Angulemako Komiki Jaialdian 'Mafalda' omenduko dute

Gaur hasi eta igandera bitartean egingo da 41. aldia, eta sari nagusia egileek erabakiko dute epaimahaiaren ordez

Agentziak
Paris
2014ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Joaquin Lavado Quino argentinarrak sortutako pertsonaiak 50 urte bete dituela baliatuz, Mafalda komikia omenduko dute Angulemako 41. Nazioarteko Komiki Jaialdian (Frantzia). Gaur hasi eta igandera bitartean egingo da, eta hiru dira sari nagusia jasotzeko hautagaiak: Bill Waterson estatubatuarra(Calvin & Hobbes), Katsuhiro Otomo japoniarra (Akira) eta Alan Moore britainiarra (Watchment). Aurten, lehen aldiz, epaimahai batek erabaki beharrean jaialdian parte hartuko duten egileek erabakiko dute nor saritu. Komikiari eskainitako munduko jaialdirik inportanteena da Angulemakoa, eta iaz, esaterako, 200.000 pertsona erakarri zituen.

Mafalda neskato konformagaitzaren egilea omenduko dute, baina komikigile argentinarrak ezin izango du jaialdian parte hartu, osasun arazoak medio —81 urte dauzka—. «Urteak igaro diren arren, dimentsio poetikoak eutsi egiten dio, eta neska txiki begiztadunak subertsiboa eta modernoa izaten jarraitzen du», adierazi dute antolatzaileek Mafalda-z.

Jacques Tardi frantziarraren obra ere goratuko dute jaialdian. Izan ere, ehun urte bete dira I. Mundu Gerra hasi zenetik (1914-1918), eta haren biñetak hartan inspiratzen dira. Jaialdiak, gainera, atzera begirakoa eskainiko dio Gus Bofa (1893-1968) ilustratzaile frantziarrari, eta Willem egilearen lanek ere beren txokoa izango dute. Charlie Hebdo astekari satirikoan eta baita Liberatión egunkarian ere publikatu izan ditu bere lanak, eta iaz bera izan zen sari nagusiaren garailea.

Gainera, beste bederatzi sari emango dituzte jaialdian, eta 67 album dira horiek irabazteko hautagaiak. Gaur inauguratuko dute, 2013an Frantzian ale gehien saldu zuen liburua Jean-Yves Ferri eta Didier Conradren Astérix chez les Pictes komikia izan dela jakin ondoren. 1.287.500 kopia saldu ziren guztira. Halere, komikigintzaren negozioak %4,1 egin zuen behera iaz Frantzian —aurreneko beherakada, 1995az geroztik—, 2012ko ekoizpenarekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.