Literatura

Anjel Lertxundiren inguruko lehen ziklo monografikoa egingo dute Udako Ikastaroetan

Hamalau hitzaldi, zuzeneko irakurketa musikatu bat eta idazlearen beraren parte hartzea bilduko ditu. Ekainaren 29an eta 30ean izango da, Donostiako Miramar jauregian, eta, atariko gisa, Lertxundiri gorazarre egiteko programa berezia antolatu dute Zarautzen.

Anjel Lertxundi idazlea, 2020ko urtarrilean. ANDONI CANELLADA / FOKU
itziar ugarte irizar
2023ko maiatzaren 19a
13:35
Entzun

Euskal literaturaren izen handi bat eta haren obra literatur ikasketen erdigunean jartzea, urtetako lan eskergari aitortza egitea eta haren lanak ikergai gisa duen interesa agertzea, ikerketa eremu berriei ateak irekiz. Besteak beste helburu horiei erantzun asmoz antolatu dute Anjel Lertxundiren (Orio, Gipuzkoa, 1948) obra aztertuko duen lehen ziklo monografikoa aurtengo EHUko Udako Ikastaroen barruan: Anjel Lertxundi: idazlea eta obra. Alor askotako hizlariek hartuko dute parte, esparru askotan aritu izan delako Lertxundi bera ere mende erditik gorako ibilbidean. «Ospakizun giroko goi mailako kongresu bat» izatea da asmoa, antolatzaileen esanetan.

Alex Gurrutxaga eta Beatriz Zabalondo EHUko irakasleak dira ikastaroaren zuzendariak, eta, Gurrutxagak BERRIAri kontatu dionez, kasik istripuz sortu zen ikastaroaren asmoa, biek bat egin zutenean burutazio batean: idazleak urte luzez egin duen lan eskergaren tamainako aitortzarik ez duela jaso gaur artean mundu akademikoaren partetik. «Hainbeste literatura idatzi duen norbait, telebistan jardun dena, gidoigintzan, kolaborazioetan, prentsan... Denetarik egin du, eta, irakurleen aldetik estimazio handia lortu duen arren, gizartean izan duen oihartzun horren tamainako aitortzarik ez du izan akademian. Sari garrantzitsuak eta bestelako gauza gutxi batzuk bai, baina ez da proportzionala egin duen lan guztia mundu akademikoak egin dion lekuarekin. Hortik sortu zen ikastarorako gogoa», kontatu du.

Ikastaroko ponentzia batzuek Lertxundiren obraren alderdi askotarikoetan jarriko dute arreta (nobela, saiakera, haur eta gazte literatura, zinema...), gaur egun indarrean dauden zenbait ikerketa ikuspegitan oinarrituta, hala nola genero ikasketak, gatazkaren azterketa, ikasketa kulturalak, ahozkotasuna eta beste. Baina, horrekin batera, saio «informalagoak» ere prestatu dituzte, eta horien artean izango dira, besteak beste, Danele Sarriugartek Lertxundiri egingo dion zuzeneko elkarrizketa, Joxan Goikoetxearen musikarekin egingo duten irakurketa musikatua, eta Lertxundiren beraren itxiera-hitzartzea.

Ikastaroan parte hartuko dutenen artean daude, halaber, Lourdes Otaegi, Beñat Sarasola, Idoia Santamaria, Jorge Gimenez, Ainhoa Fernandez de Arroiabe, Iñaki Lazkano, Antton Olariaga, Andoni Egaña, Iratxe Retolaza, Nerea Arruti, Xabier Etxaniz Erle, Karla Fernandez de Gamboa eta Juan Kruz Igerabide.

Ikasle eta ikertzaileei ez ezik, ikastaroa Lertxundiren obran interesa duen orori zuzenduta dago, eta zabalik da jada matrikulazioa. Helbide honetan eman daiteke izena, baita programaren xehetasunak kontsultatu ere.

«Idazle totala»

Ikastaroaren atariko gisa, idazleak euskal kulturgintzan izan duen eragina eta irakurleengan lortu duen onarpena omenduko dute Zarautzen (Gipuzkoa), egun batzuk lehenago. Ekainaren 20an izango da, eta bi atal izango ditu ospakizunak: lehenik, Zarauzko Udalak kultur merezimenduaren domina emango dio udaletxean, 18:30ean hasita —Uxue Alberdik eta Jexuxmai Lopategik ere hartuko dute parte—; eta, ondotik, Idazle totala izeneko solasaldia egingo dute Modelo aretoan, Andoni Egaña, Danele Sarriugarte, Iratxe Retolaza eta Iñigo Astizekin.

Bi emanaldiak irekiak izango dira. Antolatzaileen esanetan, hori izango baita, hain justu, asmoa: «Irakurle eta adiskideek Lertxundiren obra ospatzen jarraitzea eta egileari gorazarre egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.