Udaberriarekin, nazioarteko beste bi poetaren antologiak argitaratu ditu Munduko Poesia Kaierak bildumak. Saileko 49. zenbakia Anne Hebert idazle quebectarrari eskaini diote, eta 50.a, berriz, Giorgos Seferis poeta greziarrari. Aiora Jaka Irizarrek ekarri ditu euskarara Heberten poemak, eta Maite Lopez Las Herasek, berriz, Seferisenak. Isabel Etxeberria Ramirez eta Maialen Berasategi Catalan bildumaren arduradunek lagunduta aurkeztu dituzte bi lanak itzultzaileek.
Sorterriz eta biografiaz ez ezik, idazkeraz ere «ezberdin samarrak» dira bi idazleak, Etxeberriaren hitzetan. «Seferisen poesia Greziako poesia tradizionalari begira dago; itsasoz, itsasontziz betetako poesia bat da, idazkera argikoa, ahozkotasunetik ere baduena. Hebertena, berriz, poesia enigmatikoa da; naturari asko behatzen dio, baina behaketa horrek bere existentziari buruzko gogoetak dakartza». Biak lotzen dituen ezaugarria sinbolismoaren eragina izan daitekeela gehitu du.
Quebeceko poesiaren ordezkari nabarmenetako bat da Anne Hebert (Sainte-Catherine-de-la-Jacques-Cartier, 1916-Montreal, 2000), eta bilduman sartu den lehen quebectarra. Frantsesez idatzi zuen bere obra osoa, hala poemak nola ipuin eta eleberriak. Parisen urte luzez bizi izan zen, baina Quebeci lotuta segitu zuen beti, eta sorterria dute ardatz haren lanek. Poeta gisa ez, prosagile moduan ezagutzen zuela azaldu du Jakak, eta, poesia itzultzen lehen aldia izan duela eta, aitortu du ez zaiola erraza egin; baina Quebecen bizi zen proposamena jaso zuenean, eta erronka gisa hartu zuen.
«Esan gabeko biolentzia, eta edertasunarekiko sentsibilitatea; bien arteko norgehiagoka dago Heberten obran».AIORA JAKA IRIZARItzultzailea
Haren idazkera zakar eta ilun hitzekin definitu du itzultzaileak: «Oso idazkera gordina da, esan gabekoen bidez bortizkeria iradokitzen duena». Haren pertsonaiak egoera latzetan bizi diren emakumeak dira sarri, eta, haien bidez, bere garaiko Quececeko herrixketako giro kontserbadorea islatu zuen, haurtzaroan ezagutu zuena, hain zuzen. Txikitan gaitz baten ondorioz gelan bost urtez bakartuta egon izanak ere eragin zuen haren lanean. «Introspekziorako joera garatu zuen, eta idazketa eta irakurketa bihurtu zitzaizkion isolamenduari ihes egiteko bide».
Hala, Heberten obran bi ezaugarri nabarmentzen dira, «biak uztartuta edo elkarren kontra», Jakaren iritziz: «Esan gabeko biolentzia hori, eta edertasunarekiko sentsibilitate bat; bien arteko norgehiagoka islatzen da».
Apaingarririk gabeko idazketa horrekin, obra oparoa osatu zuen egileak. Bost poema liburu ondu zituen, eta, antologia osatzeko, guztietatik hartu du Jakak aleren bat. Halere, bigarren liburua, Le Tombeau des rois (Erregeen hilobia), «Hebert poeta moduan kontsakratu zuen maisulana», osorik itzuli eta jaso du kaierean.
Itzulera bidaia
Giannis Ritsosen ondotik, bildumako bigarren poeta greziarra da Giorgos Seferis (Urla, Otomandar Inperioa, 1900 -Atenas, 1971). Gaztea zela geratu zen haren sorterria Turkiaren menpe, eta haren familiak erbestera jo zuen; deserrian eman zuen bizitzaren parte handi bat, eta horrek «erabat markatu zuen haren poesia eta lan literario guztia», Maite Lopez Las Herasek azaldu duenez. Diplomazialari lanetan ibilbide luzea egin zuen, eta, 1963an, Literatura Nobel saria jaso zuen lehen idazle greziarra izan zen.
«Uste demokratiko sendoak zituen Seferisek», itzultzailearen hitzetan, «eta publikoki salatu zuen Koronelen Erregimena. Horrek ospea eman zion gazteen artean». Halaber, zentsura salatzeko, gehiago ez argitaratzea erabaki zuen, baita hala egin ere. Bizitzako azken urteak Atenasen eman zituen, «isolamendu fisiko eta espiritualean, Koronelen diktaduragatik nahigabetuta».
«Seferisen itsasoa ‘Iliada’-n eta ‘Odisea’-n agertzen den itsaso ardotua da, kolore gorriko itsaso hori».MAITE LOPEZ LAS HERASItzultzailea
Mundu klasikoaren mireslea zenez, haren obra osoan agertzen dira historia eta mitoa, baita obra klasikoen eta bidaiari edo marinelaren figuren printzak ere. «Eta ia poema guztietan, itsasoa, bere Mediterraneo kutuna», gehitu du itzultzaileak. «Seferisen itsasoa Iliada-n eta Odisea-n agertzen den itsaso ardotua da, kolore gorriko itsaso hori». Itzulera ere oso presente dagoen gaia da haren poesian, bai fisikoa, bai haurtzarorakoa, bai iraganera begirakoa. «Bere helburua zen bi mundu uztartzea, bi bizimodu ezberdin: iragandakoa eta bere garaikoa».
Hamargarren urteurrenean, 50. zenbakia
Hamar urte, 50 liburu. 2014ko martxoaren 21ean hasi zen Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bilduma aurreneko lanak plazaratzen. Georg Trakl eta Maria Merce Marçal poeten obrei eskainitakoak izan ziren lehenak, eta, haien ondotik, mundu zabaleko beste hamaika egileren antologiak argitaratu ditu, itzultzaile ugariren lanaren eskutik.
Hamargarren urteurrenarekin heldu da bilduma, beraz, 50. zenbakira. Eta beren poza irakurleekin konpartitu nahi dutela adierazi dute Isabel Etxeberriak eta Maialen Berasategik. Horren harira, martxo hasieran, bildumako emakumezko poeten zenbait piezaren errezital egin zuten zenbait itzultzailek, Iruñean, eta beste ekitaldi batzuk antolatzen ari direla iragarri dute.