Angel Illarramendiren 'Obertura Zarautz' estreinatu dute Bilbon

Euskalduna jauregian emango dute gaur berriz.«Euskal izaera» duen obra da, egilearen hitzetan, «alaia eta erromantikoa» aldi berean

gorka erostarbe leunda
2016ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Zarauzko Udalak 2002an egin zion herriaren inguruko obra bat sortzeko enkargua Angel Illarramendiri. Musika konpositorea Zarautzen jaioa da, 1958an. Atzo estreinatu zuen BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak Euskalduna jauregian. Gaur berriro emango dute obra, leku eta ordu berean (19:30ean). Artista gonbidatu bakarlari modura Miguel Ituarte pianista getxotarra izango dute bi emanaldietan, eta saioak Nabil Sehata orkestra zuzendariak gidatuko ditu. Obrarekin zer transmititu nahi izan duen oso garbi izan du hasieratik Illarramendik: «Hiru gauza behar zituen: izan zezala euskal izaera argi bat, hainbat erritmo eta doinutan islaturik. Izan zedila, batetik, obra alai bat. Eta izan zezala, era berean, parte erromantiko bat ere. Zarautzen isla oso modu sakonean azal zezala, azken finean».

Illarramendiren obra berria Stravinskiren Capriccio-rekin (piano eta orkestrarako), Mozarten Rondó La nagusian-ekin eta Schuberten 4. Sinfoniaren zati batekin osatuko du programa BOSek. Euskaldunan estreinatzea pozgarri zaio Illarramendiri: «Oso ondo ezkontzen dira obra eta lekua». Bilbon estreinatu ondoren, Madrilgo Auditoriumean emango du obra Santa Cecilia Orkestra Klasikoak, ekainaren 9an. Grzegorz Nowak izango da zuzendaria, eta Janina Fialkowka ariko da bakarlari modura pianoan.

Obra ugariren egilea da Illarramendi, eta bereziki ezagun da zineman soinu bandak sortzen egindako lanagatik. Besteak beste, Montxo Armendariz, Juan Jose Campanela eta Elias Kerejetarekin lan egindakoa da. Bestalde, zazpi sinfonia sortuak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.