Euskal Herriko animaziozko zineman ezinbesteko izena da Isabel Herguerarena (Donostia, 1961). 1980ko hamarkadan sortu zituen bere lehen lanak, eta iaz estreinatu zuen El sueño de la sultana da bere azken lana. Ibilbide hori aitortuko diote Animadeba jaialdian, EITB sariarekin. Sortzaile ez ezik, jaialdiko epaimahaiko burua ere izango da oraingoan.
Ibilbide oparoa duzu jaialdietan, eta orain Animadebako epaimahaikideko kide izango zara. Nola jaso zenuen berria?
Ilusio handia egin zidan. Animadebaren jarraitzailea naiz jaio zenetik; beti izan naiz fan sutsua. Gainera, gero eta lan hobeak daudela iruditzen zait, kalitate hobeagokoak. Topaketa eremu bat da, eta animazioari izugarrizko laguntza eta bermea ematen dio. Horrez gain, funtsezkoa iruditzen zait jaialdiari ez ezik Aitor Oñederraren [Animadebako zuzendariaren] lanari ere babesa ematea; beraz, Animadeba joaten den lekura joaten naiz ni.
Zer da Animadeba Euskal Herriko animazioan?
Animazioan aritzen garen guztion topalekua da, eta hori asko eskertzen dugu, ez baitugu beste distrakziorik. Areago, programazioa gure gustukoa izango da, bertan iritziak elkarbanatuko ditugu eta benetan jakingo dugu zer irakiten den animazioaren harrobian. Izan ere, hor daude work in progress lanak, baita Arte Ederren Fakultateko lan berriak ere. Halaber, horren guztiaren alderdirik onena da ez dagoela jaialdi handietako estresik.
Zure ustez zer behar du animazioko lan batek ona izateko?
Animaziozko lan on batek zintzotasuna izatea ezinbestekoa da niretzat. Bestalde, maila bisualean eta istorioari dagokionez arriskatzea baloratzen dut. Nire ustez, horrek egiten du lan bat berezi edo ezberdin. Nolabait esatearren, izan dezala berezko ikuspuntu bat.
EITB saria jasoko duzu Animadeban bertan. Zer esanahi du aitortza horrek zuretzat?
Ohore bat izan da; oso pozik nago, aintzatespen bat delako. EITBk ia hasieratik babestu gintuen El sueño de la sultana (2023) filmarekin, eta funtsezkoak izan dira proiektuak sinesgarritasuna izan zezan beste eragile batzuen aurrean. Hor egotea garrantzitsua da, baita ekonomikoki laguntzea ere.
Epaimahaiko lanetan, Igor Prassel eta Juan Pablo Zaramella izango dituzu alboan. Zer harreman duzu haiekin?
Aurrez ezagutzen nituen bai Igor [Prassel] eta bai [Juan Pablo] Zaramella. Azken horren lana oso gertuko dut, izugarri gustatzen zait, eta aspaldidanik erreparatzen diot haren ibilbideari. Estimulu iturri bat da niretzat. Era berean, Igor Ljubljana (Eslovenia) jaialdiko programatzaile bikaina da. Oso ongi pasatuko dugu, azken finean lagun artean izango baikara, eta, animazio munduan zer jazotzen den hizpide hartuta, egun batzuk elkarrekin igarotzeko aukera izango dugu.
Zer esango zenioke animaziozko zinema ikustera ohituta ez dagoen bati? Nola animatu jendea jaialdira gerturatzeko?
Bi alderdi azpimarratuko nizkieke; alde batetik, jaialdia bera dago, animazioan murgiltzeko aukera bikaina. Bestetik, Deba dago. Hori bai pribilegioa, ezta? Itsasondoan denbora pixka bat pasatu ahal izatea, une bereziak lagunartean zein familian pasaz, edo jendea bertan ezagutzea, lasai egoteko momentua izatea... Sormena eta emozioak suspertzeko aukera paregabea iruditzen zait.