Aurten 30. eta azken aldia izango du Hatortxu Rock elkartasun jaialdiak, eta, egun horiek hurreratu ahala —uztailaren 24tik 27ra izango da—, kartel osoaren berri ematen ari dira pixkanaka. Aurrez iragarritako taldeei beste hogeita lau izen batu zaizkie gaur; hauexek dira: Anestesia, Zetak, Delirium Tremens, Barniz, Bizardunak, Deskontrol + Arkada Social, Reincidentes, Kaleko Urdangak, KOP, Zea Mays, Las Ninyas del Corro, Mirua, Potato, Nafarroa 1512, Naxker, Odei, Odolkiak Ordainetan, Svetlana, On, Talco, Juantxo Skalari & La Rude Band + Set Skalariak, Xiberoots, Xutik eta Zaunka.
Ikusi gehiago
Hala, denera 63 talde iragarri ditu dagoeneko jaialdiak, eta maiatz amaieran jakinaraziko du beste izen sorta bat. Guztira, ehun talde arituko dira jaialdiko bost eszenatokietan, eta agertokietara espresuki itzulitakoak izango dira horietako batzuk; tartean, Autobus Magikoa, Buitraker, Never Surrender, Latzen, Afu, Skatu eta Alaitz eta Maider.
7.049 txanda
Azken aldia izango denez, dimentsio «historikoa» hartuko du aurten jaialdiak, eta, horregatik, auzolanerako kanpaina berezia hasi dute antolatzaileek. Denera 7.049 txanda beharko dituztela zehaztu dute, eta jaialdiaren webgunearen bitartez izena emateko deia zabaldu. Sarrerak ere hartan daude salgai; oraingoz, lau eguneko bonua 105 euroan eros daiteke, eta aurrerago jarriko dituzte eguneko sarrerak ere eskuragai.
Auzolanerako deia egiten du, halaber, aurtengo prestatu duten Bi t'erdi kantuak ere. Maskak, Mirua, Monsieur Lecrepe, Txingili’K eta Zetak-ek elkarrekin egin dute, eta Arrigurik egin die bideoklipa.