'Ane' filma, lanik onenaren Goya sarirako hautagai

Beste lau izendapen ere eskuratu ditu David Perez Sañudoren filmak. Pablo Agueroren 'Akelarre'-k, berriz, bederatzi lortu ditu

Patricia Lopez Arnaiz aktorea, Ane filmaren eszena batean. BERRIA.
Ainhoa Sarasola.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Espainiako Zinema Akademiak Goya sarietarako aurtengo hautagaiak jakinarazi ditu: hainbat euskal ekoizpen, zinemagile eta aktore daude izendatuen artean. Horien artean, Pablo Aguero zinemagile argentinarrak zuzendutako Akelarre filmak eskuratu ditu hautagaitza gehien. Sorgin ehizari buruzko filmak bederatzi izendapen jaso ditu: besteak beste, emakumezko aktore protagonistarik onenaren kategoriakoa —Amaia Aberasturi—. Horrekin batera, argazki zuzendaritzaren, zuzendaritza artistikoaren, produkzio zuzendaritzaren, jantzien, makillaje eta ile apaintzearen, efektu berezien, soinuaren eta jatorrizko musikaren ataletan ere izendatu dute.

1609. urtean dago girotua filmaren kontakizuna, euskal kostaldeko herri batean. Neska gazteen talde bat eguneroko lanak egiten dabil; ezustean, soldaduak inkisizioaren epaile batekin agertu dira, eta sorginkeria leporatuko diete andreei. Euskal Herrian grabatu zuen filma Aguerok, eta euskaraz eta gazteleraz mintzo dira pertsonaiak. Hiru euskal ekoiztetxeren eta Argentinako, Bretainiako eta Parisko beste batzuen koprodukzioa da. Donostiako 68. Zinemaldian Sail Ofizialeko lehian izan zen filma, iaz.

Ane euskarazko filmak, berriz, bost izendapen eskuratu ditu: besteak beste, film onenaren sariaren kategoriakoa. Horrez gain, zuzendari berri onenaren —David Perez Sañudo—, emakumezko aktore protagonistarik onenaren —Patricia Lopez Arnaiz—, emakumezko aktore berri onenaren—Jone Laspiur— eta egokitutako gidoirik onenaren —Perez Sañudo eta Marina Pares— sarietarako ere izendatu dute. Zuzendari bilbotarraren lehen lan luzea da, eta desagertutako alaba baten bilaketa kontatzen du. Hau ere Zinemaldian estreinatu zuten iaz, Zuzendari Berriak sailean; Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zuen.

Sari banaketa, martxoan

Beste euskal zinemagile bat ere bada izendatuen artean: Juanma Bajo Ulloa zuzendari gasteiztarrak zuzendaritzarik onenaren sarirako hautagaitza eskuratu du, Baby filmari esker. Film beraren jatorrizko musikagatik, Bingen Mendizabalek ere lortu du izendapena kategoria horretan. Halaber, hautagaien artean da Ana Sernaren eta Paula Iglesiasen Solo son peces lana ere, dokumental labur onenaren kategorian.

Martxoaren 6an egingo dute sari banaketaren ekitaldia, Malagan (Espainia), «ezerk eragozten ez badu», eta modu «mugatu eta arduratsuan» egingo dute, Mariano Barroso Espainiako Zinema Akademiako presidenteak zehaztu duenez. Hala, sarietarako hautagaiak eta garaikurrak banatuko dituztenak baino ez dira izango ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.