Andrazko sortzaileen lanak izango ditu ardatz aurtengo LABO XL jaialdiak

Azaroaren 16tik 19ra egingo da festibalaren bosgarren aldia, Donostian. Dantza eta zirku ikuskizunak izango dira ikusgai, besteak beste

Ana Barrantes LABO XL jaialdiaren ekoizpen burua eta Jon Estala zuzendaria, atzo, Donostiako Tabakaleran. JON URBE / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Orain bost urte ekin zion bere bideari LABO XL Donostiako espazio eta hizkuntza eszeniko berrien jaialdiak. Sorkuntza prozesuak ezagutaraztea, ikuskizunak plazaratzea eta ikusleak arte eszenikoen mundura hurbiltzea izan du helburu hastapenetatik. Dantzaz, performancez, antzerki garaikidez eta bestelako jardueraz osatutako programazioa antolatu dute azaroaren 16tik 19ra bitartean emateko, Donostiako Egia auzoko hainbat tokitan.

Aurrekoetan bezala, «gorputza eta mugimendua sorkuntzaren ardatz nagusi gisa erabiltzen dituzten adierazpen artistikoetan» jarriko dute arreta festibalaren bosgarren aldian ere, Jon Estala jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez. Hemeretzi ikuskizun, bi hitzaldi, topaketa profesional bat eta dantza tailer bat izango dira denera. Antolatzaileek iragarri dute euskal konpainiek eta euskarazko lanek «presentzia nabarmena» izango dutela programazioaren barruan. Gainera, andrazko sortzaileen lana erakusteko plaza gisa ere baliatu nahi dute aurtengo aldia: «Emakume sortzaileen lanak izango dira eremu eszeniko guztietan: zuzendaritzan, ekoizle lanetan eta teknikari lanetan», jakinarazi du Estalak.

Emakumezkoa da aurtengo karteleko protagonista ere: Ainhoa Usandizaga dantzaria. Hain zuzen ere, hark izango da irekiko du jaialdia inaugurazio egunean, Bihar lanarekin. «Erabateko estreinaldia izango da», zehaztu du Estalak. 12:00etan hasiko da inaugurazio ekitaldia, eta 12:30ean emango du Usandizagak bere lana. Hainbat dantza erakustaldi izango dira arratsalde horretan bertan: Eva Comesañaren Perder a lingua, Rebeca Carreraren Señora eta Julio Ruizen Tocar a un hombre. Amahiru konpainiak antzezlan bat taularatuko du: Duzhe gaizki.

Biharamunean, berriz, ostiralarekin, bost dantza emanaldi izango dira ikusgai: Node konpainiaren Ama badok eta Batu, Marc Fernandezen eta Julio Leonen (ÍOR), Funa konpainiaren Room 22, Ana Cotoreren Stage diving eta Bilaka kolektiboaren Mitologia txikiak lanaren estreinaldia. Larunbatean ere bost dantza emanaldi ikusi ahal izango dira: Traversee taldearen Komunikazio inkomunikazioa, Mari Paularen Escambo, Glovo kolektiboaren Xenérica eta Las Palomasen ¿Qué?. Antzezlan baten estreinaldia ere izango da egun horretan: Traspasarte taldearen Máxima Starr. Azken egunean, bi dantza erakustaldi izango dira: X konpainiaren Eta orain zer? eta Troika kolektiboaren See saw. Rojo Telon taldeak, gainera, Transir zirku ikuskizuna emango du egun horretan.

Negozioetarako txokoa

Jaialdiak iaz abian jarri zuen Bileratxoak proiektua ere gehitu dio aurtengo egitarauari. Artistentzat eta programatzaileentzat prestatutako txokoari deitu diote hala. Estala: «Negoziorako mahai irisgarriak eta hurbilak sortuko ditugu, negozioetarako tarte hori modu lasai eta seguruan egin dadin».

Artisten eta programatzaileen arteko aurrez aurreko komunikazioa sustatzea du helburu proiektu horrek. Hain justu, azaroaren 17an egongo da horretarako tartea, Tabakaleran, 10:00etatik 12:00etara bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.