«Idazle onak ez du ikusten umea txirristatik erori dela, besteak beste, burua libururen batean sartuta duelako», aipatzen du Katixa Agirre idazleak Amek ez dute (Elkar, 2018) liburuan. «Nork ez du idazle on bat izan nahi?», gehitu du Ane Labaka bertsolari eta idazleak, pasarte hori irakurri berritan. Izan ere, amatasuna du hizketagai, beste gai batzuen artean, bere estreinako poesia liburuan: Hezur berriak (Susa). Gaur aurkeztu du, Donostian.
Aurretik ere liburuak kaleratutakoa da Labaka: esaterako, Algara mutilatuak saiakera (Susa, 2021), Erradikalak antzerki liburua (Susa/Ehaze, 2022) —Beatriz Egizabalekin batera—, bai eta haur eta gazte literaturan ere. Oraingoan, ordea, poesian saiatzea erabaki du, bere esanetan, «kontu praktikoengatik»: ama izan da-eta orain gutxi.
Egileak azaldu duenez, lagun batek Jazmina Barrera idazle mexikarraren Linea negra (Laguna libros, 2022) liburua proposatu zionean sortu zitzaion Hezur berriak sortzeko ideia. Barreraren haurdunaldia, erditzea, eta erditze ostea azaltzen diren eguneroko moduan antolatuta dagoen saiakera bat da liburu hori. Oharrak hartzen hasi zen orduan idazlea, harik eta horiekin lan bat osatzeko aukera izan zuen arte: «Poz-pozik nago mugikorrean apuntatutako ohar putzua liburu bihurtzeko aukera izan dudalako», esan du.
Orotara 49 poemaz osatuta dago liburua. Leire Lopez Susako editorearen esanetan, «hitzaurre gisa» funtziona dezaketen lau poesia daude lehenik. Ondoren, bi zatitan banatuta daude testuak: Aurrea, Labakak haurra sabelean zuen bitartean idatzitakoekin; eta Ondoa, erditu osteko lehen bederatzi hilabeteetan jasotakoekin.
«Mundutik kanpo» sentitzea
Egileak argi utzi nahi izan du: «Ez da amatasunaren inguruko liburu bat». Ama izateak denboraren inguruan zuen pertzepzioa guztiz aldatu diola azaldu du —«bizi izan duenak badaki zein frenetikoa den garai hori»—. Are, pertzepzio aldaketa horrek munduaren kontra bizitzea eragin dio Labakari; «mundutik kanpo» dagoela sentitzea. Baina, hala ere, dena ez da txarra: «Mundua beste modu batera begiratzeko aukera eman dit horrek».
«Zintzo jardun nahi izan dut beldurraz, biolentziaz, erruaz, presio sozialez, pozaz, nekeaz... egiazko kontakizun bat sortzeko»ANE LABAKAIdazlea
Lopezek esan duenez, Labaka «bi putzuren artean» ibili da etengabe lan berrian: haurdun geratu nahia, eta baiezkoa jaso ostean izandako sustoa, ez zuelako hain garaiz espero; espazio propioa izateko nahia, eta umearekin duen lotura; norberaren espektatiben talkak, eta gizarteak ezartzen dituen espektatibenak; aitaren pausoei egindako txaloak, eta amarenak, berriz, geroz eta ikusezinagoak izatea... «Ahots poetikoaren bitartez, lehen izan nahi zuen pertsona izan nahi du idazleak; ez du ama huts bihurtu nahi». Hori dela eta ekin zion haurdun zela idazteari egileak, ez baitio hori egiteari utzi nahi. Labaka: «Idazten jarraitzeko egoskortasunaren emaitza da Hezur berriak».
Gorputza «era literario eta literalean» jarri du idazleak poema sorta prestatzerakoan. Halaber, amatasunaren inguruko askotariko ertzei ahalik eta egokien heldu nahi izan diela kontatu du: «Zintzo jardun nahi izan dut beldurraz, biolentziaz, erruaz, presio sozialez, pozaz, nekeaz... egiazko kontakizun bat sortzeko». Ederra den horren «lokatza» erakutsi nahi izan du Labakak, «lohi horietatik» ederra izan daitekeen zerbait sortzeko; «ederra, baina lokaztua».