Andy Fletcher teklatu jotzailea Depeche Mode pop talde ingelesaren sortzaileetako bat izan zen, eta orduz geroztik bandan izan da Martin Gore gitarristarekin eta David Gahan abeslariarekin batera. Hain zuzen ere, taldekideek samina adierazi dute lagunaren heriotzagatik.
Nottinghamen jaioa, Fletcherrek 1980an sortu zuen Depeche Mode Gahan, Gore eta Vince Clarkerekin batera. Hurrengo urtean Speak & Spell diskoa kaleratu zuten, eta synth-pop mugimendu berriaren talde arrakastatsuenetakoa bilakatu zen, besteak beste Just can’t get enough kantuari esker.
Lehen disko hura argitaratu ondoren, Clarkek —taldeko konpositore nagusiak— Depeche Mode utzi, eta Gahan, Gore eta Fletcherrek hartu zuten haren gidaritza. Hain zuzen ere, 80ko hamarkadan taldearen soinua eraldatu eta ilundu egin zuten, baina hori ez zen oztopo izan arrakasta handiko kantu eta diskoak grabatzeko. Horien artean, Music For The Masses (1987) eta Violator (1989) diskoetakoak.