Egileek sorturiko jaialdia da Angulemakoa, eta ezagun du. 1974. urtetik gaurdaino iragan den mende erdian, errotik aldatu da, bai neurriz, bai eta ikuspegiz ere, eta, aukeran, batzuek nahi baino gehiago merkantilizatu bada ere, artean mantentzen du hastapen hartako sustatzaileen printzipio behinena: egilea da protagonista, ez saltzailea.
Komikigintzan ezer berririk asmatzeko grina lukeenak edo puskatzaile izan nahiko lukeenak, ezinbestean Angulematik (Frantzia) pasatu beharko lukeela dio iritzi zabalduenak, eta ez da harritzekoa. Arlo horretan orain arte egin den guztia jartzen du agerian, baita historia bera ere, komikigintzaren museorik ere badela kontuan hartuta; eta azken boladan gailentzen ari diren estiloak eta datozen joerak ere erakusten ditu.
Hiria bere osoan da jaialdi. Han ez da txokorik komikiaren unibertsoari keinurik egiten ez dionik, ez propio jarritako espazioetan, ezta kalean ere. Hirigunean nahiz aldirietan, eraikinetako pareta itsu, dendetako erakusleiho, ostatu, zaborrontzi, espaloi, petril edo bide seinale, edozer izan liteke komikiari keinu egiteko toki Anguleman.
2024ko jaialdiak inoiz baino gehiago aldarrikatu du nazioartekotasuna: Daniel Clowes estatubatuarraren Monica obrari eman dio sari nagusia; Posy Simmonds britainiarraren ibilbideari egin dio gorazarre; eta manga komikiarekin soilik, Durangoko Azoka osoaren halako bi bete ditu. Alabaina, komikigintza frankofonoaren erreinua da oraindik ere Angulema. Merkatu zaila da ezaugarri horretatik at gelditzen denarentzat, baina Julen Ribas marrazkilariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1981), esate baterako, garrantzi handia ematen dio bertan «muturra sartzeari», hain zuzen ere, «baldintzak duinak» eskaintzen dizkiolako ofizioan profesional izan nahi duenari. Iris XXII Yurre Ugarterekin batera sortutako komiki futurista besapean duela heldu da jaialdira, eta pare bat hitzordu lotu ditu, harremanetarako eta eskubideen salmentarako espresuki sortutako pabiloitik kanpo. Ribasen ustez, «prozesu osoa kontrolpean edukitzea gustatzen zaie frantses merkatuan dihardutenei, eta eskuetan obra itxi bat duzunean zaila da aurrera egitea». Baina denborak esan beharko du.
Izan ere, orain dela hamabost urte amets hutsa izan zitekeena mamitzen ari da: aurten ez da frantsesera itzulitako euskal nobedaderik iritsi Angulemara, baina aurreko urteetakoek izan dute nolabaiteko presentziarik, eta ez batek edo bik. Dani Fanok, esate baterako, hiru bat ordu eman ditu Rackham argitaletxearen mahaian, Miguel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak komikiaren frantses bertsioa sinatzen.
Off-ekoak
Jaialdi arranditsu ofizialek eta haren abaroan antolatzen diren azokek sarri izaten dute ifrentzurik. Kasu honetan, Off-eko jaialdia du izena, eta kontzientziak egingo lituzkeen lanak egiten ditu: hastapeneko pultsio herrikoi eta parte hartzailea ez galtzea eta bide alternatiboak eskura jartzea du xede. Mikel Begoña gidoilariak, esate baterako, alternatiboen espazioan aurkeztu zuen bere lehen komikia, 2007an: «Paristar batzuekin batera postu txiki bat hartu, eta halaxe aurkeztu nuen Berunezko itsasoa. Kontaktu asko egiteko balio izan zidan». Geroztik, urtero egin izan du Angulemara bisita. Aurten, Asier Iturralde Gaston marrazkilariarekin heldu da. Liluratuta, hura ere: «Ezagutzen ez nituen egile asko deskubritu ditut, eta, gainera, Benoit Peeters ospetsuarekin hitz egiteko aukera izan dut». Bourgeonen erakusketak ere txunditu du: «Oso marrazkilari ona dela banekien, baina nola lan egiten duen ikusi eta bere marrazki guztiak eskuz eginak direla konturatu naizenean, zur eta lur gelditu naiz».
Inon esplikatzen edo dokumentatzen ez diren sormen erakustaldiak, berriz, gauez gertatzen dira; hain zuzen ere, museoak, dokumentazio zentroak, azokek eta gaineko aretoek ateak itxi, eta komikizaleak zein komikilariak inguruko ostatuetan elkartzen direnean. Hortxe hasten da arkatz, errotuladore eta lumen benetako dantza. Aurten, eszena gogoangarriak utzi ditu gaualdiak, taberna zuloetan: bi marrazkilari, erdi ilunpean, elkarri karikatura egiten, hitzik ere esan gabe; beste marrazkilari bat jatetxe bateko sukaldean sartuta, paisaiari begira, akuarelaz margotzen; koaderno bat, eskurik esku pasatzen, orri zuri guztiak marrazkiz eta esaldiz bete arte, eta koadernoaren jabea, komiki denda bateko saltzaile xumea, begiak arranpalo; eta finean, marrazketa, birtuosismoa baino gehiago, komunikaziorako lengoia dela frogatzen duten beste hamaika egoera gehiago.