Riga, 2014ko kultur hiriburua (II). Kultura eta hizkuntza

Aniztasuna, oreka konplexuan

Letoniar kultura bultzatzeaz batera, errusiarrak eta gutxiengoak aintzat hartzea du helburu Rigak, aurtengo Europako kultur hiriburuak.

Riga
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Giza katea egin zuten aurtengo urtarrilaren 18an Rigan, Europako kultur hiriburuaren egitarauari hasiera emateko. Kultur eragileek, arduradun politikoek eta herritarrek, elkarri eskua emanda, katea osatu zuten hiriaren erdiguneko kale eta zubietan zehar, liburutegi zaharretik berrirako tartean. Eskutik eskura liburuak pasatu zituzten, eta, hala, liburuak beren etxe berrira aldatu zituzten. Kulturaren gorazarrerako ekitaldia izan zen hura, baina ezin da ukatu Letoniako herriarentzat beste esanahi batzuk ere izan zituela. 1989an, Lituania, Letonia eta Estoniako herritarrek giza kate erraldoia antolatu zuten, Sobiet Batasunari eta munduari erakusteko beren etorkizunaren jabe izango zirela. Letoniako kulturak eta hizkuntzak ere etorkizuna badutela erakutsi nahi dute, Riga Europako kultur hiriburua dela baliatuta.

Errealitatea hori baino konplexuagoa da, ordea. Letonia osoa, baina bereziki Riga hiriburua, askotarikoa da kulturaz, hizkuntzaz eta pentsaeraz. Letoniarrekin batera, gutxiengo askotako herritarrak bizi dira. Sobiet Batasunaren garaitik, gainera, errusiar mordoa dago herrialdean, eta batzuek letonieraz ere ez dakite. Horra hor, bada, Rigak 2014ko kultur hiriburu izateko bidean aurkitu duen erronkarik latzena; alegia, nola baliatu izendapena letoniar kulturari bultzada emateko eta, era berean, errusiarrak eta gutxiengoak proiektuaren partaide senti daitezen. «Denentzako kultur programa egin dugu; ez dugu nahi jendea banatzea, kulturaren bidez jendea batzea baizik», kontatu du Aiva Rozenbergak, Riga 2014ko programa arduradunak.

Iraganaren pisua

«Riga erdi errusiarra da», dio hotel bateko langile Christenek, eta hala da. Letoniarren %27 errusiar jatorrikoak dira, eta hiriburuan are gehiago dira, erdiak inguru. Auzo askotan, errusiera gehiago entzuten da bertako hizkuntza baino. Errusiarrak gutxiengotzat hartzea ez litzateke egokia: «Rigan, letoniarrak gara gutxiengo, kasik», dio Rozenbergak. Historiak pisu handia du oraindik herrialde baltikoen gogoetan, tsarren sasoietatik Errusiako kultura boteretsua letoniarrak bereganatu eta azpiratzen saiatu baita. Gero, Sobiet Batasuneko errepubliketako bat izan zen Letonia, eta, egoera zuzendu beharrean, are gehiago gaiztotu zen. Letoniarrek sobietarren okupazioa deritzoten aldian, errusiar jatorriko herritar andana heldu zen Rigara, Baltikoa erabat errusiartzeko planaren barruan, eta milaka letoniar deportatu egin zituzten Siberiara. Askorentzat, itzulera gabeko bidaia izan zen. Hortaz, elkarren arteko errezeloak gainditzea ez da zeregin erraza. «Kultur hiriburuaren egitarauan, bi kulturak aintzat hartzeko ahaleginean, Rigan bizi diren errusiar jatorriko artistak gonbidatu ditugu», azaldu du Rozenbergak. «Errusiar, letoniar zein kultura gutxitu batekoa izan, denek programa bat eta bakarra osatzen dute, bereizketarik gabe».

Riga 2014 Europako kultur hiriburuaren antolatzaileek herritar guztiak batu eta etorkizuna denen artean eraikitzeko asmoa dute. Nolanahi ere, memoria historikoa ez dute baztertu, eta konplexurik gabe begiratzen diete XX. mendean Rigak jasandako gertakari mingotsenei. Hala, Stura Maja edo Izkinako Eraikina esaten zaiona barrutik ikusteko parada emango dute, bisitaldi gidatuen bidez. Stura Maja eraikina, Riga erdiguneko Brivibas etorbidean kokatua, Sobiet Batasuneko zerbitzu sekretuen egoitza izan zen, Letoniaren independentziarekin ospa egin zuten arte. Aleksandrs Vanags arkitektoak diseinatu zuen Stura Maja, 1912an, estilo neoklasikoan, dendak eta etxebizitzak hartzeko, baina zeregin ilunagoak egokitu zitzaizkion geroago, atxilotuak galdekatu, torturatu eta hiltzeko gunea izan baitzen sobietar indarrentzat. Ehunka pertsona hil ziren eraikin dotorearen hormen artean. Zifra zehatza jakiterik ez dago, dokumentu asko galdu egin direlako. Gaur egun, bertan behera utzita dago, eta, urte askoan lehenengo aldiz, herritarrek barrutik ikusi ahal izango dute eraikin misteriotsua. Sobietarrek erabilitako ziegak, pasadizoak, galdeketa gelak eta fusilamenduetarako eremua bere horretan daude. Oraingoz, Rigako kultur hiriburuaren jardueren barruan, salbuespen gisa antolatu dituzte bisitaldiak; izan ere, Stura Maja egoera tamalgarrian dago, argindarrik gabe eta egitura erabat ahulduta.

Bizirik irauteko genea

Germaniar zaldunak, suediarrak, Errusiako Inperioa, Sobiet Batasuna zein naziak izan, herri boteretsuentzat lurralde erakargarria izan da beti Letonia. Beren kultura txikiak mendez mende iraun duela ospatzen ari dira 2014an. «Kultura indartsuen artean bizirik irauteko, nire ustez, aldi berean egon behar duzu munduari begira eta zeure kultura zaintzeko prest», dio Rozenbergak. «Letoniar kulturaren elementu bereizgarriak zabaltzen ahalegin berezia egiten ari gara kultur hiriburuaren programan, baina, inor behartu gabe, era naturalean txertatu dugu egitarauan».

Letoniak munduarekin daukan lotura azaleratzen ari dira: «Atzerrian bizi arren letoniar jatorria duten artistak gonbidatu ditugu, Europan edo Amerikako Estatu Batuetan ibilbide oparoa osatu dutenak; hala, erakusten ari gara txikitasunetik mundu osora hel daitekeela». Rozenbergaren ustez, letoniarrek badute «bizirik irauteko genea», beren nortasunak aurrera egitea lortu baitu egoerarik latzenetan ere. Dena dela, nazioarteko proiektua da kultur hiriburua, eta, beraz, informazio nagusia hiru hizkuntzatan ematen dute argitalpenetan eta webgunean: letonieraz, errusieraz eta ingelesez. «Ahalik eta hizkuntza gehien erabiltzen saiatzen gara; aurrekontuak ematen duen neurrian egiten ditugu itzulpenak», dio Rozenbergak.

Letoniar eta errusiarrekin batera, gutxiengo etniko askotako herritarrak bizi dira Rigan, eta haiek ere ez dituzte programatik baztertu nahi. Legearen arabera, ukrainar, bielorrusiar, judu, estoniar, lituaniar, poloniar eta erromaniek hezkuntzaren %60 beren hizkuntzan jasotzeko eskubidea dute eskolan. Etnia guztiak dira kultur hiriburuaren partaide, sortzaile eta onuradun, teorian behintzat. «Proiektu hau herritar guztientzat izan da hasieratik; horregatik ez dugu kritikarik jaso ez errusiarren partetik eta ez gutxiengoen aldetik». Rozenbergaren ustez, «kulturak hizkuntza bakarra hitz egiten du, eta hori ondo komunikatzea funtsezkoa da».

Hiriaren bihotzean, alde zaharrak eta etorbide berriek bat egiten duten zabalgunean, Askatasunaren Monumentua dago, Letoniako jatorrizko hiru eskualdeak ordezkatzen dituzten hiru izarrekin. Potentzia handien menpe egon eta gero, aske den Letonia berriaren sinbolo da. Izan ere, pixkanaka, 1991n Letonia independentea abian jarri zutenen ametsa gorpuzten ari da. Gaur egun, gazte guztiek badakite letonieraz, estatuaren hizkuntza baita, eskolan derrigorrean irakasten dena. Errusieraz baizik mintzatzen ez diren adineko pertsonak iraganaren aztarna gisa geratzen ari dira. Herrialdeak iraungo badu, ordea, aniztasun kulturalari lekua eginez izango dela ikusten dute. Hala, errusieraz hitz egiten dute askok etxean edo lagunartean, baina letoniartzat dute beren burua. Letoniar izaera aldarrikatu nahi baina beste kulturekin oreka bilatu behar: horixe da herrialdearen patua, eta Riga 2014ko programazioan hala islatu nahi izan dute. Besteei lekua eginda, norbere etxekoa indartzea da asmoa. Rozenbergak dioenez, «hau Letonian oinarritutako proiektua da, baina munduari zabalik dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.