Cira Crespo.
Lauhazka

Angel Guimerà eta Euskal Herria

2024ko apirilaren 7a
05:05
Entzun

Uztailaren 18an ehun urte izango dira Angel Guimerà hil zela, idazle garrantzitsu eta erabakigarria bera, kataluniar kulturaren baitan. Horregatik, 2024a Guimerà urtea izendatu dute Kataluniako erakundeek. Figuraren garrantzia, dena den, ez da bere literatur lanera mugatzen, Kataluniaren etorkizunarekin erabat konprometituriko kultur ekintzailea izan baitzen berpizkunde katalanean, hau da, Renaixença-n. Horregatik guztiagatik, izugarri ospetsua eta popularra izan zen, eta bere hileta-elizkizunak Kataluniako kaleetan gutxitan ikusitako suhartasun herrikoiaren erakustaldi izan ziren.

Baina jakin behar duzue maisulan distiratsuak egiteko, jenio maitatuak izateko, itzalak ere behar direla, zokoguneetan zalantzaren hazia ereiten dutenak. «Abertzale ospela», esan zion Josep Plak. Hori ere bazeukan gure Guimeràk. Zeren eta, hasteko, ez baitzen Katalunian jaioa, Kanarietan baizik; eta gainera, guraso kataluniar-kanariarrak ez egon ezkonduta; garai hartan bitxi samartzat jotzen zen egoera juridikoan egin zuten Kataluniara. Hori gutxi ez, eta datu biografiko guztiek iradokitzen dute homosexuala ere bazela. Dudarik gabe, honen guztiaren gainean izan behar zituen zalantzek, beldurrek eta nahiek bere lanetan kausitzen den adorea eta grina azaltzen lagun dezakete.

a
Angel Guimera.

Poesia idatzi zuen, eta hitzaldi erabakigarri batzuk, baina, dudarik gabe, bere ekarpen garrantzitsuena antzezlanak dira. Erromantizismo indartsu eta hunkigarria erabiliz, pertsonaia ikonikoak sortu zituen, gaur egun Kataluniako imajinarioan guztiz sartuta daudenak. Adibidez, Mar i Cel (Itsasoa eta zerua) Said eta Blancaren amodiozko istorioa da, gure Mediterraneoko Romeo eta Julieta. Kataluniatik bidegabeki kanporatutako moriskoak, bizi egin behar-eta, pirata bihurtu dira orain, eta kristau katalanen itsasontzi bat bahitzen du. Zer baina, piraten burua, Said, gure bazterrotako heroi kuttunena, Blanca presoarekin maitemindu eta maitasun istorio ezinezko bat abiaraziko da.

Saidek Blancari:«Barkatu, mundu honetatik begiratzen bazaitut. Zu ez zara lurrean jaio, ez, gainerako gizakiak bezala. Elkar ikustean, entzutean, iragate hutsarekin mugitzen duzun airearekin, esnatu egiten dira nire bizitza osoa, nire izatea, gorputza eta arima guztia, eta sentitzen dut, dardarti, hil eta berpiztu egiten dela aldi berean. Eta pozez eta atsekabez, eta desioz eta larritasunez, zerorrek arnastutako arnasa bilatu eta arnastu egiten dut, eta ito egiten naiz han, eta arima irauli egiten zait».

Terra Baixa (Beterria) du beste antzezlan oinarrizko bat; beste maitasun istorio bat, kutsu sozialekoa. Han mendiko bizitza, basatia, eta herrikoa kontrajartzen dira, zibilizazioarena. Mendiko bizitza basa Manelic pertsonaiak pertsonifikatzen du. Manelic artzaina ezjakina da, herriko jendearen iseken itua. Martarekin —inguruko jaunaren maitalearekin— hitzartutako ezkontza baten biktima da. Azkenean, maitemindu egingo dira Manelic eta Marta. Manelic pertsonaiak in crescendo eder bat egiten du, eta bihotzeko ateak irekiko dizkiote kataluniarrek. Amaiera aldean, antzezlanaren klimaxa, karga erotiko handidun Manelicen maitasun aitortzarekin:

Manelicek Martari: «Oraindik ere gehiago maite izan zaitut, gizajo honek, jauzika iritsi natzaizularik, mendietako ura batzera doanean bezala itsasoko urarekin... mikatza dela diote! Izan dadila! Izan dadila mikatza! Erakargarria da, zu niretzat erakargarri zaren bezala; desio eta maite zaitudalako, Marta! Eta orain are gehiago, are gehiago! Ze... zergatik, ez dakit! Eta beharrik ere ez, jakin! (...) zure odolaren beroa sentitu dudalako, zure guztia arnastu zaitudalako nik! Eta nik nahi dizut musu eman, arimaraino hozka egin, nire besotan estutu eta itotzeraino».

***

Guimeràri egingo dioten omenaldia dela eta, Armiarma webgunera jo nuen, haren testuren baten euskarazko itzulpenen baten bila. Eta misteriotxo batekin topo egin! Angel Guimeràren atalean, Agurra izeneko poematxo bat agertzen da, Euzkadi egunkarian 1931n argitaratua. O. K. delako batek (Kepa Ormaetxea, akaso?) itzulia. Baina Katalunian inork ez du ezagutzen Angel Guimeràren poema hori. Jarri naiz aditu batzuekin harremanetan (mila esker guztioi!), eta arrastorik ez.

Orduan, zer zen poema hori? Ezezagun bat? Aurkikuntza? Asmakizuna? Misterio txiki hori argitze alderako hurrengo urratsa Euskadiko hemerotekan begiratzea izan zen (txukun jarri dute, gero, Euskariana webgunea! Zorionak!). Eta berehala aurkitu nuen erantzuna: 1926an, New Yorken argitaratzen zen Aberri izeneko egunkari batean, Pro-Cataluña izeneko sekzio harrigarri bat ere bazuena, Angel Guimeràren hitzaldi ezagunenetako bat zetorren«Katalunia ez da hil. Urtero, gaurko egunez, etxekoei zein arrotzei, neba-arrebei zein neba-arreba izan nahi ez dutenei, Espainia guziko seme-alabei zein erresumaz gaindikoei areto honetatik hauxe esaten zaie: Katalunia ez da hil»1. Hitzaldi hartan Euskal Herriari buruz ere hitz egiten du, eta, gure O. K. itzultzaile maiteak 1931n hitzaldiaren pasarte haiek bertso-lerrotan antolatu eta olerki aberrikoi bihurtzea erabaki zuen. Hau dugu orain arteko Angel Guimeràren obratik euskaratutako lan bakarra. Ez dadila azkena izan.

«Elkarrekin borrokatu gara.

Egunen baten galduko bagina,

berriz ezagutuko ginake

armen ahotzaz.

(...)

Elkarrekin negar egin dugu.

Noizbaiten malkoaz ikusiko ez bagina,

ezagutuko ginake

negar sotiñaz».

1 «Catalunya no ha mort. Cada any, tal dia com avui, a propis i estranys, als germans i als que no volen ser-ho, als fills d'Espanya tota i als de més enllà del reialme, se'ls diu des d'aquesta sala: Catalunya no ha mort».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.