Literatura

Ane Zubeldiak irabazi du XXVII. Igartza saria

Ipuin bilduma izango denari 'Datorren udan ez gara hemen biziko' titulua jarri dio behin-behinean. Olatz Mitxelena, Irati Jimenez eta Garazi Kamio izan dira epaimahaian, eta guztira hamasei narrazio proiektu aztertu dituzte.

Ane Zubeldia, XVII. Igartza sariaren irabazlea. Ezkerrean, Bianditz Iraola (CAF), eta, eskuinean, Xabier Mendiguren (Elkar). JON URBE / FOKU
Ane Zubeldia, XVII. Igartza sariaren irabazlea. Ezkerrean, Bianditz Iraola (CAF), eta, eskuinean, Xabier Mendiguren (Elkar). JON URBE / FOKU
garbine ubeda goikoetxea
Donostia
2024ko irailaren 11
16:55
Entzun

Aurtengo Igartza Saria aurrekoak baino oparoago heldu da, Beasaingo udalak, CAFek eta Elkar argitaletxeak ematen duten bekari 4.000 euro gehitu baitizkiote, 10.000 euroko diru ordainean biribiltzeko. CAFeko ordezkari Bianditz Iraolak esan du beren konpromisoa «sendotu» izanaren adierazgarri dela: «Sariketaren osasuna bikaina da eta aurrera jarraitzeko borondate irmoa dugu».

Olatz Mitxelenak, Irati Jimenezek eta Garazi Kamiok osaturiko epaimahaiak hamasei narrazio proiekturen artetik hobetsi du Ane Zubeldiaren proiektua. Ane Garcia Lopezen (Hondarribia, Gipuzkoa, 1994) izen artistikoa da Ane Zubeldia Magriña. Sortzaile gisa, eklektikoa da: batzuei abeslari gisa egingo zaie ezagun —Lurra musika taldean kantatu zuen 2011tik 2017ra—; beste batzuek, berriz, Mejillon Tigreren Hitz Esaneko poesia ekitaldietan ezagutuko zuten —Eider Perez Eider Adeletxe-rekin batera sortutako taldeak, Mejillon Tigrek, spoken word deritzon generoa lantzen du—. Dantzan ere aritzen da. Ikasketaz eta ofizioz itzultzailea da, baina lan horiek, BERRIAn egindako kolaborazioak bezala, jaiotzetiko deituraz izenpetzen ditu. Harena da, esate baterako, Maskulinitateak (R.W. Connel).

Garcia Lopezek bere bi amonen deiturak batuz sortu du goitizena: «Bi amonek idazten zuten, batez ere batek, Lourdes Zubeldiak, baina ezin izan zuten ibilbidea garatu, eta beren izena aldarrikatzea garrantzitsua da».

Poesiatik prosara

Datorren udan ez gara hemen biziko justuki zer den artean ez daki Zubeldiak. Idazketan hasita dago, eta proiektuaren muina ipuin bilduma bat izango dela uste duen arren, osoki horrelakoa izango ote den ez du zehazterik izan: «Momentuz susmoak ditut, ez dut prosarik idazten, baina pare bat ipuin izan zitezkeenak etorri zitzaizkidan, eta horiei jarraika idatzi dut». Bi ipuinek elkarrekin ikustekorik ez dutela azaldu du; halaber, titulua ere behin-behinekoa dela esan du. Gauza bat bederen argi du: «Nahi nuen liburu bat oso sentsoriala, ukimenean eta abarrean oinarritua, ez nuen zerbait esplizituki diskurtsiboa idazteko gogorik». Ipuinek gai bana izango dute ardatz, gaia bera espresuki aipatuko ez den arren. «Heriotza edota mendekua izan litezke», zehaztu du Xabier Mendiguren editoreak, adibideak aipatzearren. Zubeldia: «Ipuinak pertsonaietan zentratuko dira, nolanahi ere».

«Momentuz susmoak ditut, ez dut prosarik idazten, baina pare bat ipuin izan zitezkeenak etorri zitzaizkidan, eta horiei jarraika idatzi dut»

ANE ZUBELDIAIdazlea

Igartza saria jaso duten idazleen zerrenda luzea da. Erika Elizari, Irati Goikoetxea, Maddi Ane Txoperena, Olatz Mitxelena, Lizar Begoña eta Irati Irizar —Ilargi-kutsadura laster batean emango da argitara— izan dira azken urteetako sarituak. «Gustatzen zait nire izena ere zerrenda horretan ikustea, baina zuhurra izan nahi dut», adierazi du Zubeldiak. Bestalde, idazle gazte eta hasiberrientzat sariketetatik kanpo sostengua falta dela azpimarratu du.

Sortzaile eklektikoa

Hainbat diziplina landu dituen arren, literatura «benetan kutuna» izan du txikitandik Zubeldiak, eta musikak eman dionarekin alderatu du: «Musikan gorputza eta ahotsa jarri behar dira, eta literaturan ezkutatu egin zaitezke». Horren harira, musika «bakarrik egin ezin den zerbait» dela esan litekeen arren, literaturari ere antzeko ezaugarria balioetsi dio: «Literaturak lagun mordo bat eman didalako nago hemen, eta, hain zuzen, literaturaren izaera kolektiboa aldarrikatu nahi dut. Belaunaldi guztietan izan da inportantea, eta nirean ere halaxe da».

«Literaturak lagun mordo bat eman didalako nago hemen, eta, hain zuzen, literaturaren izaera kolektiboa aldarrikatu nahi dut»

ANE ZUBELDIAIdazlea

Zubeldiaren ustez, sortzeko baliabideak eta denbora aurkitzea zaila da, ordea, eta eskerrak eman ditu Igartza Saria eskuratu izanagatik: «Lasaitasuna eta sostengua dakartza».

Musika eta literatura ez ezik, idazkuntza eta itzulpengintza ere jarri ditu aurrez aurre Zubeldiak: «Biak ala biak dira sortzeko lanak, baina gaitasun hori ez da modu berean erabiltzen». Alde horretatik, itzulpena jolasa dela deritzo: «Puzzle moduko bat da, gehienetan modu dibertigarrian askatu beharrekoa». Alta, itzulpengintzak ez dio besteak beste «originala izan beharra» eskatzen, jatorrizko testuarekiko zorroztasuna baizik. Itzulpen lanak oso baliagarritzat jo ditu Zubeldiak, eta beretzat «eskola aparta» izan direla aitortu du: «Nolanahi ere, nik jatorriz ez nuke itzultzen dudan bezala idatziko segur aski».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.