50 urte bete zituen iaz animaziozko euskal zinemak, eta, Aitor Oñederra Animadeba jaialdiaren zuzendariaren esanetan, bide oparoa egiten ari da. Hark abiatu zuen egitasmoa, Deban (Gipuzkoa), orain hamabost urte, eta festibala nazioarteko lehiaketen kategorian dago gaur egun. Askotariko tokietatik heldutako lanak jaso dituzte aurten ere —83 herrialdetatik—, eta, 1.057 film laburren artean hautaketa eginda, datorren astean izango da hurrengo aldia, irailaren 6tik 9ra, hain zuzen. Solasaldiak, proiekzioak, musika emanaldiak eta beste izango dira. 80 filmetik gora erakutsiko dituzte denera; horietatik hamar Sail Nagusiaren barruan. BERRIA da festibalaren babesleetako bat.
Jaialdia hasi baino egun bat lehenago, irailaren 5ean, Animadeba Off egingo dute, Nazioarteko Animazio Zinemaldiaren pantaila irekia. Munduko animazio eskola ospetsuenetako ikasleek egin dituzten eta Zuzendari Berriak sailean lehiatuko diren film laburrak proiektatuko dituzte egun horretan, Donostiako San Telmo museoan.
IAZKO PARTE HARTZE BERA
Animadebak gero eta ikusle gehiago biltzen dituela baieztatu du jaialdiko zuzendariak. Parte hartzea handia dela dio, nahiz eta pandemiaz geroztik apaldu egin den. 1.057 film aurkeztu dira jaialdira; justuki, iazko kopuru bera —1.300dik gora ziren 2019. urtean—. Aurten, Euskal Herritik, Ingalaterratik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Txekiatik, Irlandatik, Indiatik, Italiatik, Alemaniatik, Portugaldik, Txinatik, Israeldik, Hungariatik, Irandik eta Suitzatik iritsi zaizkie lanak, besteak beste.
Multzo horretatik hautatutako filmekin osatu dute aurtengo programa. Jatorrizko bertsioan erakutsiko dituzte proiekzio guztiak, euskarazko azpidatziekin.
LEHIAKETA BARRUAN
Guztira, hamar lan labur izango dira lehian jaialdiko Sail Nagusian, eta hamabi, berriz, Zuzendari Berriak sailean. Horietatik bi nabarmendu ditu Oñederrak: batetik, 2022an Annecyko Festibalean film laburrik onenaren saria jaso zuen Balazs Turai zinemagilearen Amok lana; eta bestetik, Aitor Irulegiren Kusikozu filma.
Hiru kidek osatuko dute sail horretako epaimahaia: Carmen Cordobak, Ligia Soarek eta Signe Baumanek. Hain zuzen ere, Baumane izango da aurtengo gonbidatu berezia. Haren My Love Affair with Marriage (Ezkontzarekin ditudan arazoak) filma proiektatuko dute jaialdian, eta solasaldi bat egingo dute ondotik, Bego Vicario zinemagileak dinamizatuta.
Epaimahaiak bost sari banatuko ditu: filmik onenarena, gidoirik onenarena, ikusleena, Zuzendari Berriak EHU saria eta K saria, Kresala zineklubaren eskutik.
WORK IN PROGRESS
Nahiz eta film laburretan oinarritutako jaialdia izan, Baumanena ez da izango aurten erakutsiko duten film luze bakarra. Izan ere, sei film luze proiektatuko dituzte; horien artean, Zoe Berriatuaren Locos por la animación lana nabarmendu du Oñederrak. Hilaren 6an emango dute, 18:00etan, Kutxa Zurian. Horren ondotik, gainera, Berriatuaren aita Luciano Berriatua zinemagileak solasaldi bat emango du Emilio de la Rosa animazio historialariarekin batera.
Beste sail batzuk ere baditu jaialdiak. Creepy Night (Beldurrezko Gaua) saila —orain arteko Panorama saila—, kasu baterako. Ez diote alferrik aldatu izena. Izan ere, beldurrezko generoan sailkatzen diren 11 film labur proiektatuko dituzte atal horren barruan, hilaren 8an, 22:00etan hasita.
Work in Progress atala ere nabarmendu dute antolatzaileek. 24 film proiektatuko dituzte sail horretan, eta «gazte talentudunen lanak sustatzea eta horiei laguntzea» izango du helburu, Oñederraren hitzetan. Bi atal bereizi dituzte sail horren barruan: Talentu Berriak eta Work in Progress —atal bakoitzeko hamahiru lan erakutsiko dituzte—.
KASU AZTERKETA
Animadebak Kasu Azterketak izeneko saila estreinatu zuen iaz, eta aurten ere heldu dio horri. Sail horretan, ikusleek egileekin batera ikusiko dute filma. Hamabi kasu azterketa egingo dituzte aurten.
ANIMADEBA LAB
Bada berrikuntza bat aurtengo jaialdian. Hain zuzen ere, bideojokoen eta teknologia berrien sektoreari Animadeba Lab arloan eskainiko dioten tartea. Animazioari aplikatutako teknologiei buruzko tailerrak eta hitzaldiak emango dituzte festibalak iraun bitartean, eta, zuzendariak aurreratu duenez, adimen artifiziala da tailer horietan landuko duten gai nagusia. Bideojoko bat egiteko moduari buruzko hitzaldi bat ere egingo dute. Zuzendariak aitortu duenez, tarte horretan sakondu nahi dute datozen aldietan.
MUSIKA EMANALDIAK
Proiekzioez gain, zuzeneko musika izango da egunero Animadeba jaialdian. Peru Galbetek emango du lehen kontzertua, irailaren 6an, 21:00etan, Debako Andre Mariaren elizako klaustroan.
Hurrengo egunean, hilak 7, Kauta taldeko abeslari Mikel Morenok musika emanaldi akustiko bat egingo du, 20:30ean, Kutxa Zuriko terrazan.
Larunbatean izango da sariak banatzeko gala, irailaren 9an, 22:00etan. Aurretik, baina, Divina Comediak ikuskizun bat emango du, 20:00etan; Kutxa Zuriko terrazan izango da hori ere.
SARRERAK ETA BONUAK
Sarrerak eskuragarri daude jada animadeba.com webgunean, eta Kutxa Zurian bertan ere eros daitezke, bestela. Lau euroren truke jarri dituzte salgai denak. Izango da jaialdi osorako abonu bat erosterik ere, hogei euroren truke.
Animazioa
Animaziozko hamasei urte
Irailaren 6tik 9ra egingo da Animadeba festibalaren 16. aldia, Deban. 83 herrialdetatik jaso dituzte lanak: denera, 1.057. 80 film baino gehiago erakutsiko dituzte jaialdian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu