Andreak erdigunean

Zinemakumeak jaialdia egingo dute hilaren 16tik 31ra, Bilbon. 28. aldia izango da, eta Silvia Muntek jasoko du Simone de Beauvoir saria

Olatz Enzunza Mallona.
Bilbo
2023ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Alice Guy (Paris, 1873-New Jersey, AEB, 1968) zinema narratiboaren emakumezko lehen zuzendaria omenduko dute aurten Zinemakumeak Gara jaialdiaren 28. aldian. Hilaren 16tik 31ra bitarte egingo dute, eta proiekzioak, tailerrak, mahai inguruak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu dituzte Bilboko hainbat tokitan. Handik astebetera, Basaurira, Portugaletera eta Bermeora (Bizkaia) hedatuko da jaialdia.

Nazioarteko zinemaldietan emandako edota saritutako bederatzi film proiektatuko dituzte denera: Las buenas compañías (Silvia Munt), Blue Black Permanent (Margaret Tait), Diabolo Menthe (Diane Kurys), The Bride (Myriam U. Birata), Totem (Lila Aviles), Tiger Stripes (Amanda Nell Eu), El proxeneta. Paso corto, mala leche (Mabel Lozano), La chimera (Alice Rohrwacher) eta La imatge permanent (Laura Ferres). Horiez gainera, Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa animaziozko filma ere proiektatuko dute, 27an.

Hilaren 19an, bestalde, bost film labur emango dituzte Bilbo Arten: Alegre y olé (Clara Santaolaya), Anatomía dunha serea (Adriana Paramo), Harta (Julia de Paz), Hondarrak (Paula Iglesias eta Marta Gomez) eta La loca y elfeminista (Sandra Gallego).

Bestelako jarduerak

Jaialdia 16an hasiko bada ere, hilaren 26an egingo dute inaugurazio ekitaldia, BBK Salan. Simone de Beauvoir saria ere orduan banatuko dute. Aurten, Silvia Munt aktore eta zuzendari kataluniarrak jasoko du.

Zinema emanaldiak ez ezik, bestelako ekintzak ere izango dira. Esaterako, bi hitzaldi egingo dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietan: Alice guztiak eta Zineaz hitz egiten. Urriaren 30erako, mahai inguru bat antolatu dute: Sexu indarkerien aurkako psikologia. Prostituzioa eta sexu esplotaziorako gizaki salerosketa. Eta urriaren 23an, 24an eta 25ean, Léelas como una chica (genero-ikuspegia duen analisi zinematografiko bat) tailerra egingo dute.

Jaialdiaren egunetan, gainera, Indómitas: una genealogía de mujeres cineastas erakusketa jarriko dute Indautxuko metro geltokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.