Anne Etxegoien Frantzian ezagun egin duten kantuak plazaratu ditu Elkarrek

Baionako Aizkoa abesbatzarekin elkarlanean egindako grabaketak dira.Donostiako Kursaalean aurkeztuko dute lana, azaroaren 14an

Kantu herrikoekin eta abeslariak sortutakoekin osatu dute diskoa. SINADURA / AGENTZIA.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2014ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Aurrez bakarlari modura bi disko plazaratuak zituen Anne Etxegoien kantariak (Donapaleu, Nafarroa Beherea, 1980): Pachamama (2008) eta Adelante (2010). Baina sona eskuratu zuen 2013an Les Voix Basques izenekoa grabatu zuenean Baionako Aizkoa abesbatzarekin. Euskal kantu herrikoiak grabatu zituen disko horretarako, gizon ahotsez osaturiko koruaren laguntzarekin.

Eta sona erdietsi zuen Frantzian, batez ere Le Choeur du Villagetelebista saioan aritu eta gero. Beste talde batzuekin abestu zuen saioaren 6. atalean. 2012an eman zuen saioa France 3 telebista kateak. Orduz geroztik, asko zabaldu zen Etxegoienen izena Frantzian. 60.000 kopia baino gehiago ditu saldurik, eta, diskoa helduleku izanik, kontzertuak egin ditu munduko beste hainbat herrialdetan ere: hala nola Argentinan, Ameriketako Estatu Batuetan, Ingalaterran, Irlandan eta Espainian. Frantzian barrena Basque et Paz Tour izeneko bira egiten ari da oraindik.

Salmentari erreparatuz gero diskoak izan zuen arrakasta ikusirik, aurten bertan disko haren bertsio berri bat grabatu zuen: Les Voix Basques. Berriz izenekoa. Berriro ere, Baionako Aizkoa koruarekin grabatu zuen, eta beste euskal kantu herrikoi batzuk batu zizkion.

Frantzian eta Ipar Euskal Herrian izandako oihartzuna Hego Euskal Herrian berritzeko asmoz bi disko horietatik aukeraturiko hamahiru kanturekin beste bilduma bat osatu eta Elkar etxeak plazaratu du orain, Les Voix Basques. Ongi Etorri izenburupean. Lan horretan oinarriturik, kontzertua eskainiko du heldu den azaroaren 14an, Donostiako Kursaal aretoan (20:00etan). Euskara ikasten ari da Etxegoien, eta hala adierazi zuen atzo egindako aurkezpenean kontzertuaren egitura nolakoa izango den. «Kontzertuaren lehen zatian, abesbatza ariko da bakarrik. Ondoren, ni neu bi musikariren laguntzaz. Eta jarraian guztiok batera».

Aizkoa abesbatzak 12 urteko ibilbidea du, eta dozena inguru lagunek osatzen dute. «Baionako festetan elkar ezagutu genuen, 2006an, ardo bat hartuz», zehaztu zuen lehen enkontrua Etxegoienek.

Txoria txori, Haurtxo txikia, Xalbadorren heriotzean, Herriko festa, Aita Gurea, Maitia nun zira, Pilota partida bat, Aldapeko eta Oi gu hemen dira diskoan bildutako kantu herrikoiak, eta Ongi Etorri, Pachamama, Aldegin eta Milesker kantu berriak, Etxegoienek berak beste musikari batzuekin elkarlanean sortuak.

«Erronka» Elkarrentzat

Euskal kantutegi tradizionala zabaldu bai, baina hautaturiko bideak folklorizazioan erortzeko arriskua ote duen galdetuta, Angel Valdes Elkarreko arduradunak adierazi zuen «garrantzitsuena kantua» dela. «Kantua da daukagun altxorra, eta haren bidez egiten da transmisioa. Zenbat eta zenbat kantu ditugu norenak diren ez dakizkigunak, baina kantua ezagutzen dugu, eta hura da garrantzitsua. Anne Etxegoienen ahots ederraren bitartez gure kantua mundura zabaltzen da, eta horrekin batera gu garena».

Elkarrentzat «erronka handia» dela nabarmendu zuen Valdesek. «Kalitate handiko produktua da, lehiakorragoak egiten gaitu, eta gure marka sendotzeko balio dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.