Komikilaria eta 'Xabiroi' aldizkariaren koordinatzailea

Dani Fano: «Angulemako oparotasunak handiagoa den zerbaiten parte sentiarazten zaitu»

Dani Fano eta Grafito argitaletxeko kideak
Dani Fano (eskuinean) Grafito argitaletxeko arduradunekin, Anguleman. GARBINE UBEDA
garbine ubeda goikoetxea
Angulema
2024ko urtarrilaren 29a
18:53
Entzun

Dani Fanok urtero antolatzen du espedizioa Angulemara. Hamarren bat lagun biltzen dira, ez beti berberak, baina bada, Fanok bezala, inoiz huts egin ez duenik. Hotela aurkitzea ezinezkoa izanik, Melain Nzindou margolari kongoarraren etxean hartzen dute ostatu. Jaialdian segurtasun lanetan ari zen batean ezagutu zuten Nzindou, Nora Arbelbide kazetaria tartean zela, eta, geroztik, ateak zabalik izan ditu beti haientzat.

Angulemara joateko talde bat batzen duzu urtero. Komunitatea estutu nahian?

Xabiroi dago horren atzean. Euskaldunok gu izatearen zentzua dugu, talde edo herri izatearena, eta Xabiroik ere bokazio hori izan du beti, sarea errotzekoa eta egonkortzekoa, eta harremanak estutzekoa.

Sekulako parrandak egitera joaten zaretela diote esamesek.

Sakrifiziorako sen handia dugu, eta parranda egin behar bada, egin egiten dugu.

Baina parrandan ere lanean aritzen zarete, ikusitakoaren arabera.

Angulema komikiaren hiriburu bilakatzen da, eta marrazkilariz josita dago. Tabernan elkartu eta marrazten hasten direnean, eta marraztuz gozatzen, giro zoragarria sortzen dute. Horrek sekulako grina pizten digu sortzaileoi.

Bertsolariak alde batera utzita, ez da arterik izango horrela biluzten denik.

Zuzeneko marrazketak badu magia puntu bat, eta hor, noski, marrazki ona egiteak ez du garrantzirik bere horretan, betiere komatxo artean. Marrazkilariak, hor, komunikazio ariketa bat egiten du arte bisual baten bidez. Indarra komunikazioak hartzen du.

Urte asko daramatzazue etortzen. Noiztik, justuki?

Lehen aldietan hiruzpalau etortzen ginen, solte ziurrenik, elkarren berri izan gabe. Xabiroi-ren aurreko garaia zen, 90eko hamarkada edo. Xabiroi 2005ean sortu zen, 2006an hasi ginen taldean etortzen, eta, geroztik, urtero etorri gara.

Ikastolen Elkarteak Xabiroi sortzeko kontratatu ninduenean, Frantziako argitaletxeek, batez ere aldizkariek, merkatu frankofonoan zer egiten zuten eta nola aritzen ziren ikuskatzera etorri nintzen.

«2006an, [euskal egileak] etortzen hasi ginenean, gutako ia inork ez zuen parte hartzen han, ez behintzat egile gisa, eta orain asko gara».DANI FANOKomikilaria eta 'Xabiroi' aldizkariaren koordinatzailea

Nola ikusten duzu euskal komikigintza Angulemak erakusten duen itsaso zabal horretan?

Euskal egileen eboluzioa oso nabarmena izan da. 2006an, etortzen hasi ginenean, gutako ia inork ez zuen parte hartzen han, ez behintzat egile gisa, eta orain asko gara: batzuk zuzenean merkatu frankofonoan lanean, eta beste batzuk euskaraz sortu ditugun lan horien eskubideak frantziar argitaletxeetan salduta.

Irakurleak errespetu handiz heltzen dira zuengana.

Oso polita da. Hemen, merkatu frankofono honetan bereziki, komikia ez da bazterreko artea, letra larriz idazten den artea baizik, eta guregana heltzen diren irakurle eta erosleek sekulako miresmena erakusten dute. Gurekin hitz egin nahi izaten dute, marrazten ikusi... Ederra da ikustea nola balioesten duten lana, eta zer-nolako maitasuna erakusten duten.

Komiki frankofonoaz hitz egin dugu, baina Angulema nazioarteko azoka da berez. Ondo erakusten al du munduko panorama?

Ez. Saiatzen dira, eta herrialde gonbidatuei arreta berezia jartzen diete, baina merkatu frankofonoan oinarritzen da. Bestalde, merkatu frankofonoa handienetakoa denez –Japoniakoarekin batera–, munduko egile guztiak etortzen dira. Eta mundu osoko argitaletxeak ikusiko dituzu eskubideak trukatzeko asmoan. Bereziki merkatu frankofonoan oinarritzen da, baina beste inon ez bezala ikus daitezke beste tokietako lanak ere.

«Komikiak egiteko gogoz itzultzen gara Angulematik. Makalaldi bat izan duenari, edo inpostorearen sindromeak jota garai txarra pasatu duenari, marrazteko eta proiektu bat martxan jartzeko irrika pizten dio».DANI FANOKomikilaria eta 'Xabiroi' aldizkariaren koordinatzailea

Jaialdia alimalekoa da, eremu asko ditu. Zein txokotan identifikatzen zarete?

Nik neuk erakusketetan gozatzen dut gehien. Baliabide oparoz antolatzen dituzte, eta ia beti, %99, plantxa originalak izaten dira. Jatorrizko lanei begira informazio asko jasotzen da: besteak beste, artistak nola lan egiten duen, eta zer estrategia erabili duen lan jakin bat egiteko. Hunkigarria ere bada txikitatik miretsi dituzun egile horiek aurrez aurre edukitzea.

Ofizio prekario batean ari zarete, eta Angulemara etortzeko zorro betea behar da. Zer ematen dizue Angulemak?

Komikiak egiteko gogoz itzultzen gara Angulematik. Makalaldi bat izan duenari, edo inpostorearen sindromeak jota garai txarra pasatu duenari, marrazteko eta proiektu bat martxan jartzeko irrika pizten dio. Oso estimulatzailea da. Bakardadean lan egiten ohituta gaude, eta euskal mundua txikia da. Hemengo oparotasunak handiagoa den zerbaiten parte sentiarazten zaitu.

Hainbesteko oparotasunak izan dezake efektu antzugarria ere, baina, gehienetan, sortzeko gogoa da gailentzen den emozioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.