Uztailaren 21etik 25era egingo da Donostiako 57. Jazzaldia, eta badu kartela. Ane Pikaza ilustratzaile, aktore eta kultur kudeatzaileak egina da. Jazzaldiaren besarkada du izenburua, eta musikak hiriarekin duen loturan inspiratua dago. Kontxako badian kokatzen da, Igeldotik Urgullera, eta agertoki baten atzealde gisa ageri den jazzaren besarkada irudikatzen du. «Proposamen koloretsua da, Jazzaldian Donostia zuzeneko musikaz beteriko hiri distiratsu bihurtzen duten giroa eta espiritua islatzen dituena», azaldu du Jazzaldiak ohar baten bitartez.
Aktorea, Arte Ederretan lizentziatua eta Arte Dramatikoan diplomatua da Ane Pikaza. Antzerkia eta Arte Eszenikoak espezialitatearekin eta UOCeko Kultur Kudeaketa masterrarekin osatu zituen ikasketak. Uztartu egiten ditu ilustratzaile, aktore eta kultur kudeatzaile lanak. Ilustratzaile gisa egin dituen lanetatik, hauek nabarmentzen dira: Zinegoak, Zinemakumeak eta Durangoko Azokaren kartelak eta Gomutan eta Begiak zerumugan liburuetarako ilustrazioak. Horrez gain, aktore gisa, protagonista izan da Nora filmean, eta Azkuna zentroko Fatxada proiektuan ere parte hartu du.
Orain, La Dramatica Erranteren Yerma eta Altsasu antzezlanetako aktoreen artean dago; Maria Goirizelaiarekin batera sortutako konpainia bat da, eta harekin batera zuzentzen du Erriberriko Antzerki Jaialdia (Nafarroa).