Andreek hartutako museoa

Bilboko Guggenheim museoak zortzi erakusketa antolatuko ditu 2021ean. Emakumezko artistek «protagonismoa» izango dute aurten: haien lanez soilik osatuko dira udazkeneko erakusketak

Juan Ignacio Bidarte zuzendaria —ezkerrean— eta komisarioak atzo, programazioa aurkezten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Aurrekontua iazkoarekin alderatuta %20 jaitsi bada ere, Bilboko Guggenheim museoak aurreko urteetako «anbizio, asmo eta bikaintasun» berarekin ekingo dio 2021ari, Juan Ignacio Bidarte zuzendariaren hitzetan. Zortzi izango dira guztira aurten egingo dituzten erakusketak, eta bilduma iraunkorrak nahiz epe luzerako mailegatutako obrak funtsezkoak izango dira. Gainera, programazioak andreen «presentzia nabarmena» izango duela aurreratu du Bidartek: «Udazkeneko eskaintza osoa emakumezko artistekin bete dugu». Erakusketok hizpide izango dituzte, besteak beste, aldaketa betean dauden tokietan sortutako adierazpen artistikoak edota gorputzaren mugimenduak.

Oroz gain, «oreka» izan du jomuga programazioak, Bidarteren hitzetan: batetik, erakusketek jorratuko duten denbora tartearengatik, XIX. mende bukaerako eta XX. mendearen erdialdeko obrak ikusi ahal izango baitira, baita ekoizpen garaikideak ere; eta, bestetik, eskaintzaren maila urte osoan mantentzeaz arduratu direlako. Programazioa «askotarikoa» dela ziurtatu du zuzendariak, artista kopuruari eta euskarriei dagokienez, eta horien arteko «justaposizioak» lortzea izan dute xede: «Urteko lehen zatian dauden lehenengo bi erakusketek atzera begiratzen dute; bigarren zatia, berriz, emakumezko artistengan oinarrituko da».

BILBO ETA PINTURA
01/29-08/29

Aurtengo lehen erakusketak XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako Bilbo agertuko du, tarte horretan bertan aritu ziren artisten muralen bitartez. Kosme Barañano bilbotarra arituko da komisario lanetan, eta Petra Joosek lagunduko dio zeregin horretan. Joosen hitzetan, bildutako muralek «Bilbok ordurako zuen nazioarteko izaera nabarmentzen dute», eta azpimarratu du garai hartan «ohikoa» zela bertako artistek nazioarteko proiekzioa izatea. Zenbait klasetako pertsonak batera agertzen dira obretan, eta irudiak egin zituzten orobat burgesek bisitatzen zituzten terrazekin, baita landa eremuan edo itsasoan aritzen ziren herritarrekin ere. «Garrantzia bera zuten», Joosen iritziz. Artista bilbotar asko mugaz gaindi ere aritu ziren, eta nazioartean garatzen ari ziren mugimendu artistiko batzuk ekarri zituzten; besteak beste, espresionismoa.

ALEX REYNOLDS
02/19-06/13

Film & Video programaren barruan garatuko diren hiru erakusketetako lehena izango da Alex Reynoldsen Bada lege bat, esku bat, abesti bat obra. Manuel Cirauqui komisarioak azaldu duenez, bi giltzarri ditu lanak: «Batetik, euskarri hauen historiari dagozkion gaiak azpimarratu nahi ditu, eta, bestetik, baita gaur egungo gizarteko galdera behinenak ere». Dantzaren bitartez hausnartzen du artistak gai horien inguruan, eta euskarria «transzenditzea» du xede, komisarioaren hitzetan. «Artistaren eta ikuslearen gorputzek kolaboratu dezaten pantailatik kanpo, egoeraz harago doan kontaktua lortzeko. Espazioa ez dadin pantailara mugatu».

URTE EROAK
05/07-09/19

Bi mundu gerren tarteko garaiari begiratuko dio Urte eroak: 1920ko hamarkada erakusketak. Petra Joos komisarioak «interesgarriak» deritze urte horiei, «duela 30 urte asmatuak direla uste den gaiak» garatu zirelako: alegia, «dantzak, feminismoa, gorputzaren pertzepzio berriak eta askatasun sexuala», besteak beste. Artistikoki ere «aurrerapauso garrantzitsuak» eman ziren urte horietan, Joosek aletu bezala: hala nola arkitekturan, altzarigintzan eta modan berrikuntzak izan ziren. Erakusketak zazpi atal izango ditu, jorratuko den gai bakoitzeko bat.

ASMAMENAREN ILDOA
06/11-2022/02/06

Guggenheimeko bilduma propioko obretara eta epe luzerako maileguetara jo dute hurrengo erakusketa ontzeko. Umorea, asmamena eta esperimentazioa dira lanak lotuko dituzten gakoak, Lekha Hileman Waitoller komisarioak azaldu bezala. «Prozesu ez oso ortodoxoak, gizakia irudikatzeko forma ezohikoak, eta teknika moldatuak» ageri dira aukeraketan, haren hitzetan. Besteak beste, Yoko Ono artistaren mihise bilduma bat ikusteko aukera egongo da, Guggenheimen bertan egin zituenak.

TXIMISTA DANTZA
06/24-09/26

Film & Video programaren bigarren lana izango da Cecilia Bengolearena. «Koreografia eta bideo artea» uztartzen ditu artistak lan horretan, Cirauqui komisarioak azaldu duenez; zehazki, Jamaikako dancehall dantza motaren inguruan egindako ikerketen harira ondutako obra da. «Erritu gisako jardueren gordailua da dantza mota hori. Millennial kultura eta gai arkaikoak nahasten ditu. Bengolearen obrak bizitasuna kutsatzea du helburu», adierazi du komisarioak.

PEOPLE COME FIRST
09/17-2022/01/23

Alice Neel artista estatubatuarraren estatuko lehen atzera begirakoa hartuko du museoak udazkenean. 70 urteko ibilbidea izan zuen Neelek, baina, halere, kostata lortu zuen AEBez gaindiko oihartzuna, Lucia Agirre komisarioak adierazi duenez. Neelek erretratuak jorratu zituen bereziki, baina «bide bat baino ez ziren izan pertsonen arima erakutsi ahal izateko», Agirreren ustez. Bere garaiko kultur joeren kontrakarrean egin zuen lan, eta amatasuna eta AEBetako depresioa izan zituen hizpide, besteak beste. Guggenheimen Neelen obra oparoaren ia 100 lagin ikusi ahal izango dira, artistaren ibilbidea osorik aurkeztuko dutenak.

SHARON LOCKHART
10/07-2022/02/22

Film & Video programaren urteko hirugarren eta azken instalazioa izango da Lockharten Noa Eshkolen mugimendu errotazioa. Honek ere gorputzaren mugimendua izan du lanaren lehengai, eta Noa Eshkol koreografo, teorialari eta ikertzaile israeldarraren lanetan oinarritu da obra ontzeko. Programako aurreko bi instalazioak bezala, Cirauqui arduratu da hartaz ere. «Eshkol aitzindaria izan zen gorputzaren mugimenduaren ia modalitate guztiak erregistratzeko gai den idazketa sistema batera transkribatzen giza keinuak», azaldu du. Sistema horren aplikazioak ikusgai egongo dira udazkenetik aurrera.

ABSTRAKZIOGILEAK
10/22-2022/02/27

1860ko hamarkadatik 1980kora abstrakzioa jorratu zuten emakumezko artisten lanen aukeraketa bat eskainiko du museoak Emakumeak abstrakziogile erakusketan. Sortzaile «ezagun zein ezezagunen» lanak bilduko ditu, Waitoller komisarioak azaldu duenez, eta hainbat korronte artistiko islatuko dira obretan. «Abstrakzioaren historiari begirada berri bat ematea» izango du helburu erakusketak. Obra piktorikoez gain, abstrakzioaz diharduten testu sorta bat ere kontsultatu ahal izango da erakusketan, «batez ere, 1970eko hamarkadako testu feministak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.