Animaziozko aldi baten hasiera

Animaziozko zineman ardaztu dute Donostiako 71. Zinemaldiaren hasierako gala. Hayao Miyazakik jaso du Donostia saria, eta zinegileak bideo bidez bidali ditu hura eman izanaren esker on hitzak

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, atzo iluntzean, 71. Zinemaldiko hasierako galan, Audience musika taldea atzean duela. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun

Ilun zegoen hasiera batean Donostiako Kursaaleko auditoriumeko agertokia, baina foku zuri batek berehala argitu zuen oholtzaren erdigunea. Nerea Arriaga irrintzilaria zen bertan, eta irrintzi ozen batekin eman zion hasiera Donostiako 71. Zinemaldiko hasierako galari. Segidan sartu ziren, publikoaren besaulkiak zeharkatuz, Euskal Herriko Joaldunak, bizkarrean zituzten joareak astintzen.

Agertokiko oihalaren artetik azaldu ziren aurtengo hasierako galako bi aurkezleak: Eva Hache eta Gorka Otxoa umorista eta aktoreak. Mireia Gabilondoren gidaritzapean aritu ziren, Bob Popek idatzitako gidoiarekin. «Zinemak begirada plural, ezohiko eta poliedrikoak eskaintzeko duen gaitasun harrigarria da». Euskaraz egin zituen Hachek ekitaldiko lehen hitzak. Donostiako Zinemaldia jarri zuten, hain zuzen ere, horren adibide, eta 71 urteko ibilbidean Zinemaldian eman diren zenbait filmen eszena laburrak proiektatu zituzten segidan, bata bestearen atzetik.

Hasieratik nabarmena izan zen umorez aritzeko gogoa, bien partetik. Nolanahi ere, zinemaren industriaren gaineko hainbat auzi nabarmendu zituzten biek ala biek, umore zantzu batez, betiere. Audience taldearen zuzeneko musikak jarri zion doinua galari.

Fipresci sari nagusia banatu zuten lehen lehenik. Aki Kaurismakik jaso zuen hirugarrenez. Oraingoan, Fallen leaves lanagatik. Rita Di Santo epaimahaiko kideak eman zion saria.

Antolatzaileek esana zuten aurretik aurtengo aldiak bereziki egingo duela azpimarra animazioan, eta atzoko galak berak ere egin zion genero horri keinu. Izan ere, Zinemaldian, hirugarrenez, animaziozko film bat da Urrezko Maskorra irabazteko lehian: Isabel Hergueraren El sueño de la sultana. Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko den Europako lehen animaziozko lana izango da Herguerarena. Gainera, haren lanarekin batera, bi film dira aurten Sail Ofizialean lehiatuko diren animaziozko filmak: Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen They shot the piano player eta Hayao Miyazaki zinemagilearen Kimitachi wa Do Ikiruka / The Boy and the Heron. Hiru horiek bereziki nabarmendu zituzten ekitaldian.

Hain zuzen ere, Miyazaki animaziozko zinemagile japoniarra da Donostia sariaren irabazleetako bat. «Hamabi urte daramatzat jaialdiko zuzendari lanetan, eta uste dut gehien asebetetzen nauen saria dela. Miyazaki animazioaren historian izandako pertsonarik inportanteena da», hala eman zuen aditzera Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek hura zela Donostia sarietako baten irabazlea.

«Eskerrak eman behar dizkiogu Miyazakiri», esan zuen Otxoak zuzendari japoniarra aurkezteko orduan. «Hari esker soilik bizi ditzakegun abenturak marrazteagatik». Gogotik jo zuen txalo publikoak orduan. Rebordinos igo zen oholtzara txalo horien artean, eta hala aurkeztu zuen saria: «Poz handia da niretzat sari hau aurkeztea. Totoro bizilaguna da haren lanen artean ikusi nuen aurrenekoa. Hunkitu egin ninduen, eta gutxitan lortu du hori film batek. Totoro bidelagun dut harrezkero». Haren lan ugari aipatu zituen segidan: «Eduki sakona dute, eta edertasun handikoak dira denak. Bere buruaren barrualdera bidaiatzeko bide ematen digute. Haren irudimenak ez du parekorik, eta, haren filmei esker, apur bat hobeak gara».

Eskerrak, bideo bidez

Irabazleak era ezohikoan jaso zuen, baina, saria: aurrez eman zioten, eta atzo gaueko galan eskertu zuen hura eman izana, bideo bidez. Miyazaki: «Espero dut denok pelikulaz gozatzea. Mila esker». Haren hitzak aditu, eta txaloz bete zen auditoriuma. Bi aurkezleek ere orduan agurtu zuten publikoa.

Hachek ez zen denbora luzerako agurtu. Izan ere, berak aurkeztuko du itxiera gala ere, irailaren 30ean, Loreto Mauleon aktorearekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.