«Baltza nazela dineure/ ai niri ezteust ardure/ ardaoa baltza da baie/ai danak edaten deure». Xabier Amurizaren laguntzaz Tapia eta Leturiak berreskuratutako Bizkaiko kopla zahar bat hautatu dute gaur Eako Poesia Egunetan estreinatuko duten emanaldiaren izenbururako Eider Rodriguezek, Lorea Agirrek, Anarik, Idurre Eskisabelek, Amagoia Gurrutxagak, Maialen Lujanbiok, Ainara Lasak, Kattalin Minerrek, Jule Goikoetxeak, Danele Sarriugartek eta Mursegok. Izan ere, Angela Davis pentsalari eta aktibista feministaren lana izango du ardatz saioak, baina haren gogoetak Euskal Herriko egoerara ekartzea da asmoa. Horregatik kopla. Jakin aldizkariak datorren udazkenean argitaratu asmo duen Davisen Emakumeak, arraza, klasea liburua euskaratzeko dirua biltzea da azken asmoa. Lehen mailako sortzaileak bilduko dira Ean (Bizkaia), baina, Agirrek zehaztu duenez, «ikuskizun xumea» izango da eskainiko dutena.
Agirrek dioenez, badira bi urte Davisen lana euskaratzeko ideia izan zutela, eta horrekin bueltaka zebiltzala heldu zen haren Euskal Herrirako bisita. Bildu ziren harekin, azaldu zioten beren proiektua, eta elkarrizketa labur bat ere egin zioten. Eta, hain zuzen ere, solasaldi haren bideoek osatuko dute gaurko emanaldiaren bizkarrezurra. «Bide horren bidez, Davis aurkeztuko dugu emanaldian bere hitzen bidez, eta, gero, guk bere teoriari hizkuntzatik egiten diogun irakurketa ere eskainiko dugu». Propio okasiorako sortutako testuak irakurriko dituzte horretarako, eta propio prestatutako kantak jo. Abesti berri bat aurkeztuko du Mursegok, esaterako, eta beste musikari baten kanta baten bertsioa eskainiko du aurrenekoz Anarik.
Davis berreskuratzea
Intersekzionalitatea. Agirreren hitzetan, hori da Davisek egindako ekarpen nagusietariko bat. «Neurri batean, berak lan hura feminismo zuri burgesaren aurkako erreakzio modura idatzi zuen, eta esaten duena da menderakuntzek elkar indartzen dutela: menderakuntza bakarra ez dela emakume izatearena, badagoela arrazaren araberako menderakuntza ere, eta baita klase araberakoa ere. Gainera, menderakuntza horiek elkarri lotuta doazenez, Davisek dio askapenak ere lotuta joan behar duela». Eta, Agirreren hitzetan, interesgarriak dira intesekzionalitateari buruzko gogoeta horiek Euskal Herriko kasurako. Hizkuntza zapalkuntzaren gairako, adibidez.
«Errekuperatu egin nahi dugu Davisen liburu hori», azaldu du. «1970eko eta 1980ko hamarkadako Iparraldeko feminismoa hasi zen teorizatzen bere feminismoa Angela Davis oinarri hartuta, menderakuntza hirukoitzaren ideia horrekin: zapaldua zara emakume zarelako, beltza zarelako eta langile klasekoa zarelako. Iparraldeko feminista haiek ekarri zuten Davisen lana nazio askapenera eta ezkerreko posizioetara». Eta euskarara ekartzea da orain asmoa.
Bilboko Kafe Antzokian Davisen omenez otsailean egindako festa izan zen itzulpenerako lehen urratsa. Liburua euskaratzeko bideratu zen sarreren dirua orduan, Agirrek azaldu duenez, eta Ean egingo dutena izango da bigarren urratsa. Bilboko saioan ere izan ziren gaur oholtzan izango diren sortzaileetariko batzuk, baina emanaldi ezberdina izango da gaurkoa. «Oraingoan ez du ordukoarekin zerikusirik», zehaztu du Agirrek.
Printzipioz, emanaldi bakarra egitea da asmoa, eta, beraz, gaurkoa izango da saio bakarra. Binaka eta hirunaka irakurriko dituzte testuak partaideek oholtzan, eta Davisek planteatutako gaien inguruan arituko dira irakurketa guztiak. Elkarrizketan. «Oso Euskal Herrian kokatutako testuak izango dira, Gerra Zibiletik honakoen erreferentziak egongo dira, gure posizioari buruzko kritika eta kontra kritikak egingo ditugu, aztertuko dugu euskaldunok nori deitu diogun beltza eta azal beltza izatea zer zen... ». Bizkaiko kopla zaharrarekin amaituko dute emanaldia. «Baltza nazela dineure/ ai niri ezteust ardure...».
Danele Sarriugarte idazle eta itzultzailea dabil Davisen Emakumeak, arraza eta klasea lana euskaratzen, eta udazkenerako argitaratu nahiko lukete liburua. Pieza horrekin abiatuko du Jakin aldizkariak pentsamendu feministari eskainitako argitalpen bilduma berria: Eskafandra.
Angela Davis itzul dadin
Pentsalari feminista ardatz duen 'Baltza nazela dineure' emanaldia estreinatuko du gaur Eako Poesia Egunetan euskal sortzaile talde batek. Haren lana euskaratzeko dirua biltzea da xedea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu