Duela hogei urte-edo, itzulpenarekin ikustekorik izan zezakeen zerbait idazteko eskatu zion EIZIE elkarteak Anjel Lertxundiri, eta halaxe jaio zen Berbelitz, «aire librean» jaio ere, langintza horretarako inolako baldintzarik jarri ez ziotenez. Haren liburu berriko protagonista da Berbelitz —berba, ele eta hitz-en batura—, ofizioz itzultzailea, apunteak hartzeko ohitura handikoa. Beste munduak, beste begiradak zaizkio axola; beste kulturetako sentiberatasunak euskarara ekartzea. Apuntez apunte, karpetak eta karpetak osatu ditu Berbelitzek, eta haiek logika batera ekartzea egokituko zaio Berbelitzen lagun idazle bati. Horrainokoa abiapuntua.
Liburuaren generoa aldez edo moldez zehaztu behar, eta saiakera literario gisa definitu du Alberdaniako kide Aritz Galarragak Berbelitzen hiztegia: «Lertxundik maisuki lantzen du genero nahasketa hori, eta zorionekoak gara saiakera literarioan laketu delako».
«Lertxundik maisuki lantzen du genero nahasketa hori, eta zorionekoak gara saiakera literarioan laketu delako»
ARITZ GALARRAGAAlberdaniako editorea
Lertxundiren Itzuliz usu begiak ekarri du gogora Galarragak (Alberdania, 2019), orduko hartan bezala oraingo honetan ere itzulpengintzari heldu diolako Lertxundik, eta, bide horretatik, nabarmendu du euskarara itzulitako liburuak «euskaraz egindako literaturarik onenetakoa edo onena» direla.
Umberto Eco idazle italiarraren hitzak ere baliatu ditu Lertxundiren ekarria kokatzeko: «Hark esaten zuen Europako hizkuntza itzulpena dela, eta nik esango nuke zentzu horretan europarrena Lertxundi dela, ikusi besterik ez baitago zenbat autore darabiltzan».
Lertxundik, berriz, bere Letra kalekantoitik liburura egin du atzera azalpen bila (Alberdania, 1986), harako jasotako metaforak, aipuak eta gainontzeko «perlatxoak» biltzeari ez baitio utzi geroztik, eta perla horiek baitira, hain zuzen, hiztegiaren iturria. Berbelitz, esan gabe doa, Anjel Lertxundiren alter ego-a izan liteke, aldeak badiren arren: «Berbelitzek ez bezala, liburuetan egiten ditut apunteak, ez paper muturretan. Liburuak zikintzen dibertitzen naiz».
Itzulpengintza dela eta, «txikitandik» erakarri duela esan du Lertxundik, baina bereak batik bat itzulpen txikiak izan direla adierazi nahi izan du: «Nire itzulpen lan nagusia aipamenetan dago. Batzuetan jatorrizkotik itzuli ditut, baina gehienetan beste itzulpen batzuen bidez. Hori da itzultzaile gisa dudan meritu bakarra».
Obra literario original baten itzulpena «berez eta izatez obra literario» bihurtzen dela uste du Lertxundik: «Literatura Unibertsala bilduma edo Igela argitaletxeko liburuak literatura dira, euskal literatura, jatorrizko hizkuntzetatik geurera ekarritako perlak». Berbelitz protagonistak ere horixe du bokazioa: «Horko eta hango obra literarioak itzuliz, hemengo obra literarioak eskaintzea euskarari». Lertxundiren aburuz, «mundu globalizatuan hizkuntza jakin bateko literaturak asko jasotzen du beste hizkuntzetatik, nahiz eta gutxitan esaten eta aztertzen den».
«Mundu globalizatuan, hizkuntza jakin bateko literaturak asko jasotzen du beste hizkuntzetatik, nahiz eta gutxitan esaten eta aztertzen den»
ANJEL LERTXUNDIIdazlea
Nolanahi ere, Berbelitzen hiztegia itzulpengintzaz harago doala nabarmendu du Galarragak: «Euskal autoreez, hizkuntzaz, euskaraz, lengoaiaren ahalez eta ezinez, mugez eta plazeraz ere ari da, eta hori guztia prosa ezin gozagarriagoan».
Hizkiz hizki
Liburuaren mamia prosa laburrez josia da, eta, liburuaren izenburutik beretik iradokita datorrenez, hiztegi baten gisan daude sailkatuta, hau da, hizkiz hizki, eta hizki bakoitzak atal bat osatzen duela. Testu labur horiek idazteko, molde asko baliatu ditu Lertxundik, hala nola glosa, hausnarketa, kronika, kritika, ipuina eta beste, betiere sentsazio eta gaitegi literario oparoa lortze alde.
Liburua sailkatzen zaila izanagatik ere, «bete-betean literatura» dela azpimarratu du Idoia Santamaria editoreak: «Artefaktu literario bat da, sorkuntza artifizialaren adieran eta lehergailuaren adieran, elementu bizi-bizi bat baita: tik-tak egiten du, eta irakurlearen barne klaketari eragiten dio».
Lertxundiren liburuak irakurtzeko modu asko dago Santamariaren ustez, baina bere kutunena literatur gida moduan irakurtzea dela esan du: «Lertxundiren liburuak literatura unibertsaleko erreferentziaz beteta datoz beti, eta oso atsegina da liburuetan uzten dituen arrasto horiei segitzea: deskubrimendu handiak egiten dira».
«Lertxundiren liburuak literatura unibertsaleko erreferentziaz beteta datoz beti, eta oso atsegina da liburuetan uzten dituen arrasto horiei segitzea: deskubrimendu handiak egiten dira»
IDOIA SANTAMARIAItzultzaile eta editorea
Horrez gain, liburuaren meriturik handienetako bat «tradizioa eta modernotasuna berariazko asmo pedagogikorik gabe, ezer behartu gabe uztartzea» dela nabarmendu du Santamariak.
Hiztegia osatzen duten sarrerak ez dira beti hitz soilak; batzuetan tituluaren antz handiagoa dute, eta beste batzuetan esaldiak edota hitz jolasak izan litezke: esate baterako, «Xuxen ibili Xuxenekin», edo «Boludamentean auzo gira», azken hori Lertxundiren lagun batek Argentinatik bidalia. Santamariak A letrako bat du kutunena: «Ahots bat, ia nirea»
Jorge Gimenez gogoan
Santamariak eta Galarragak bezala, Lertxundik ere Alberdaniako editore Jorge Gimenez zena izan du gogoan, besteak beste liburuaren edizioa beti zaintzen zuelako, eta Berbelitzen hiztegia idazten hasi zenean harekin ere hitz egin zuelako: «Jorge nonahi dago. Ez dakit esandako guztiak obeditu dizkiodan, baina saiatu naiz».