Andrea Camilleri eta Ala al Asuani idazleen lan bana itzuli du Igelak

Italiarraren 'Hilabete bat Montalbanorekin' eta egiptoarraren 'Jakobian eraikina' kaleratu dituzte

Rey, Royo eta Olarra, atzoko aurkezpenean, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARP.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Durangoko Azokaren atarian, Igela argitaletxeak bi eleberriren itzulpenak gehitu dizkio berriki aurkeztu dituen beste hirurei: Andrea Camilleri italiarraren Hilabete bat Montalbanorekin eta Ala Al Asuani egiptoarraren Jakobian eraikina. Fernando Reyk itzuli du Camilleriren liburua; Al Asuanirena, berriz, Xabier Olarrak eta Arantzazu Royok.

1994an hasi zen Camilleri Montalbano komisarioaren inguruko istorioak idazten, eta, geroztik, gutxienez hari eskainitako lan bat kaleratu du urtean. Reyk itzuli berri duena kontakizun laburrez osatutako liburua da, eta komisarioaren 30 kasuren berri ematen du, kasu bat egun bakoitzeko. Reyren ustetan, «kasu horien bitartez Siziliaren argazkia erakusten digu idazleak, ironia finez eta errukirako ahalmenez».

Manuel Vazquez Montalban Kataluniako idazleari zor dio izena komisarioak, Camillerik sekulako miresmena baitzion. Honela deskribatzen du Reyk: «Pertsona bitxia, fatalista, hiztun paregabea, ikasia, zorrotza, irakurle porrokatua, sukaldari ona eta Sizilia bere lurra asko maite duen pertsona da». Estatuko Poliziaren ordezkari gisa, ez du arazorik izango legeak urratzeko, betiere kasuak argitzeko baliagarria bada.

Kulturaz eta historiaz ere hornitzen du istorioa Camillerik. Italiako literatura garaikidean «hutsune endemikoa» bete duela diote aditu askok haren inguruan. Bada, gainera, oso bere duen ezaugarri bat ere. «Italiera estandarretik asko aldentzen den hizkera dauka, oso dialekto berezia», dio Reyk. Horrek zer pentsatua eman dio itzulpena egiterakoan, eta, azkenean, «ukitu nafarra duen euskara zentral samar baten alde egitea» erabaki du.

Al Asuaniren salaketa

Jakobian eraikina eleberria Golkoko gerraren erdigunean kokatzen da, 1990. urtearen inguruan. Garai hartako gizartean sortu ziren gatazka eta mugimenduak islatzen ditu; bide batez, gaur egungo Egipto ere ezagutzera ematen du. Eleberri errealista da; hala ere, bada den bezalakoa agertzen ez den zerbait: eraikina bera. «Al Asuanik berak dio nobelan azaltzen den eraikinaerabat imajinarioa dela», azaldu du Xabier Olarrak. Jakobian eraikina, ordea, existitzen da, historikoa da, eta Tahrir plazatik gertudago. «Eraikin horretan azaltzen da Egiptoko gizartearen bilakaera nolakoa izan den azken 75 urteetan. Ikusten da zer zen eraikina sortu zenean, eta 1952an iraultza etorri zenean horrek izan zuen bilakaera».

Salaketa egiten du Al Asuanik eleberri horretan, eta hainbat aditu harrituta agertu dira eleberria debekatu ez dutelako. Berak honela erantzuten du: «Botereak zera dio: 'Hitz egin dezatela, baina egin guk egingo dugu'. Guk ideiak botatzen ditugu, baina beraiek berean jarraitzen dute». Hosni Mubarak presidentearen erregimena aldatzeko eskatzen zuen Al Asuanik, eta, horrekin, demokrazia. Kifaia mugimendua ere sortu zuen, hau da, aldaketaren aldeko mugimendua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.