Anjel Lertxundi eta Adan Kovacsics idazleen arteko elkarrizketa batekin hasi da Gutun Zuria nazioarteko letren jaialdia, 17:30ean, Bilboko Azkuna zentroan. Besteen irakurketak, neure irakurketak izenburuko solasaldian parte hartu dute bi idazleek.
Aurten, Idatzi/Editatu/Irakurri izenburupean antolatu dute jaialdia; izan ere, idazketa, edizioa eta irakurketa prozesu beraren zati gisa aztertu nahi dituzte, «sorkuntza lan bateratu gisa ulertuta, non praktika horietako bakar bat ere ezin den besteetatik bereizi», gaur goizean emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez. Horrela, literatura asmatzeko, ekoizteko, banatzeko, komunikatzeko eta kontsumitzeko modu berriak islatuko ditu jaialdiak. Antolatzaileek adierazi dutenez, Gutun Zurian izango dira «literatura garaikideko zenbait erreferentzia, hala nola Manuel Rivas, Gonçalo M. Tavares, Juan Pablo Villalobos eta Elvira Navarro; egungo narratibako ahots berriak, hala nola Pol Guasch, Munir Hachemi, Leire Bilbao eta Sara Torres; euskal literaturaren panorama berria irudikatzen duten egileak, tartean Katixa Agirre eta Eider Rodriguez; eta idazketa antropologiatik, filosofiatik, psikologiatik edo interpretaziotik abiatuta jorratzen duten sortzaile heterogeneoak, hala nola Iñigo Martinez Peña, Jon Gerediaga eta Bob Pop».
Batzuetan, elkarrizketak izango dira; beste batzuetan, berriz, musika eta mugimendudun irudia gehituko zaizkie idazketari eta irakurketari, eta, hala, literatur esperientzia berriak proposatuko dituzte. Esaterako, Iban Zaldua idazlearen eta Miren Narbaiza abeslariaren arteko topaketa musikatua izango da bihar, eta Abraham Bobaren ikus-entzunezko ikuskizuna gaur bertan, jaialdiari hasiera emateko (19:00).
Jaialdiaren irekierari buruzko prentsaurrekoa egin dute gaur, eta hartan parte hartu dute Nekane Alonso Azkuna zentroko Administrazio Kontseiluko presidenteordeak, Fernando Perez Azkuna zentroko zuzendariak; Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak, Anjel Lertxundi eta Adan Kovacsics egileek, eta Nuria M. Cres artistak (Mama Crea).