Esana zuen ez duela askorik maite bere buruaz pentsatzea, nor den pentsatzea. «Zure ibiltzeko moduaz kontziente bilakatzea bezala da hori: estropezu egiten duzu azkenean». Literaturako Nobel sarirako hautagaien artean hainbestetan agertu dela eta, hala erreakzionatu izan du Anne Carsonek urteetan, baina azkenean foku guztiak itzuli dira haren izenaren gainera. Azken urteetan ez bezala, kinieletan maiz agertu izan den izen baten alde egin du aurten Suediako Akademiak 2026ko Literaturako Nobel saria Carsoni emanda. «Asmamen handiko obra kementsu bat sortzeagatik, tradizio klasikoarekin elkarrizketa ludikoan dagoena eta literatura garaikidearentzat forma berriak sortu dituena». Hala arrazoitu du bere erabakia epaimahaiak, eta mende honetako ahots garrantzitsuenen artean zuen lekua berretsi dio sariak poeta, saiakeragile, itzultzaile eta ikasketa klasikoetan adituari. Abenduaren 10ean jasoko du aitortza, Stockholmen.
Ikusi gehiago
Toronton jaio zen Carson, 1950. urtean. Aita banku zuzendaria zenez, Kanadako herri txiki batetik bestera igaro zuen haurtzaroa, eta institutu garaian mundu klasikoarekin estu lotuko zuen irakasle batekin gurutzatu zen. Hain justu, kultura eta letra klasikoetan sakontzeak eta hura berritzeko gogoak ezaugarritu du Carsonen ibilbide osoa, bai idazle gisa, baina baita itzultzaile eta pentsalari gisa ere. Hiru jardunak egin ditu batean hasieratik, idazketa, itzulpena eta unibertsitate ugaritako irakaskuntza —Kanada, Eskozia eta AEBetako unibertsitate ugaritan eman ditu eskolak—. Bi-biek, lan akademikoek eta sorkuntza proiektuek bere idazmahaian toki bera hartu izan dutela azaldu izan du. «Batetik bestera ibili ohi naiz, eta hala darabiltzat esaldiak ere, bi alorrek elkar busti dezaten utziz».
Horren erakusle da Safori buruzko doktore tesia egin eta gutxira argitaratu zuen liburua, bere lehena: Eros the Bittersweet (1986; Eros mingots-gozoa). Desirari, maitasunari eta Grezia klasikoan irakurketak eta idazketak zuten lekuari buruz diharduen saiakera bat da, ikusteko gutxi duena ohiko lan akademiko batekin. Safok maitasuna deskribatzeko darabilen «gozo-mingots» adjektibotik abiatuta, «meditazio bikaina» eskaintzen duen lana dela nabarmendu du Suediako Akademiak, eta gaineratu du hark jarri zituela Carsonek ondoren garatuko zuen lanaren oinarriak — Modern Library argitaletxeak ez-fikziozko inoizko 100 lanik onenen zerrendan sartu zuen liburua—.
Konstelazio literarioak
Poeta saiakeretan, saiakeragile poesian, sortzaile itzulpenetan eta itzultzaile sorkuntzan. Itzulpenak, poema liburuak eta askotariko saiakerak elkartuta, obra zabala plazaratu du Carsonek, eta guztiek badute zerbait komuna: lan bakoitzaren sailkaezintasuna. 42 urte zituen bere idazle bizitza ospea hartzen hasi zenerako, eta aurretik eta ondoren tinko eutsi dio esperimentazio senari. Modu honetan azaldu eta goratu du hori gaur Suediako Akademiak: «Filologoaren hitzekiko obsesioak eta esanahi berriak bilatzeko poetaren irrikak bat egiten duten lekuak ardazten du Carsonen obra ia osoa. Idazleak berak aitortu izan duenez, hitzen etimologia da haren lan guztiaren abiapuntua».
Generoen arteko banaketa tradizionalaren gainetik ez ezik, garaien banaketa zurrunen gainetik ere egiten du jauzi, bada, Carsonen literaturak. Horren adibide argiak dira, esaterako, Economy of the Unlost (1999, Galtzen ez den horren ekonomia) eta Men in the Off Hours (2000, Gizonak denbora librean) liburuak, non, hurrenez hurren, K.a. VI. mendeko Simonides de Ceos poeta eta Paul Celan, Virginia Woolf eta Tucidides historialaria jartzen dituen elkarrizketan Carsonek. Akademiako ordezkarien esanetan, «konstelazio literario» horien bidez urrundu da Carson «ni narratiboari lotutako poesia lirikotik», eta horrek ireki dio bidea bere obra «ludiko eta ironikoari».
Idazle klasikoen itzultzaile gisa, Eskiloren Agamenon, Sofoklesen Elektra, Euripidesen Orestes eta Saforen pusketatik abiatutako If Not, Winter (2002; Ezezkotan, negua) argitaratu ditu Carsonek, besteak beste.
«Beste mundu baten inpresioa»
Euskaraz Carsonen bi lan daude irakurgai, hamarkada berekoak biak: Izaskun Etxebeste Zubizarretak itzulitako Kristalezko saiakera (Egan, 2024) eta Joxe Mari Berasategik itzulitako Gorriren autobiografia: nobela bat olerki lerrotan (Erein, Igela, 2024). Lehena aldi berean da olerkitan emandako doluari eta maitasunari buruzko narrazio luze bat eta Emily Bronteren obraren gaineko berrirakurketa bat; eta bigarrenak, berriz, Estesikororen (K.a. 630-550) Heraklesen eta Gerionen antzinako mito greziarra gaurkotzen du, ordainik gabeko maitasun istorio moderno bihurtuz.
Literatura Unibertsala bildumaren barruan eman zuen Gorriren autobiografia Berasategik, eta hala idatzi zuen hitzaurrean: «Carson irakurtzeak beste mundu bateko inpresioa ematen du, estralurtarra edo antzinarokoa, zeinetan egungo munduko kategoriek artifizialegiak edo sinplistegiak baitirudite komunikatu nahi digun zinezko egia azaltzeko».
Gorriren autobiografia-rekin batera, Nox (2010) da autorearen beste lan aipagarrienetako bat. Katulok bere anaiaren hiletari idatzitako 101. poemaren itzulpenari eskainitako saiakera bat da, eta bere anaia zenduari eskaini zion Carsonek. Orri lotuekin, familiako argazki-sorta batekin, heriotzari buruzko gogoetekin eta Carsonen beraren irudiekin plazaratu zuten, kutxa itxurako artefaktu batean.
Liburuak soilik ez, antzezlan eta gidoi ugari idatzi ditu Carsonek, baita erakusketa, opera eta performanceetarako testu eta ezin konta ahala artikulu ere. Duela bi urte parkinsona diagnostikatu zioten idazleari. Bere kaligrafia «desegiten» ari zela sentitzen zuela adierazi zuen orduan testu batean. «Zaila da degeneratibo hitzaren barruan bizitzea, esan nahi baitu asko saiatuta ere ez dudala irabazten».
Joera aldaketa berretsita
1901ean lehen aldiz banatu zenetik, Suediako Akademiak 104 gizoni eta hemezortzi emakumeri eman die Literaturako Nobel saria —Carsonekin hemeretzi dira orain arte saritutako emakumezko idazleak—. Lehenengo ehun urte pasatxoan, irabazlea gizonezkoa, europarra eta 60 urtetik gorakoa izan da ia beti. Joera hori, baina, aldatuz joan da azken urteetan, eta norabide hori berresten du aurtengo ebazpenak ere.
Iaz Laszlo Krasznahorkai idazle hungariarrak irabazi zuen aitortza, eta duela bi urte, berriz, Han Kang idazle hegokorearrak. Herrialdeka begiratuta, Frantziako idazleak izan dira sarituenak gaur artean —hamabi denera, horietatik bakarra emakumea: Annie Ernaux, 2022an—.
Carsonekin batera, Can Xue, Gerald Murname, Amitav Ghosh, Thomas Pynchon, Mircea Cartarescu, Cristina Rivera Garza, Salman Rushdie, Cesar Aira eta Margaret Atwood ziren faboritoak aurten Bethard eta Ladbrokes apustu etxeek egindako kinieletan.