'ISABEL HERGUERA. ATZERA BEGIRAKOA'
Non: Kubo Kutxa aretoan, Donostian. Noiz arte:
2025eko urtarrilaren 6ra arte
.
Azaroaren 29an izan ginen Kubo Kutxa aretoan, Nekane Aranburu komisarioaren eskutik Isabel Herguerari egin dioten Atzera begirakoa ikusteko. Nahiz eta azkar ilundu, kalean giro ederra zegoen, udazkeneko giro epela; eta espaloiak zirenak eta ez zirenak jendez lepo zeuden. Gabonetako argiak pizten ziren eguna izaki. Beldurrez sartu ginen aretora, aurreko Hilma af Klinten erakusketa jendetsu hura buruan, kaleetako egoera bera barnean ere errepikatuko zen beldur. Baina gutaz gain, beste gizon batekin eta bikote batekin bakarrik egin genuen topo. Pena izan nuen, batetik, kanpoan zen jendetza hartatik guztitik ia inori aretora sartzeko irrikarik ere piztu ez ziolako. Bestetik, ordea, eta oso modu neurekoian —aitortzen dut—, arnasa lasaitasunez hartu nuen, erakusketa hura lasai disfrutatzeko aukera izango bainuen. Hau bereziki izaten da aintzat hartzekoa ikus-entzunezkoz osaturiko erakusketetan, zeinetan ohikoa den horiek aurikular indibidualak dituzten pantailetan aurkeztea, bisitari askorekin, guztiak behar bezala entzun eta ikustea ia ezinezkoa bilakatzen denean. Eta Isabel Herguera bideogintzan eta animazioan zaildua denez, argi zegoen ikus-entzunezkoak faltako ez ziren erakusketa izango zela.
Herguera EHUko Arte Ederren Fakultatean ikasitako 80ko hamarkadako artisten artean kokatzen da, esparru akademikoan bideogintza lantzen aitzindari izan zen hartan; eta, kasu honetan, artistaren ibilbidea eta lan ildoa zuzen-zuzenean markatu zuen.
Ia atzera begirako gehientsuenen moduan, proposamen hau ere modu kronologikoan antolaturik dago, eta, beraz, artistaren lehen pausoen ingurukoa da lehen aretoa ere, zeinak euskal testuinguruan zein nazioartekoan egindako urratsak azaltzen dituen. Izaera esperimentaleko lanekin batera, hauen prozesua eta deskribapena agertzen duten diren fitxa-dokumentalez osatutako beira-arasek betetzen dute gela. Batzuetan gehiegizko dokumentazioa dagoen sentsazioa izan dut, bideoei protagonismoa kentzen dietelakoan. Baina, zalantzarik gabe, espazio honetako piezarik aipagarrienak bideo-instalazioak dira: batetik, Mikel Arcerekin batera egindako El lavabo (1983) —euskal testuinguruan ezagutzen den bideo-instalaziorik zaharrena, eta denbora luze batez erakutsi gabe egon ostean Artiumeko Edonor denok inor ez. Euskal Herriko arte-hezkuntza instituzionalizatzeko prozesuak, 1978-1991 erakusketako parte izan dena—, eta, bestetik, handik urte batzuetara sortutako Lavomatic —emakumezkoak etxeko lanekin uztartzen zituzten garaiko iragarkien estetikaz jabetu eta haiei umorez beteriko kritika egiten diena—.
Sarrera espazio honetatik aterata, erakusketa osatzen duen areto handienean barneratzen gara. Espazio iluna da, beltzez pintatua, eta bi hormatan hainbat gainazalez osaturiko proiekzioak ikusten dira: batean pertsonaiak proiektatzen dira, bestean espazioa irudikatzen duten elementuak, eta, azkenean, aurreko biak gainjartzen dira; bisitariak haien artean ibiltzeko eta eszenaren parte bihurtzeko aukera du horrela. Instalazioa ederra da, eta dibertigarria, baina multiplanoaren teknika aurkezteko modu bat izateaz gain, ez dut argi zein izan daitekeen erakusketan bertan halako protagonismoa hartzearen zergatia; are gutxiago bertan proiektatzen direnak Hergueraren lanen zatiak soilik direla kontuan hartuta. Aldiz, bere osotasunean aurkezten diren lan bakanak, bideo-instalazio azpi-izenburu orokorraren magalean aurkezten dira, aretoko zonarik isolatuenean. Erakusketara bertaratu ginenen artean, areto horretara iristeko igo beharreko eskailerak guk bakarrik igo genituelakoan nago. Eta pena da.
Eta pena da ez horregatik bakarrik, baizik eta aretorik gehienetan Hergueraren piezen prozesua argitzen duten dokumentuak eta irudiak soilik baitaude. Ederrak dira, ez dago zalantzarik, baina azken finean prozesua osatzen duten elementu hutsak dira, eta hauekin osaturiko piezak egun zehatz batzuetako proiekzioen bidez bakarrik ikus daitezke. Aldiz, Safari (1988), Cante de ida y vuelta (1989) eta El sueño de Iñigo (1990) bideo-instalazio zoragarriei —zeinak proiektu amaituak diren eta bere horretan ikusteko hain aukera gutxi izan ditugun— balioa eman beharrean, albo batean zokoraturik agertzen dira. Eta pena izaten jarraitzen du, areto honek eta lehenengoak argi uzten badute ere Isabel Herguera animazioarekin ez ezik beste hainbat teknikarekin eta euskarrirekin ere modu arrakastatsuan esperimentatu duen artista izan dela, ideia hori xuxurla huts gisara gelditu delako erakusketan.