Andoni Rekondo eta Amaia Iturriotz zuzenean sailkatu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetarako

Larunbatean Urretxun 496,5 puntu jasota gailendu da Rekondo, eta igandean Lasarten 490,5 punturekin Iturriotz. Asteburuan izango dira hurrengo final zortzirenetako saioak: Lazkaon larunbatean, eta Elgoibarren igandean.

Amaia Iturriotz Etxaniz bertsolaria, Lasarte-Orian egindako bertso saioan. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Amaia Iturriotz Etxaniz bertsolaria, Lasarte-Orian egindako bertso saioan. GIPUZKOAKO BERTSOZALE ELKARTEA
Inigo Astiz
2024ko irailaren 16a
11:30
Entzun

Udaberriko lehen sailkapen fasearen ostean, eta udako atsedenaldiaren ondoren, asteburu honetan hasi dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenak. Eta ezagun dira, beraz, final-laurdenetarako zuzenean sailkatutako lehen bi bertsolarien izenak ere.

Larunbatean Urretxun egin zuten lehen saioa, eta Andoni Rekondo gailendu zen. 496,5 puntu lortu zituen. Haren ondoren sailkatu ziren Unai Mendizabal (489,5 puntu), Jon Gurrutxaga (451,5), Mikel Iturriotz (450,5), Ane Zuazubiskar (444,5) eta Antton Aizpurua (428,5).

Atzo, Lasarte-Oriako Manuel Lekuonan egin zuten saioa, eta Amaia Iturriotz Etxaniz gailendu zen, 490,5 puntu lortuta. Aner Peritz Manterolak 470 puntu bildu zituen, Oier Etxeberriak 467, Manu Goioganak 466,5. Iñigo Mantzisidorrek 460,5 eta Aitor Zubikaraik 442.

Udaberrian hasitako lehen sailkapen faseko 34 bertsolari arituko dira orain final-zortzirenetan kantuan. Eta, haiekin batera, 2019ko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetarako sailkatutako zortzi bertsolari ere ari dira parte hartzen.

Lehen bi kantaldien ostean, hurrengo asteburuan izango dira hurrengo final-zortzirenetako bi saioak. Lazkaon izango da lehena, larunbatean, Areria aretoan, eta ondorengo sei bertsolariak arituko dira kantuan bertan: Beñat Iguaran, Gorka Maiz, Iban Urdangarin, Iñigo Gorostazu, Julen Zulaika eta Oihana Arana.

Elgoibarren izango da igandeko saioa, herriko antzokian, eta bertan Eli Pagola, Eneko Araiztegi, Iñaki Apalategi, Libe Goenaga, Unai Izagirre eta Uxue Fernandez izango dira oholtzan.

Donostiako finalerantz

Beste bost saio gehiago izango ditu final-laurdenen faseak. Emanaldi horietako bakoitzean puntu gehien lortu dituen bertsolaria zuzenean sailkatuko da final laurdenetarako, eta puntuazioaren arabera erabakiko dira beste hamazazpi sailkatuak. Eta, horiez gainera, final-laurdenetan hasiko dute txapelketa 2019ko Txapelketan finalean izan ziren sei bertsolariek: Agin Laburuk, Alaia Martinek, Beñat Gaztelumendik, Ane Labakak, Oihana Iguaranek eta Nerea Elustondok.

Bost finalaurreko saio izango dira. Urriaren 19an izango da lehena, eta azaroaren 3a azkena. Finalaurrekoak azaroaren 17an hasiko dira, eta, azkenik, abenduaren 14an izango da finala, Donostiako Ilunben. Aurten, txapeldun nagusiarekin batera, 25 urtez azpiko bertsolaririk onena ere sarituko dute.

Saio guztietarako sarrerak bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.