Ane Gabarain eta Eneko Sagardoi saritu ditu Euskal Aktoreen Batasunak

Antzerkian, Olatz Ganboak, Kepa Errastik eta Leire Ormazabalek jaso dituzte lankideen Besarkada sariak. Ohorezko Saria, berriz, Golden Apple Quartet taldearentzat izan da.

Sarituek elkarrekin atera zuten argazkia, atzo, Bilbon. EUSKAL AKTOREEN BATASUNA
Sarituek elkarrekin atera zuten argazkia, atzo, Bilbon. AINHOA RESANO / EUSKAL AKTOREEN BATASUNA
Ainhoa Sarasola.
2024ko urriaren 3a
09:42
Entzun

Euskal Aktoreen Batasuna sindikatuko kideek Besarkada sarien bidez egiten diete aitortza urtero beren lankideek egindako lanari. Hogeigarren aldiz banatu zituzten sariok bart gauean, Bilboko Campos Eliseos antzokian egindako gala batean, eta Golden Apple Quartet taldeak irabazi zuen Ohorezko Saria. Ezin bestela, abestuz jaso zuten saria taldekideek, eta musika eta umorea uztartuz egin duten hiru hamarkada baino gehiagoko ibilbideari amaiera eman zioten horrela. 

Ohorezko Saria ez ezik, hainbat kategoriatakoak ere banatu zituzten. Zinemaren esparrukoei dagokienez, Ane Gabarainek jaso zuen emakumezko aktore onenaren saria, Estibaliz Urresolaren 20.000 erle espezie filmeko interpretazioagatik, eta Eneko Sagardoiri, berriz, gizonezko antzezle onenarena eman zioten, Paul Urkijoren Irati filmean egindako lanagatik. 

Antzerkiaren kategoriako sariek, bestalde, azken unera arte hainbat hautagai izan zituztela azaldu du sindikatuak, eta boto gutxiren aldearekin ebatzi zirela azkenean. Hala, Olatz Ganboak jaso zuen emakumezko aktore onenaren saria, Festen antzezlanean egindako lanagatik, eta Kepa Errastik eraman zuen gizonezko antzezle onenarena, Posdatarik gabeko gutunak obran egindako lanagatik. Leire Ormazabalek jaso zuen kategoria horretan errebelazio saria, Ramon Bareak zuzendutako Pio Barojaren La lucha por la vida eleberriaren egokitzapenean egindako lanagatik; obra horretan «interpretatu zituen pertsonaiei eman dizkien ñabarduren aniztasunagatik arrasto ezabaezina» utzi duela iritzi diote sindikatukideek.

Telebistaren arloan, Itziar Atienzak jaso zuen emakumezko aktore onenaren saria, Entrevías telesailean egindako lanagatik; eta gizonezko aktore onenarena, berriz, Gorka Otxoak eskuratu zuen, Machos Alfa telesailean egindakoagatik. Arlo berean, Errebelazio saria ere banatu zuten, eta Sambou Diabyri eman zioten, «ETBren Itsaso telesailean lan bikaina egin duen aktorea"; laster, Artedramaren Miñan antzezlanarekin oholtzetan izango da berriro.

Palestinari elkartasuna

Hodei Arrastoak eta Kepa Errastik gidatutako ekitaldian, umorea izan zen nagusi, baita «ikusgaitasun gutxiago izan duten antzezle eta aktoreen lanaren errekonozimendua» ere.

Palestinaren aldeko elkartasun mezuak ere entzun ziren antzokian; bere diskurtsoan, palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatu zuen Alizia Otxoa EABko idazkari nagusiak, eta gatazka amaitzeko eskatzen zuten pegatinak zituzten soinean sariketara joandako gehienek.

Amaieran, euskal aktoreen batasunaren aldeko mezua zabaldu zuten, eta «kolektiboak kultur eszena bizi, plural eta konprometitu baten eraikuntzan duen garrantzia» nabarmendu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.