Ane Rodriguez izendatu du Administrazio Kontseiluak Tabakalerako zuzendari berri

Gehiengo absolutuz hautatu dute; besteak beste, Madrilgo Matadero zentroan eta ARCO azokan lanean jardun duHaritz Azkarragak hartuko du zentroko kudeaketaren ardura bere gain

Tabakalerako Administrazio Kontseiluko kideak, atzo, kultur zuzendaria hautatzeko egindako batzarrean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2012ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Tabakalera —Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko (KGNZ) Administrazio Kontseiluak atzo arratsaldean eginiko batzarrean erabaki zuen Ane Rodriguez izango dela zentroaren kultura zuzendari berria eta Haritz Azkarraga izango dela kudeatzailea. Biak gehiengo absolutuz izan dira hautatuak. Eusko Jaurlaritza abstenitu egin zen bozketan.

Ane Rodriguez (Donostia, 1978) kultur kudeaketan esperientzia zabala duen pertsona da, eta, azken urtean, denbora gutxian erreferente bihurtu den Matadero Madrilgo kultur ekoizpen zentroaren koordinazio taldeko kide izan da. Aurrez, ARCOn ere lan egin zuen lau urtez, garai hartan zuzendari zen Lourdes Fernandez donostiarrarekin batera.

Joxean Muñozek 2010eko ekainean dimisioa eman zuenetik, zuzendaririk gabe egon da Tabakalera. 2011ko Udal eta Foru hauteskundeen ostean Bildu jarri zen bai Donostiako Udaleko gobernuan eta baita Gipuzkoakoan ere, eta ondorioz, Tabakalerako Administrazio Kontseiluan gehiengoa du. Berriro proiektua martxan jartzeko prozesuari ekin eta Tabakalerako zuzendari izateko ehun hautagai inguru aurkeztu ziren. Horien artean galbahea egiten joan da Tabakalerako Administrazio Kontseilua —Donostiako Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak osatua—. Azkenean, zuzendari izateko bi izen aipatu izan dira, batez ere, beste guztien gainetik —Ainara Martin duela gutxira arte Donostia 2016ko arduradun artistikoa izan dena zen hirugarren hautagai nagusia—; Aimar Rodriguez arte kritikari eta komisarioa, batetik, eta Ane Rodriguez, bestetik. Rodriguezen aldeko apustua egin du Administrazio Kontseiluak agidenez.

Batzar berean erabaki zuten Haritz Azkarraga izango dela Tabakaleraren kudeaketaren ardura bere gain hartuko duena. Mondragon Unibertsitateko ingeniaritza tekniko industriala da Haritz Azkarraga (Arrasate, Gipuzkoa, 1973). Egun Kursaal kongresu jauregiko zuzendari tekniko eta kudeaketa zerbitzuetako arduraduna da. Ibilbide luzea burutu zuen kooperatiben alorrean. Hainbat enpresatan aritu da lanean: Fagor, LKS...

Bestalde, Tabakalerako Admnistrazio Kontseiluaren lehendakaritza Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak hartuko du bere gain, Blanca Urgell kultura sailburuak izendapenari uko egin ondoren. Sailburuodea Martin Garitano izango da, Gipuzkoako diputatu nagusia.

Desenkontruen istorio bat

Tabakaleraren historia, desadostasun, desenkontru eta gaizki ulertuen eskailera amaigabe bat izan da. Desenkontru horien atalik larriena Joxean Muñoz Tabakalerako zuzendari nagusiaren dimisioak sinbolizatu zuen duela bi urte,2010eko ekainaren25ean, hain zuzen ere.

Tabakalerako Administrazio Kontseiluak Joxean Muñoz idazle eta zinemagilea izendatu zuen zuzendari nagusi 2006ko urtarrilean. Iñaki Galarraga arkitektoak eta Santi Eraso kultur kudeatzaileak osatu zuten zuzendaritza taldea. Erasok hilabete geroago utzi zuen kargua arrazoi pertsonalak zirela medio eta Galarragak 2009ko ekainean dimititu egin zuen, zuzendaritzarekin izandako desadostasunengatik. Hala ere, Muñozek erakunde, eragile eta gizartearen onespen zabala zuela agerikoa zen. 2010eko maiatzaren 20an Donostiako Udalak, Gipuzkoako Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak osaturiko Administrazio Kontseiluak zentroaren funtzionamendua eta egitasmo arkitektonikoa «birdimentsionatzea» erabaki zuten, Odon Elorza alkate sozialista buru zela.

Administrazio Kontseiluaren erabaki hark murrizketak eta aldaketak zekartzan Muñozek hasieratik zedarrituriko ildoan eta, haren ondorioz etorri zen Joxean Muñozen dimisioa. «Urte hauetan defenditu dudan proiektuarekiko koherentziagatik eta garatu ditugun ideiekiko eta proiektuan inplikatu ditugunekiko konpromisoagatik, nire dimisioa aurkeztea erabaki dut», esanez aurkeztu zuen dimisioa orduko hartan. Orduz geroztik lemazainik gabe egon da Tabakalera eta inork ez du proiekturik zehaztu.

Joxean Muñozek dimisioa eman zuenez geroztik, Miriam Anitua gerenteak ordezkatu du Tabakaleraren gidaritza, baina modu sinbolikoan, inolako proiekturik ez zela.

Administrazio Kontseiluaren barruan izandako azken desadostasuna Tabakalerak eta Donostia 2016proiektuak izan beharreko lototurak gorpuztu zuen. Eusko jaurlaritzak Tabakalerak eta Donostia 2016 egitasmoak bat egitea eta biak zuzendaritza beraren esku egotea nahi zuen. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko Administrazio Kontseiluak atzera bota zuen Jaurlaritzaren asmoa, eta zuzendaria hautatzeko prozesua abiatu zuen. Prozesu horrek badu bere emaitza. Ane Rodriguez da zuzendari berria, eta, hemendik aurrera, bidea egitea baino ez da geratzen, langintzarik zailena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.