Abestu ote liteke estrukturalki norbera baino zapalduago dagoenaren ikuspegitik? Hau da, jar ote liteke bertsolari zuri bat emakume beltz baten larruan txaloak lortzeko txapelketa batean? Maider Arregi bertsolari, irakasle eta ikerlaria (Oñati, Gipuzkoa, 1996) ezezkoan dago, ezin dela, ez litzatekeela zilegi. Eta pentsatu ez ezik, praktikan ere jartzen du plazan: «Ni baino zapalduagoak diren pertsonen gorputzetik ez dut abesten». Uxue Apaolaza idazle hernaniarraren hitzak bere eginez azaldu du zergatia: «Nire pribilegioen biktimez mozorrotu nahi ez dudalako». Nondik eta zeri ari gatzaizkio bertsotan? lelopean eginiko EHUren Udako Ikastaroetan mintzatu da Arregi, eta bete-betean heldu dio arrazakeriari.
Hamaika argudio aletu ditu ezezko horretan taxututako hipotesiaren alde. Garrantzitsuena Euskal Herrian arrazakeriaren aurka dauden militanteek eman diote. Raices elkarteko kideek Durangoko V. Jardunaldi Feministetan esana da, kasurako, ez dutela nahi «inork instrumentalizatu ditzan, politika errealik ez dagoen artean». Horrez gain, ez dutela «kuota arrazializatua» izan nahi, zurien feminismoan. Emakume Migratu eta Arrazializatuen Sareak eskaera garbia egin zuen aipatu jardunaldietan: Ez dute nahi arrazializatua, migratua edo errefuxiatua ez den beste inork ordezka ditzan. Arregik beste era batera formulatu du esaldia: «Zuriok ezin dugu haien esperientzia erabili gure artea egiteko».
Argudio horiek aski eta sobera zaizkio Arregiri, eta ez luke besterik behar emakume beltz baten tokitik kantatzeari uko egiteko. Alta, urrunago jo du, eta hainbat arrisku zerrendatu. Lehenik eta behin, «apropiazioa norbere onura sozialerako erabiltzea», besteak beste, txapelketan puntuak eta txaloak lortzeko, jendearen miresmena bilatzeko edota jendea emozionatzeko: «Nire esperientziak hunkigarriak ez direnez, beste batzuen esperientziak hartuko ditut, ez jende horrek egiten dituen aldarrikapenak indartzeko, edo haien zapalketari aurre egiteko, baizik eta nire kapital soziala indartzeko».
«Nire esperientziak hunkigarriak ez direnez, beste batzuen esperientziak hartuko ditut, ez jende horrek egiten dituen aldarrikapenak indartzeko edo haien zapalketari aurre egiteko, baizik eta nire kapital soziala indartzeko»
MAIDER ARREGIBertsolari eta ikerlaria
Arregik «pornografia emozionalerako arriskua» aipatu du ondotik: «Migratzaileen ibiliak kontatzean enfasia oinazean jarriz gero, biktimizatu egin liteke». Eta horri lotuta, idealizazioa: «Migrazio prozesu batean enfasia migratzailearen ausardian edo balentrian jarriz gero, sinplifikazio arriskutsu batera irits gaitezke».
Horren ilustragarri, bertsotan marraztu ohi den migratzailea hartu du hizpide: «Afrikan gorriak ikusitakoak, Melillako harresian jauzi eginda etorritakoak, familiari dirua bidaltzen diotenak, euskara ikasi nahi dutenak...». Profil hori oso bakana dela dio Arregik, ez dela errealitatearen ispilu. Haren hitzetan, «errazago da besteena hartzea autokritika egitea baino». Bertso sortetan joera garbi bat aurkitu du Arregik: «Arrazakeriaren aurka gaudela behin eta berriz azpimarratzen da, eta, jakina, indarra eman behar zaio horri, baina ez haien lekua hartuta eta gu heroi gisa agertuta».
«Arrazakeriaren aurka gaudela behin eta berriz azpimarratzen da, eta, jakina, indarra eman behar zaio horri, baina ez haien lekua hartuta eta gu heroi gisa agertuta»MAIDER ARREGIBertsolari eta ikerlaria
Lehen eta hirugarren pertsonak
Arregiren ezezkoaren hipotesia, baina, ez da arriskurik gabea. Lehen edo hirugarren pertsonan kantatzearen arteko aldeez eta muga etikoez mintzatu da. «Ezin dut emakume beltz baten izenean aritu, baina kanta dezaket lagun dudan emakume beltz baten miseriez?». Alegia, ekidin litezke akatsak hirugarren pertsonan kantatuta? Arregiren arabera, ez da horren sinplea, berdin ager bailiteke biktimizazioa edota sinplifikazioa. Haren ustez, ezagutzan datza funtsa. Cristina Moralesen Lectura fácil liburuak eman dio horretarako adibidea. Desgaitasuna duten lau lagunen kontakizuna dakar idazleak, gehienak lehen pertsonan kontatuak: «Nire hipotesitik ezingo litzateke halako libururik idatzi, idazleak ez baitu inolako ezgaitasunik, baina liburu hori izugarria da». Testu horrek atzean dakarren lanketa goraipatu du Arregik. «Hori literatura da, ordea, eta bertsolaritzak ez du halako matizazioetarako tarterik ematen».
Bere hipotesia kolokan jartzeko moduko beste argudio bat bere esperientziatik atera du hizlariak: «Gizon bat kritikatu nuen behin, trans baten larrutik ari zelako lehen pertsonan, baina nire alboan zegoen trans batek eskertu egin zuen gizonaren jokabidea, ikusgaitasuna eman ziolako gaiari». Arrazakeriaren gaira ekarrita, zuri batek beltz baten larrutik kantatzea zilegi litzateke beltzak ongi ikusiko balu?
«Gizon bat kritikatu nuen behin, trans baten larrutik ari zelako lehen pertsonan, baina nire alboan zegoen trans batek eskertu egin zuen gizonaren jokabidea, ikusgaitasuna eman ziolako gaiari»MAIDER ARREGIBertsolari eta ikerlaria
Enpatia ere aipatu du: hirugarren pertsonak ez du interpelatzen lehen pertsonak bezala, eta epel gelditzeko arriskua ere badago.
Ekidin beharreko beste elementu bat «hauskortasun zuria» litzateke: «Gai hori egokitu zaizu bertsotan, eta urduri jartzen zara, zilegitasunik ez duzulako sentitzen, blokeatu egiten zara, erruduntzat jotzen duzu zeure burua, eta, azkenerako, dena gaizki egiten duzu. Hori okerragoa da».
Emozioen ordez, aldarriak
Arriskuak eta argudioak bezain garrantzitsuak ondorioak izan dira Arregiren diskurtsoan: «Bertso mundua askotarikoa ez den bitartean, dena izango da txapuza». Alde horretatik, politika errealen garrantzia nabarmendu du, hain zuzen ere, «euskalgintza osoak egin beharko lituzkeen politikak behar dira».
Emozioetara jo gabe, gai zehatzei edo aldarri jakin batzuei heltzeko aholkua ere eman du: «Haien lekuan jarri beharrean, mintza gaitezke Atzerritarren Legearen aurka, edo etxeko soldatak duintzearen alde, adibidez». Nolanahi dela ere, mezu garbia zabaldu nahi izan du: «Gaiari serio heltzea dagokigu bertsolaritzan: zer gorputz falta diren, zergatik falta diren eta horiek ekartzeko zeintzuk izan behar duten estrategiak, bertso mundua askotarikoa izan dadin. Bitartean, alferrik ari gara debatean. Geure konplexuetatik ari gara».