Abiapuntu argiarekin hasi zen Azpimarrak (Erein, 2023) nobela idazten Nerea Balda (Irurtzun, Nafarroa, 1975). Haren lagun bati gertatu zitzaion anekdota batean oinarritu baitzen: «Bigarren eskuko liburu bat erosi zuen gertuko lagun batek. Aurreko jabearen izen-abizenak ere idatziak zituen liburuak, eta konturatu zen ezagutzen zuela; aspaldiko laguna zuen». Kasualitate «polita» iruditu zitzaion idazleari, istorio bat hasteko «material» modura hartzeko.
Ramiro Pinilla eleberri laburren saria irabazi ostean idatzi du lana, eta, Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak esan duenez, sariketara aurkeztu zuen alearen testutik ez du kasik ia ezer aldatu Baldak. Aurretik ere irabazi zuen sari bera, eta Atzerrian (Pamiela, 2019) argitaratu zuen harekin.
Bi protagonista ditu eleberri laburrak: Selva eta Andreu. Azken horrek autobusean ahaztuta utziko du azpimarraz jositako liburua, eta Selvak hartuko dio. Aurreko jabea nor den ohartzen denean, baina, iragana etorriko zaio Selvari; aspaldiko lagun baitu Andreu.
Hor hasiko da «hari-muturrez» jositako eleberria. Horiei jarraitu diela aitortu du idazleak. Gizarte gaiak tartekatu dituelako kontakizunaren barruan. Maitasuna, «zentzu zabalean ulertuta», baina baita zalantzak, erabakiak eta beldurrak ere. Selvak ama izan nahi du, eta amatasunez ere mintzo da, beraz, liburua: «Askotariko harremanak ageri dira, eta nabarituko da familiaren eragina ere. Ama izateko gogoa du pertsonaia nagusiak, baina gertakizun batek ikuspegia aldatuko dio». Gaineratu du amatasunaren gaiak azken hamarkadetan garapen bat izan duela: «Nik uste dut garai batean emakume bat adin batera iristen zenean hori zela tokatzen zitzaiona. Egun, badago hori zalantzan jartzen duenik, eta defendatu beharko genukeen aukera bat ere bada».
Bi ikuspegietatik
Narratzailea orojakilea izanagatik, protagonisten bi ahotsak tartekatu ditu idazleak. Hori Erein argitaletxeak proposatu ziola kontatu du Razkinek: «[Ramiro Pinilla] lehiaketa irabazi ondoren iritsi zitzaigun lana. Edukia mantendu dugun arren, egiturari erreparatu diogu bereziki, ikuspegi osoa izan dezan irakurleak». Hala, kapitulu bakoitza pertsonaia baten ikuspegitik kontatu dute, eta, Baldak esan duenez, editoreak iradoki dizkion moldaketak egitea «lan polita» izan da.
Literaturaren aldarria da liburu hau, bien iritziz. Askotariko azpimarrak egin dakizkiokeelako eleberri bati, baina irakurle bakoitzaren araberakoak izango dira denak. Razkin: «Literaturako irakurle direnen artean batak azpimarratzen duena ala besteak markatzen duena ezberdina izaten da askotan; horrek asko esaten du bakoitzaren inguruaz; liburuan, Selva eta Andreuri jazoko zaie horretaz ohartzea, baina bizitza errealean ere hala da». Baldak aitortu du, bera irakaslea izaki, azpimarrei garrantzi berezia eman ohi diela: «Garrantzitsua dena azpimarratu ohi dugu normalean, eta, eleberri honetara ekarriz, amaieran ikusi ahalko da zer den garrantzitsua».
Bueltak eman ostean, idatzi
Punta s'Arenellako (Girona, Herrialde Katalanak) itsasargiak elkartu zituen noizbait Selva eta Andreu. Horrek iraganera gerturatuko ditu biak, eta baita saihetsezin izango duten elkarren zalantza eta minetara ere. Baldak esan du zaurgarritasuna eta horrekiko tolerantzia bizitzan «aldatzen ahal zaigula»: «Kezkak sortu egiten diren antzera moldatu eta berriztu egiten dira; edozerk jar dezake kinkan gure erabaki bat».
Ez ditu gaiak ausaz landu: «Buruan bueltaka ditudan horiekin egin nahi nuen zerbait, eta liburu forma hartu du. Ipuintxo bat izango zen oso hasiera batean, eta, begira, eleberria da eskutan daukaguna». 2020ko itxialdia baino lehen hasi zen idazten, baina baztertu egin zuen eta aurrerago berrartu.
Euskal Filologian lizentziatua da Balda, eta ogibide du Bigarren Hezkuntzan Euskara eta Literatura irakastea. Bi eleberriez gain, Zerokotan elkartearekin DardarakK poesia liburua atera zuen. 2018an, Iruñeko egile berrientzako literatur lehiaketan lehen sariak jaso zituen.
Anekdota bat eleberri egina
'Azpimarrak' liburua argitaratu du Nerea Baldak. Azpimarratutako liburu bat du oinarrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu