa ere laudatu du. «Bere idatzietan, Ernaux-ek etengabe eta angelu askotatik aztertzen du, besteak beste, generoak, hizkuntzak eta klaseak eragindako desberdinkeria latzek markatutako bizitza». Literatura «fikzioaz harago zabaltzeko asmoa» ere nabarmendu diote idazleari, eta haren lanen errepaso labur bat eskaini dute horren frogatzat, Suediako Akademiako kideen hitzetan, memoria lantzeko modu hori baitu bere lanaren konstanteetako bat.
Lehenago jadanik hasia zen liburuak argitaratzen, baina 1983an argitaratutako Lekua liburuarekin piztu zuen nazioarteko irakurleen eta kritikaren arreta; lan horrekin, Suediako Akademiako kideen hitzetan, bere aitaren erretratu «haluzinatu» bat egin baitzuen. Prosa «autobiografikoa» izanik ere, haren eduki «sozial zabalagoa» ere aipatu nahi izan dute.
Haren eragina Euskal Herrian
Bere ama ardatz duen Emakume bat, eta berriz ere bere aitaren erretratuarekin jarraitzen duen La honte (Lotsa) heldu ziren gero, eta 2000. urtean ezarri dute haren ibilbideko hurrengo mugarri garrantzitsua. Orduan eman zuen argitara Gertakizuna, eta gazte zela izandako abortu baten nondik norakoak kontatzen ditu egileak bertan. 2008ko Les annes (Urteak) liburua ere nabarmendu dute, bestalde, hura delako, akademiaren hitzetan, haren proiekturik «anbiziotsuena», «autobiografia kolektibo bat» egiteko saiakera bat den neurrian.
Euskaraz irakur dakizkiokeen lanen kopuruak erakusten duenez, Euskal Herrian ere agerikoa da haren eragina. Miren Agur Meabe idazleak, esaterako, espresuki aipatzen du haren izena Kristalezko begi bat liburuko azken atalean. Zuzeneko erreferentziatzat. «Bereziki aipatu behar dut Annie Ernauxen Pasio hutsa. Istorio horrek irakatsi dit onartzen maitasun batzuk itzuli beharrik gabeko inbertsioak direla. Inoiz ez dut izango egile horren argitasuna, baina harengana atxikirik sentitzen naiz halabeharrez, nire anabasak askatzeko orduan gerizatu nauelako». Eta sariak sentiarazitako poza zabaldu dute sarean, besteak beste, Kattalin Miner eta Katixa Agirre idazleek ere.
Sariketak jaso ohi duen arretarekin batera, apustu etxeek ere urtero egiten dituzte irabazleari buruzko hipotesiak. Aurtengoan, klasikoz beteta egon da zerrenda hori, tartean, Michel Houllebecq, Liudmila Ulitskaia, Joyce Carol Oates, Ngugi wa Tiongo, Anne Carson, Ismail Kadare, Adonis, Antonio Lobo Antunes eta Chimamanda Ngozi Adichi zituela. Eta hor zegoen Ernaux bera ere. Salman Rushdie idazlea izan da zerrendako faboritoen artean faboritoena, ordea. Bestela ere, maiz egoten da haren izena zerrenda horietan, baina indar berezia hartu du aurten, abuztuan hitzaldi batean jasandako erasoaren eraginez, besteak beste, hainbat idazle esanguratsuk ere, jendaurrean defendatu dutelako Nobel saria aurten hari eman beharko litzaiokeela.
Zor historikoak
Akademiak baditu hainbat zor historiko, eta haietako bi konpontzeko urratsa egin zuen iaz, esaterako, Gurnah sarituta, eta aurten Ernaux hautatuta. Eta ia hitzez hitz onartu du hori gaur Anders Olsson Literaturako Nobel sariaren batzordeko buruak. «Iaz egile afrikar bat saritu genuen, eta aurten emakumezko bat». Eta Europakoak ez diren zein emakumezkoak diren «saritu oso gutxi» dituztela ere esan du. Haren hitzetan, sariaren ikuspegia «zabaltzea» du buruan batzordeak, baina, esan duenez, «literarioa» da beti euren «lehen kezka».
1901ean saria sortu zenetik 119 idazle saritu dituzte, guztira, eta haietariko 16 izan dira emakumezkoak orain arte. Ernaux izango da hamazazpigarrena. Bestalde, Europakoak edo Ipar Amerikakoak dira saritutako idazleen %80, eta, gainerako hizkuntzekin alderatuz gero, gehiengo argia dira ingelesez idatzi duten idazleak: 31. Frantsesez idazten duten 14 idazle, alemanez idazten duten 14 eta gazteleraz idazten duten 11 ere badaude.