Angeles Cruzek jaso du Zinegoak jaialdiko ohorezko saria

Mexikoko bere komunitatean oinarritutako fikziozko filmak egiten ditu, eta gai politiko eta sozialak lantzen ditu. Uztailaren 3ra arte iraungo du Bilboko LGTBI festibalak

Angeles Cruz aktore, gidoilari eta zuzendaria eta aurtengo Zinegoak zinema festibaleko ohorezko sariduna. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
iraia vieira gil
Bilbo
2023ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Oaxacako Miguel Cabrera Hezkuntza Artistikoko Zentroan ikasi zuen Angeles Cruz aktore, gidoilari eta zuzendariak (Tlaxco, Mexiko, 1969), eta Arte Ederren Institutu Nazionaleko Antzerki Eskolan lizentziatu zen. 1994. urtean egin zituen lehen aktore lanak, eta, ordutik, hamazazpi urte igaro ziren La tiricia o cómo curar la tristeza (2012) bere lehen filma sortu zuen arte. «Hurbileko bati eraso egin zioten, eta niri kontatu zidan. Ez nekien zelan jokatu, eta zinema egitea erabaki nuen», azaldu du Cruzek. Aktore moduan interpretatu behar zituen pertsonaiak, hain zuzen, askoz ere hutsalagoak ziren zuzendariarentzat: «Mexiko oso klasista da, eta interpretatzen nituen pertsonaiak estereotipatuak eta arrazializatuak ziren. Benetako istorioak kontatu nahi nituen». Gai politiko eta sozialak lantzen ditu filmetan, eta horrek nazioarteko aitortza lortzen lagundu dio. LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiko ohorezko saria jaso du aurten, festibalaren 20. urteurrenean.

Nudo Mixteco (2021) Cruzen opera prima eman zuten aurreko festibalean, eta aurten ere hala egingo dute. Cruzen lana gogora ekartzeko asmoz, ostegunean emango dute pelikula, Bilbo Arte fundazioan, 18:30ean; sarrera guztiz doakoa izango da. Haurren sexu abusuen eta komunitate indigenetako harreman lesbikoen inguruan ari da filma. Hiru emakume jaioterrira itzultzen dira, eta bat egiten dute jaietan. Arazoa da ez direla bertako sentitzen. Fikziozko istorioa bada ere, lotura sendoa du Cruzen Oaxakako komunitatearekin, eta horri esker jaso zuen film luzeen saileko Mexikoko Ariel saria. «Irekitako zirrikitu bakoitza ate bat da aniztasunerako bide desberdin bat bilatzen dugunontzat», aitortu du Cruzek jasotako sarien harira.

Bere lan egiteko modua ereohiko bideetatik kanpo ateratzen da. «Hirurehun pertsonak osatzen duten komunitate batetik nator ni, eta komunitate horren funtzionamendua erabilerak eta ohiturak izeneko arau batean oinarritzen da». Horrek esan nahi du lurrak komunitarioak direla, eta erabakiak 18 urte baino gehiago dituzten kideen artean hartzen dituztela, batzar irekietan. «Nik ere horrela sortzen ditut proiektuak: nire ideia kontatzen diet komunitateko kideei, eta haiek baiezkoa eman behar diote». Komunitateak komunitatearentzat egiten duen lana da berea. Izan ere, proiektua onartzeaz gainera, pelikulen sorkuntza prozesuan ere hartzen dute parte komunitateko kideek. «% 80 baino gehiagok parte hartu dute egin ditudan lanetan».

Gainera, lan egiten duten bakoitzean, behar bezalako soldata jasotzen dute komunitateko kide guztiek. «Oso txiroa den eta baliabide gutxi dituen eskualde bat da nirea. Justizia egotea nahi baldin badugu, horrela jokatu behar dugu», aldarrikatu du Cruzek. Hala, ez badu dirurik film bat egiteko eta hor parte hartzen dutenen soldatak ordaintzeko, bertan behera uzten du proiektua.

Aniztasuna hogei urtez

Cruzek ez du sinesten banakoaren lanean, eta uste du zinemak ere komunitarioa izan beharko lukeela, bere komunitateko lurrak bezala. «Gizarte itxi eta matxistetan bizi gara; patriarkatuak bere egindako gizarteetan, hain zuzen. Zinemak irekiago egin ditu gizarte horiek». Haren iritziz, hain zuzen, Zinegoak bezalako «ur tantek» gauza handiak eskaini ditzakete eta askotariko artistei ere bidea ireki ahal diete. «Besarkada hau komunitate indigenetatik gatozen pertsonentzat da. Ur tantak gara, eta ur emaria osatzen dugu batera. Komunitatea eginez ari gara bidea egiten».

Alaitz Arenzana Zinegoak-eko zuzendari artistikoak, bestalde, jaialdia sortu zutenei egin nahi izan die aipamena: «Duela hogei urte Zinegoak sortu zutenek aniztasuna erreibindikatu nahi zuten. Eta ideia horrekin jarraitzen dugu guk aurrera». Horretarako, aitortu du guztiz beharrezkoa dela identitate desberdinekiko «jarrera irekia» izatea, eta, horrez gain, identitate horiei errespetua inoiz ez galtzea. Cruzek inolako zalantzarik gabe egin du bat harekin. «Norberak aniztasuna zentzu desberdin batean interpretatu dezakeen espazioa espazio librea da, eta Zinegoak-ek hori lortu du», gaineratu du zinema zuzendariak.

Atzo eman zioten hasiera jaialdiari, eta aurten uztailaren 3ra arte iraungo du. Cruzen pelikularen emanaldiaz gain, beste ekintza asko ere antolatu dituzte; 50 baino gehiago guztira. Gaur, esaterako, hainbat pelikula emango dituzte Golem aretoetan, Bilbo Arte fundazioan eta Bilborocken; horien artean, Regra 34, My Way Out, Begiradak: emakume zuzendariak edota Liuben. Bihar, bestalde, ZG/PRO W.I.P emanaldia egingo dute Bilboko Azkuna zentroan. Eta astean zehar ere bestelako eskaintzak izango dira. Emanaldiek, hori bai, LGTBI komunitatearen alde egingo dute, eta aniztasuna izango dute ardatz nagusi. Beste batzuek emakumeen aurkako indarkeria izango dute hizpide.

Julen Nafarrate Zinegoak-eko komunikazio arduradunak esan duenez, «hunkitzeko» beste momentu asko egongo dira jaialdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.